Urte berri on! Hara zer errepikatzen eta sinesten dugun urtarril guziz guretako, gure ingurukoendako eta denendako azkenean! Nahiz bakotxa gure xilkotik hurbil egon gehienetan, ohartzen gira auzoa ez bada ongi, guhaur ere ez girela luzaz ongi izaiten ahal… Nahiz begiak hesten badakigun, noizbait bestearen gaizki izaiteak hunkitzen gaitu. Murruak eraikirik ere bestearen oihua, usaina entzuten eta senditzen dugu.
Beti harrigarria atzeman dut entzutea dirudun batzuek, beren etxeetan «aterbe atomikoak» egin dituztela. Zertarako ote? Eman dezagun zapartatze nuklear bat gertatzen dela, denak suntsitzen eta kontaminatzen dituela. Zure aterbean babesten zira, zonbait denbora goaitatzen duzu eta ateratzen zira… Zer egiten duzu? Besteak hilak dira, bazterrak fundituak dira. Zer balio du orduan bizitzeak? Izanen dea ere bizitzeko molderik? Beraz bakotxaren aterbeak ez du deusetako balio. Nuklearra da ez erabili behar… Orokorki… Denendako!
Ikusten da ere, beroketa klimatikoa eta kutsaduraren inguruan diren ihardokitzeetan:
bio jatea ez dela aski… Nun ekoiztua den ikusi behar dela ere… zeren guretako on dela jakitea bat da, zer ondorio duen orokorki ikusi behar da. Hor ere berdin da: zer balio du gorputzez eta osagarriz ongi izaitea lurra xehatzen baldin badugu?
Orohar dena hortan da: begiradaren zabaltzean, elkartasunean…
Bertold Bretch-en poemak zion:
«Denok ala iñor ez»: sekulan baino egiagoa dena eta betiko…
Segitzen zuen: «Dena ala ezer ez» : hori ikusi behar… menturaz negozia daiteke…
Artikuluak / Klixka / Tartaro