Gorka Julio, informatikaria, Talaios kooperatibako kidea da. Komunikazioan eta teknologia sozial eta libreetan aditua. Ekonomia Sozial Eraldatzailearen sustapen eta zerbitzu teknologikoen arloan zubi lanean aritzen da. Ekainaren 22 eta 23an, Ethnopôle-k Baionan antolatun zuen “Amankomunak: baliabide partekatuak. Zer nolako erronkak lurraldearentzat?” kolokioan parte hartu zuen “Amankomunak, beste gobernantza mota bat?” atalean. Jarraian, kolokioan egin zuen “Teknologia burujabetza eta amankomun berriak” lekukotasunaren zenbait zati atzemanen dituzue “Burujabetza teknologikoa” Gorka Julioren hausnarketa artikulutik hartuak.
Gorotz artean loreak jaiotzen diren moduan, krisi ekologiko, ekonomiko, sozial eta kultural baten erdian burujabetzaren paradigmari teknologiaren alorretik heldu nahi diotenen bandokoak gara gu. Kontsumo neurrigabe eta jasanezinaren eta baliabide natural eta teknologikoen erabilera zentzugabearen aurrean, denontzat jendarte justuago bat eraikitzeko baliabide teknologikoak erabili nahi ditugunen bandokoak, hain zuzen ere.
Arazoen aurrean, soluzioa teknologikoa bakarrik izatea ezinezkoa dela ikusten dugunen bandokoak ere bagara. Cyberpunk distopietan irakurtzen genuen barbarie tekno- kapitalista gure begi aurrean gorpuzten ikusten dugu, badakigu, zientzia fikzio nobelatan irakurri genuelako, soluziorik badago erabateko eraldaketa batetik etorri behar duela; egoera politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalei aditu gabe ezinezkoa dena.
Teknologia zehatz batzuek, beren horretan, askatasuna ekarriko digutela pentsatzen dutenen edota tekno-kapitalisten, edozein sistemaren arazo konpontzeko soluzio teknologiko bat asmatzearekin nahikoa dela diotenen aurka gaude tekno-optimistak (batzuek tekno-utopista izendatzen dituzte, baina irudimena lapurtu nahi diguten garaiotan, utopia guretzako aldarrikatu behar dugu).
Teknologiak eraldaketa prozesuen katalizatzaile
Teknologikoa bakarrik ez bada soluzioa, teknologikoa ere badela nabarmendu nahi dugu. Teknologiak edozein prozesu eta bereziki eraldaketa prozesuen katalizatzaile garrantzitsuenetakoak dira. Iraultza guztien ondoan, teknologia berri bat (bereziki energia eta komunikazioari lotutako teknologiak) edo erabilpen berri bat eman ohi da. Zenbait teknologiak eta haien erabilerak askatasunera gerturatzen gaituztela diogu guk. Momentu zailak bizi ditugu, Interneten berezko izaera askatzailean sinistu genuenak, ideia hori eraisten ari dela ikusten ari gara. Komunen esparru ia naturala zirudiena (eta oraindik hein handi batean dena) suntsitzeko ahaleginak etengabekoak dira. Historia amaigabean bezala “Ezereza” guregana iristen ari da eta oraindik ez dugu dena berregituratzen hasteko esaldia topatu.
Teknologikoa bakarrik ez bada soluzioa, teknologikoa ere badela nabarmendu nahi dugu. Teknologiak edozein prozesu eta bereziki eraldaketa prozesuen katalizatzaile garrantzitsuenetakoak dira. Iraultza guztien ondoan, teknologia berri bat (bereziki energia eta komunikazioari lotutako teknologiak) edo erabilpen berri bat eman ohi da.
Hainbat motako erasoak
Hainbat motako erasoak jasaten ari gara:
Internet sare globalaren estatalizazioa, batetik. Maila globaleko komunikazio esparru banatu eta unibertsala zen hori estatuen mailako kontrol politika murritzaileen esku erortzen ari da.
Herritarren gehiengoaren aldeko apustua egingo balitz, ez litzateke txarra, baina eskubideak murrizten ari dira eta enpresa pribatuen interesen araberakoa izaten ari da. Errusia eta Txina beren sare ia osoa kontrolpean izateko bidean dira, adibidez.
Interneteko neutraltasunaren aurka ere jotzen ari dira. Telebistarekin egin zutena egin nahi dute Interneten ere: zerbitzuen eskaintza paketizatu. Muga jada ez da konexio abiadura izango, zenbait datu lehenetsiko dira eta beste batzuk ez. Ordaintzen duzunaren arabera zerbitzu batzuk erabili ahal izango dituzu edo ez. AEBetan neutraltasunaren aldeko legedia bertan behera uzteko lehen tramiteak egin dituzte jada.
Militarizazio nabarmen bat ere ematen ari da. Segurtasuna aitzakia hartuta, defentsarako mekanismoez gain, erasorako tresna teknologikoak garatzen ari dira estatuak. Gehienek beren armategien parte dituzte jendartearengan min izugarria egin dezaketen tresnak. Israelek eta AEBek Iranen proiektu nuklearrak oztopatzeko sortutako Stuxnet tresna bezalakoek, adibidez, izugarrizko kalteak eragin ditzakete jendartean. Eremu pribatuari begiratuz gero, egoera ez da hobea. Korporazio handi gutxi batzuek menderatzen dute gure bizitza. GAFAM Google, Amazon, Facebook, Apple eta Microsoft akronimoaren atzean gure bizitza digitalen gaineko kontrol handiena duten enpresak biltzen dira.
Erdi aro digital batean bezala, beren interesak defendatu eta beren esparruan ahalik eta kontrol gehien eskuratzeko helburua dute, gure datuak baliatuz. Duten eragina ulertzeko, korporazio hauek, ia estatuek bakarrik, aberastasuna lortu ahal izateko mekanismoak garatzen ari direla hartu behar dugu kontuan; adibidez, beharko dituen kobalto erreserbak mehatzeekin zuzenean negoziatzen hasi da Apple.
Honek noski, pribatutasun arazo larriak dakartza. Gure grafo sozialarekin, gure hartu- emanen traza osoaren jabe izanik, kontrol izugarria eskura daiteke. Facebook-en milioika pertsonaren datuen ihesak eta horren erabilerak ongi erakusten du enpresa horien barruan ezkutatzen dena. Bi munduak, eremu pribatuko korporazioen eta estatuen artean uztarketa ematen den kasuetan, beldurgarria izatera iristen da. Ezagutu ditzakegun kasu nabarienak Txinarena eta AEBena dira, baina leku gehienetan ematen ari den joera da hau.
Sormena eta irudimena baliatzeko garaia
Hau dena gutxi balitz, kognizio krisi bati buruz ere hitz egiten dute zenbaitzuek. Zenbait datuk irakurketari lotutako ulermen maila jaisten ari dela diote. Beste batzuek, irudimenean eta sormenean eragina izaten ari diren teknologiak ere nabarmentzen dituzte. Atentzio asko eta segmentatua patroi bihurtu da zenbait teknologiatan, bereziki sakelako aplikazioei lotutakoetan. Honek etorkizunari begira jartzeko, pentsamendu sakona lantzeko, sormena eta irudimena baliatzeko garaian, epe luzeko eragin negatiboa izan dezake gure jendartean.
Honen guztiaren aurrean, burujabetza teknologikoa eskuratzeko prozesuak martxan jartzean datza gure proposamena. Prozesua inoiz amaituko ez den bidea izanik, dimentsio indibidual, komunitario eta kolektiboagoak dituen lanketa bat da, beste hainbatekin batera eman behar dela ere ulertzen dugulako. Aurretik aipatutako faktore guztiei begiratu gabe eta horietan irekitako prozesu askatzaileekin bat egin gabe ezinezkoa zaigulako aurrera egitea.
Herriek eta komunitateek teknologia eta teknologien ekoizpena kontrolatzen
Baina, zertaz ari gara Burujabetza Teknologikoaz ari garenean? Seguruenik definizio zehatz bat eman beharrean, elikadura burujabetzaren alorrean Via Campesinak burujabetza definitzeko erabilitako definizioa oinarri hartu liteke, berau apur bat aldatuz: « Burujabetza teknologikoa herriek, komunitateek eta herrialdeek, nork bere ezaugarrien arabera, modu ekologikoki, sozialki, ekonomikoki eta kulturalki egokiak erabiliz, beren sistema eragile, software, hardware, sare eta azpiegitura politika propioak definitzeko eskubidea dute. Teknologia eduki eta ekoizteko eskubidea bere baitan hartzen du, alegia, jende guztiak dauka teknologia seguru, bizigarri eta kulturalki egokia, eta teknologia ekoizteko baliabideak izateko eskubidea, eta nork bere burua eta bere gizartea modu iraunkorrean eustekoa. Teknologia burujabetzak esan nahi du herriek eta komunitateek nagusitasuna dutela merkataritza auzien gainetik teknologia eta teknologien ekoizpena kontrolatzeko ».
Antzeko gertatuko litzateke, ondoren Malin aprobatutakoarekin ere: elikadura teknologiagatik eta nekazariak garatzaileengatik aldatuko bagenitu. Elikadura burujabetza sostengatuko duten talde eta mugimendu zabalak dauden bitartean, orain arte, burujabetza teknologikoaren beharra azaleratu duten komunitateek ez dute behar hau sozializatzeko hainbeste indarrik izan.
Arrazoi ezberdinak egon daitezke horretarako: botere asimetria itzelak, baliabide egokien falta, teknikari eransten zaion arroztasuna, itxitasun eta botere harremanak zenbait taldetan…
Komunitatea ez da gune idiliko bat, jendartean eragiten duten faktore berdinek eragiten dute komunitate askoren barnean ere, hori da haren ahulguneetako bat. Hori bai, komunitateek kultura askatzaile eta parekide propioa sortzen badute, faktore horiei aurre egitea lortuz, askatasunaren hedatzaile bihurtzen dira. Komunitate horiei buruz ari gara, ez beste ezeri buruz.
Arazoak arazo, komunitate horiek izan dira burujabetza teknologikorako aukera honaino ekarri dutenak: hacker komunitateek, teknologiari lotutako espazio komunitarioek, software eta hardware libre mugimenduetako taldeek, eduki eta kultura librearen inguruko antolakundeek, erabiltzaile talde librezaleek… irakaspen asko dituzte denontzako. Ezin uka mugimendu hauen eragin zuzena, azken aldian komunen inguruan irekitako eztabaida ildo anitzetan, adibidez.
Erakundeetan, legedian, baliabide publikoetan… eragitea lortu
(…) burujabetza teknologikoaren bidea urratzen hasiak gara arlo komunitario-kooperatibotik; albiste bikaina dudarik gabe. Hala ere, kontziente izan behar dugu burujabetza teknologikoaren bidez garatzen duguna finkatzeko beste hainbat faktore, aliantza eta erakundetze maila ere beharko direla. Eztabaidarako gaia bada ere, burujabetza teknologikoaren alorrean interesa dugunok, erakundeetan, legedian, baliabide publikoetan… eragitea lortu behar dugu. Beharrak asko dira, batzuk aipatzearren:
Burujabetza teknologikoan dihardutenen lana errekonozitu, baliabidez hornitu eta sostengatuko duten erakundeen laguntza.
Oinarrizko azpiegiturak herritarren eskuragarri jarri, eta hauen erabilera publiko eta komunitarioak ahalbidetzen dituzten marko juridikoak ezartzea.
Teknologiari lotutako ezagutzak eta oinarrizko zerbitzuak unibertsaltasun irizpideen arabera ziurtatuko dituzten dispositiboak ere beharko ditugu.
Burujabetza teknologikoan sakontzeko, eta teknologiaren esparruan jaun da jabe diren korporazioen aurrean negoziatu eta gure ibilbidea defendatuko duten mekanismo instituzionalak ere bai.
Burujabetza galdu gabe aurrerapausoak emateko, irudimena izango da tresna garrantzitsuena.