Baxoa Euskaraz aldarrikapenak euskarazko ikasketetan murgiltze eredua, hots euskaraz bizitzeko parada eskaintzen duena, eremu guzietarat zabaltzea du xedea. Etxepare Lizeoko ikasleek jada garaipenak lortu dituzte Historia-Geografia eta Matematika euskaraz pasatzeko posibilitatearekin. Hara hemen haien lekukotasunak hobeki ezagutzeko “Baxoa Euskaraz” kanpainaren nundik norakoak eta datorren pausuak.
Zer da Baxoa Euskaraz ?
Baxoa Euskaraz Bernat Etxepare lizeoko ikasle batzuk osatzen duten talde bat da. Ama ikastolatik beren ikasketak euskaraz iragan ondotik baxoa euskaraz aldarrikatzen dute.
Gure eskubideak aldarrikatzen ditugu : ikasturte bukaerako azterketa nagusia, hau da, baxoa euskaraz erantzutea.
Zer egiteko molde plantan eman duzue zuen xedeen lortzeko?
Jaz, manifestazio bat, partido sozialistaren aitzinean ekintza bat gure egoera antzeztuz, Lapurtarren biltzarrean parte hartzea antolatuak izan ziren. Helburu bakar batekin, jendea gure egitasmoetaz informatzea eta mezuaren zabaltzea; Baxoa Euskaraz nahi dugu! Aldi oro prentsa jakinean ezarriz.
Aurten zer dira berritasunak?
Aurten ekintzetarat goaz, baxoa euskaraz ukateko hainbat ideia ditugu.
Urte hastapenean, errektoreari egun guziz gutun bat igortzen genion presioa nolazbait sartuz. Honek 20 egun inguru iraun zuen errektoreak erantzun arte; ez dela bere esku eta Frantziako ministroak zuela baxoa euskaraz egingarri bihurtzen ahal.
Orduan, ministroari hasi ginen egunero gutunaren igortzen, baita bi deputatuer ere. Colette Capedeviellek baizik ez zuen erantzun eta harekin hitzordu bat hartu genuen. Pariserat joateko proiektua dugunez, Capedevielle andereak sustengatzen gaituela hitzeman digu, baita ministroari gutun bat igorriko zuela ere.
Zer dira Baxoa euskaraz aldarrikapenaren indartzeko erabiltzen dituzuen argumentoak?
Frantziar estatuak Seaskaren murgiltze eredua onartzen du eta koherentziaz jokatu nahi balu, baxoko frogak euskaraz iragatea baimendu beharko luke.
Gainera, Hezkuntzaren kodeko 121-3 artikuluaren arabera, erakaskuntzaren azterketa eta konkurtsoen zein tesia eta memorien hizkuntza ikastetxe publiko eta pribatuetan frantsesa da, salbu euskualdeetako hizkuntza eta kulturen beharrek justifikatuko balute. Horrez gain, baxoa euskaraz pasatzeko aukerak, konstituzioaren 75. artiuluan aipatzen den euskara babesteko konpromezua gauzatzea ahalbidetuko luke, euskarazko ikasketei oinarrizko ezagupen bat onartuz.
Jada garaipen batzu ukan ditu aldarrikapen horrek?
Bai, egia da egungo hezkuntza sisteman ikasprozesu osoa euskaraz egin arren, baxoa frantsesez pasatzen dugula. Hala ere, gure borrokari esker, Historia-Geografian eta Matematikan euskaraz erantzun ahal izatea lortu dugu.
Ondoko pausuak zein izanen dira?
Helburu hauek gauzatzeko, otsailaren 28an, Parisera joateko deialdia zabaltzen dugu. Orain arte egindakoarekin ez dugu lorpen handirik erdietsi, beraz ikasle gisa Parisen bertan ekintza sinboliko bat egitea erabaki dugu. Azken honek benetako indarra izan dezan, ikastoletako guraso, langile eta ikasleak gurekin etortzera deitu nahi ditugu. Bide beretik, gazte erakunde, sindikatu, gizarte eragile eta alderdiei ere gomita luzatzen dizuegu. baita gure borroka sustengatzeko prest dagoen orori ere. Parisera herri gisa joateko, autobusak antolatuko dira, hauen ordutegiak datozen asteetan zehaztuko dira.
“Baxoa euskaraz” aldarrikapenaren ezagutza sakontzeko, lekukotasun sorta bat ere atxemanen duzue behereko bideoan :