Bidean desorenean erori lagunari, esker oneko ta omenezko solasa

PrintFriendly and PDF
Jasone Salaberria Fuldain (Ermua, 1952ko uztailaren 18a - Baiona, 2021eko apirilaren 8a) : https://eu.wikipedia.org/wiki/Jasone_Salaberria

Jasone Salaberria Fuldain (Ermua, 1952ko uztailaren 18a – Baiona, 2021eko apirilaren 8a) : https://eu.wikipedia.org/wiki/Jasone_Salaberria

Jasone Salaberria, hainbeste urtez gure ondoan euskararen aldeko lanetan ari izan dena, zenbait hilabetez gaitzik gaitzenari iharduki ondoan, betikoz gelditu zaigu: Iparraldeko euskaltzale guziak doluminetan gaude.

Jasone, duela mende erdia edo ezagutu nuen, Bizkaitik mugaz alde honetara iragan berria zelarik. Han euskal irakasle gisa lanean ikasia, emendatzen eta handitzen hasten ziren hemengo ikastolei ere, probetxuzkoa gerta zekiekeela pentsaturik, irakasle ibilaldi berri baten hastera zihoan.

Handik eta hogoi bat urtera berritz gurutzatu ziren gure bideak, JB. Orpustan irakaslearen zuzendaritzapean ondu bere doktorego tesia aurkezturik, IKER-eko HIPVAL deitu ikerketa proiektua zela bide, post-dok gisa ikerketako bideari berriz lotu zen orduan. Seguraz ere, irakurtzaileen artean, batek baino gehiagok urte haientantsu egin zuen haren ezagutza, Euskal Herrian eta honen inguruetan barna milaka jende bederazka ikusi behar izan baitzituen. Alabaina, Pirinioetako populakuntzaren historia ikergai zedukan egitasmo horrek jende anitzek borondate onez beren DNA lagin bedera emanez parte har zezaten eskatzen zuen, eta lan hori ezin zitekeen egin jende bakoitzaren adostasuna aitzinetik erdietsi gabe. Jende horiek elkarrizketatu, eta haien onespena erdietsirik, Frédéric Bauduer Baionako ospitaleko hematologistarekin, eta, hastean, Estibalitz Montoia ikertzaile gaztearekin, Pirinioetako bazter hauetako eremu zabal batean, legezko protokolo franko nahasiei tiletez tilet jarraikiz, odol lagin haiek biltzen ibili behar izan zuen ondotik, hiru urtez, astean behin, egun bakarrean leku jakin batera joan; han, aitzinetik hitzartu hamarka jenderen odol lagina bildu; hauek, ospitaleko labotategietako teknikarien eskuetan utzi; azkenean, egitasmoan partaide ziren Pariseko eta Bartzelonako genetikako ikertzaileei igortzeko. Lan ikaragarria, nehor gutik bere gain har zezakeena, hain baitziren nornahirentzat buruaren galaraztekoa. Ekintza konplexuen eta korapilatsuen antolatzeko gaitasun berezia eta jarraikitasun ezin etenezkoa eskatzen zituen, bai eta elkarlanerako isuri handia eta jendetasun aberatsa ere. Jasone, bada, dohain horien guzien jabea zen. IKEReko lankide guziek ongi dakiten bezala.

Ondotik, beste zenbait ikerketa egitasmotan ere parte hartu zuen Jasonek, Irantzu Epelde lankideekin bereziki, eta Josu Landa edo Inma Hernaez ikertzaile informatikariekin batean datu base berriak sortuz (ACOBA, NORANTZ, IPARRAHOTSA, HIRUELE), beti ere deliberamendu, suhartasun, eta baikortasun berarekin. Manu Padilla, orain Errusian dagoen et Jasone hainbeste preziatzen zuten IKEReko beste ikertzaile gazteek ere ontsaxko dakite, baita, ikerketa mundutik kanpo, jendarte zabalean, Bizi taldeko edo presoen aldeko eta migratzaileen aldeko edo talde feminista batzuetako borrokalagun askok ere.

Jasoneren laneko funtsa aipatzea deus guti litzateke, ordean, ahanzten banu harekilako jardunean faltarik gabe aurkitzen genuen haren nortasun plaxent, jendekinaren aipatzea, erran nahi baitu denek ororen gainetik hartaz gogoan atxikiko duguna.

J.M. Larrasquet, izan zuen, hura hil aitzin haren beteko bizilaguna. Bidaide bezala, gogaide; hainbestetaraino, non gaitz baitzaigu bataz oroitzean, bestea ere, halaber, gogora ez ekartzea. Pena aringarria zaigu gisa horretan orain biak berriz elkarren ondoan direla, heia, bada, hemen gelditu girenek, euskararen bizirik iraunarazteko eta ikerketa sailean ere aitzina joateko, behar direnak eginen ote ditugun arretaz so eginez.

Ez dut dudarik, Enbataren irakurtzaile askok nirekin bat eginen dutela, hemendik, gu denen esker hoberenen eta ezagutzaren biei adierazteko.

  • Berripapera



  • Enbata sostengatu

    Kioskoetan

    Enbata sostengatu ! 40€-tarik goiti hilabete guziz zuen gutun ontzian Enbata aldizkaria lortuko duzue.

    Harpide zaitezte / Sostenga gaitzazue

  • Gaika

  • Hitz-gakoak

  • Bideoak

    bideoak