
1.500 lagun inguruk baxoa euskaraz egitea fermuki eskatzeko manifestazioa egin zuten larunbatean. Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin elkarrizketak gorabehera, aurten ere ikasleek frantsesez egin beharko dituzte azterketak, eta datozen ikasturteei begira euskara “segurtatua” ez dela deitoratu du Seaskak. Ikastolen federazioak Ministerioarekin hitz egiteko prestutasuna agertu du. Argia.eus-etik.
Larunbatean Baionan manifestazioa egin zuten Seaskak deituta, Baxoa euskaraz orain lelopean, hau da, ikasleek lizeoa amaitzerakoan duten azterketa euskaraz egitea exijitzeko. Seaskaren arabera, 1.500 lagun inguru mobilizatu ziren Xaho kaian hasi eta suprefeturaren aitzinean amaitu zen martxan.
Aurten ere, beste behin, azterketa frantsesez pasatu beharko dute Seaskako ikasleek, baina itxaroteaz nekatu direla adierazi dute. “Ttipidanik eskolatze guzia euskaraz egin ondoren, Parisetik adierazten zaie, euskarak ez duela baliorik, euskara azpi hizkuntza dela frantsesaren ondoan”, adierazi du Erik Etxart Seaskako lehendakarikideak.
Hizkuntza eskubideen borrokak luze doaIpar Euskal Herriko hezkuntza sisteman, eta gutxienez beste ikasturte bat luzatuko da. Urtarrilaren 12an EEP Euskararen Erakunde Publikoak eta Edouard Geffray Frantziako Hezkuntza ministroa Parisen bildu ziren, azterketak euskaraz egiteko eskubideaz mintzatzeko. Euskal ordezkariak esperantza izpi batekin itzuli ziren, Geffrayk hizkuntza gutxituak aintzat hartuko dituen baxo eredua martxan jartzeko prestutasuna azaldu zuelako. Hori, baina, apirilean berriro egingo duten bileran izango dute hizpide, datorren ikasturtera begira ministroak proposatuko baitu bere eredua.
Itxaroteaz nekatuta, Seaskak egoeraren larritasuna azpimarratu du, erabakia luze doalako. “Luze, luzeegi, eta gainera estatuan dagoen desegonkortasuna ikusirik, zein ministrok segurta dezake, bihar, etzi edo 2027an hor segituko duela?”, adierazi zion Etxartek Kazeta-ri. Are, azpimarratu zuen azterketaren euskarazko eredua eskaintzea “borondate kontua” dela, “ez da arazo teknikorik, edo sos beharrik”.
Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak adierazi du hizkuntza eskubideen aldeko borrokan jarraituko duela, eta negoziatzeko prest agertu dira. “Hezkuntza Ministerioan errezibituak” izatea eskatu du.

by