Burujabetza Euskal Herriarentzat

PrintFriendly and PDF
.

Milesker egun, “Burujabetza Euskal Herriarentzat” lelopean Azkainen mobilizatu zareten ezkertiar eta abertzale guziei. Erakutsi dugu hemen herri bat badela, zutik eta bizirik eta bere etorkizuneko erronkei heltzeko gaitasunarekin. #AberriEguna2022 – Klika hemen bideo-bildumaren ikusteko.

Igandean, apirilaren 17an, 1200 ezkertiar eta abertzale mobilizatu dira Azkainen“Burujabetza Euskal Herriarentzat” lelopean. Beste behin erakutsi da hemen herri bat badela, zutik eta bizirik eta bere etorkizuneko erronkei heltzeko gaitasunarekin.

Milesker egun, “Burujabetza Euskal Herriarentzat” lelopean Azkainen mobilizatu zareten ezkertiar eta abertzale guziei! Bi urteren ondotik, elkartzeko momentua genuen aurtengo Aberri Egunean. Iruñean zein Azkainen erakutsi dugu hemen herri bat badela, zutik eta bizirik eta bere etorkizuneko erronkei heltzeko gaitasunarekin.

Covid-19ak eragindako askotariko krisiak egitate argi bat utzi du beste behin ere agerian: erronka sozial, ekonomiko, klimatiko eta kulturalei aurre egiteko, burujabetza behar du Euskal Herriak!

Euskal Herriak erakutsi du indarrak bilduz gauza handiak egiteko gai dela. Azken hilabeteak emankorrak izan dira herri mobilizazioen eta ezberdinen arteko lanaren ikuspegitik:

  • Iaz 10.000 lagun atera ginen karrikara euskararen eta murgiltze ereduaren defentsan. Egun, euskararen hedatzeko erronkak adostasun handia biltzen du Ipar Euskal Herrian eta urrats berriak egiteko baldintzak ditugu.
  • Laborantza lurren espekulazio bidegabea gelditzeko, Arbonan lau hilabetez okupazioa atxiki genuen. Laborantza herrikoiak, gure ekonomiaren zutabeetarik bat, sustengu zabala lortua du.
  • Azaroan, indarrak bildurik, herrian bizitzearen alde, 8.000 lagun mobilizatu ginen Baionan. Geroztik, Euskal Elkargoak etxebizitza turistikoen arautzeari ateak ireki dizkio.
  • Aspaldikoa den AHTaren aurkako borroka ere aipagarria da. Urteetako mobilizazioen logikan, Abiadura Handiko Trenaren aurka bozkatu zuen Euskal Elkargoak.
  • Euskal preso politikoen auzian, blokeoen gainetik, Ipar Euskal Herrian gizarte zibilaren eta hautetsien arteko adostasunak indarrean segitzen du. Ion Parot, Jakes Esnal eta Unai Parot askatzeko desobedientzia fasean parte hartzeko engaiamendua hartu dugu herritar anitzek.

Gertakari hauek erakusten dute herri mobilizazioak eta instituzioak osagarri direla, eta Ipar Euskal Herrian, indar harremanak, gero eta gehiago bertako arazoen eta interesen arabera osatzen direla.

Agerian gelditzen da, haatik, eskumen eta tresna gehiago behar ditugula. Aberri Eguna kari, EH Baik honakoa adierazi nahi du:

  • Duela bost urte Euskal Elkargoaren sorrera babestu genuelarik, ezagupen instituzionalerako lehen urratsa zela azpimarratu genuen.
  • Gaur, eskumen handiagoko instituzio bat behar dugula berresten dugu. Herritarren nahia eta beharrei erantzuteko eta erabakiak bertan hartu ahal izateko.
  • Ipar Euskal Herriak Estatus bereziko Lurralde Kolektibitatea eta botere politiko handiagorat buruz joaiteko erronka du. Hori da herri honetan gehiengoz eraiki den adostasuna.
  • EH Baik borondate osoa adierazten du Ipar Euskal Herriko eragile guziekin batera etapa instituzional berria irekitzeko.
  • Muga guzien gainetik, Euskal Herri osoko eragile, herritar eta instituzioen artean nazio eraikuntza berrindartzeko garaia dela ere azpimarratu nahi dugu.

Kortsikan azken asteetako gertakariek agerian utzi dute gatazka politikoen erroa herrien aitortza politikorik eza dela. Eta beraz gatazken behin betiko konponketa ezagupen politikotik etorriko dela.

Bide batez, gure babesa helarazi nahi diegu Frantses Estatuak zapalduriko herriei, Korsika, Bretainia, Kanakia… zuekin gara! Hamaika herri, borroka bakarra!

Testuinguru honetan, kezkaz so egiten diogu Frantses Estatuko egoerari eta presidentetzarako hauteskundeen emaitzei. Politika neoliberalak, eskuin-muturraren gorakada eta ideologia atzerakoien aitzinean gira.

Ezkertiar eta abertzaleak antifaxistak izan gara beti eta aldi honetan ere, ozen diogu: bozka bakar bat ere ez eskuin muturrarentzat!

Ezkertiar eta abertzaleok badugu bestelako proiektu bat gure herriarentzat: eskubideetan oinarritua, herritarra, berdinzalea eta inklusiboa; eraldaketa soziala eta askatasuna biltzen dituena.

Eta Apirilaren 24ko hauteskundeetatik aterako den Frantses Estatuko presidenteari Euskal Herriaren gehiengoaren hitza errespeta dezala exijitzen dio EH Baik. Eta zehazki, euskal presoen egoerari konponbide politikoa emateko lehenbailehen elkarrizketak berrabia ditzala. Euskal preso eta iheslariak etxera!

Ekaineko hauteskunde legegileetara aurkeztuko gira. Herriaren hitza Parisera eramateko eta Euskal Herriaren interesak defendatzeko. Deia luzatzen dizuegu ahalik eta jende gehienen bozka biltzera. Euskal Herriaren ahotsa ozen entzunarazi behar dugu Parisen!

Mugimendu abertzalea hazten ari da, lurralde osoan, sektorez sektore. Mobilizazioetan eta hauteskundeetan gero eta gehiago gira. Baina gehiago izan behar dugu, instituzioetan eta karrikan. Gure herria burujabetzarantz eramateko indarra gira!

AE1

 

Gora Euskal Herria askatuta!

4 Comments

  1. Jakes LAFITTE
    Posted 18/04/2022 at 17:45 | Permalink

    Datorren igandean lehiaketa Le Pen eta Macron artean izango da. Baina nire ustez Lepen da Macron baino okerrago; orduan Macron en alde boza ematea hobe horrela behintzat azken 2002 tik egindako emaitza errepikatuko da: bigarren itzulian RN edo FN bazterrrera joatea. Hain zuzen ere, frantses nazionalista, esannahi ezezkorrean eta eskuindarra izanik, Lepenen alderdiak Macronek egin duen baino okerrago eginen luke Euskal Herri eta Frantziar esatuko beste nazionalitateentzat.

  2. Alexandre
    Posted 19/04/2022 at 08:24 | Permalink

    Arrazoin duzu Jakes.
    Argiago izateko, abertzale mugimenduen parte batek ez du Macronen alde bozkatzerat deitu. Erran nahi du Ultra-Eskuin uholdearen bidea ematen dutela. Besterik ez.

    • Ekaitz Bergaretxe
      Posted 19/04/2022 at 16:48 | Permalink

      Nork bozkatzen du Alemaniako Kantzilerra hautatzeko? Alemanek. Nork EBko presidentea hautatzeko? Estatu Batuarrek. Nork Frantziako presidentea hautatzeko? Frantsesek. Ba, ni ez naiz frantsesa, beraz ez dira nire hauteskundeak. Hor konpon frantsesak! Guretzat ere kalte izan daitekeela? Segur aski. Bide batez, ez ahantz frantses sozialistek zer egin diguten! Frantzia eta Espainiaren menpe izanen gareno, Damoklesen ezpata beti izanen dugu buru gainean, izan Kolektibitate Berezia, izan autonomia eta bestelako estatu arrotzen egiturekin. Beraz, bozkatu baino, nahiago dut INDEPENDENTZIA aldarrikatu, hori baita gure bermerik onena! Eta bide batez INDEPENDENTZIA ideologikoa ere bai!

  3. baratzezaina
    Posted 21/04/2022 at 20:14 | Permalink

    Nere burua frantses biztanletzat ez badut ere, eta independentista izanik ere, Frantziako hauteskundeetan nere bozka emateko parada ez dut ukatzen, argi ta garbi Euskal Herriarentzat ez baita batere gauza bera Frantziaren buruan Macron edo Le Pen izatea. Bigarrenarekin askoz okerrago hizkuntza gutituentzat, militante ezkertiarrentzat, feministentzat (emazteentzat orokorrean), errefuxiatuentzat, Ipar-Hego EH harremanentzat, etab. Gure borroken lehen emaitzak galtzea eta dena zerotik berriz hastea baldintza gogorragoetan, arrisku honen aurka bozkatuko dut.
    Ez gaitezen idealismo itsu eta ahulean lerratu. Hauteskundeak boikotatzeak ez du eraginik izanen, aldiz Le Pen irabaz ez dezan bozkatzeak eragina izanen du.

  • Berripapera



  • Enbata sostengatu

    Kioskoetan

    Enbata sostengatu ! 40€-tarik goiti hilabete guziz zuen gutun ontzian Enbata aldizkaria lortuko duzue.

    Harpide zaitezte / Sostenga gaitzazue

  • Gaika

  • Hitz-gakoak

  • Bideoak

    bideoak