Bakegileen “Bakeari aukera guziak eman! Frédéric “Xistor” Haramboure askatu! Petizioak jada 4400 izenpedura gainditu ditu. Lagundu izenpedura gehiago lortzen. Izenpetu eta izenpearazi.
Frédéric “Xistor” Haramboure askatu!
Badira urteak, tendentzia guzietako ordezkari politikoek sustengaturik, Euskal Herrian jendarte zibila 80 urteko bortizkeria eta sufrimenduaren orrialdea behin betiko gainditu nahi duen prozesu batean engaiatua dela.
ETAren desegitea bururatu ez den prozesu honen funtsezko momentu bat izan zen.
Honela, 2019ko uztailaren 5ean, ostiralarekin, Zigorren Aplikaziorako Parisko Auzitegiak azken 30 urtetan preso den Frédéric “Xistor” Harambourentzat baldintzapeko askatasuna onartu zuen – 2008tik aitzina posible luke baldintzapean ateratzea -, baina Ministerio Antiterroristak berehala helegitea jarri zion erabakiari. Beraz, “Xistor” Harambourek preso segituko du.
Ez da presondegian 30 urte bete dituen pertsona bat preso mantentzeko jarrera hau justifikatzerik, gutxiago, osasun egoera prekarioan izanki eta baldintzapean askatua izateko baldintza guziak betetzen dituenean.
Ministerio Publikoaren erabakia abian den bake prozesua nahitara kontuan ez hartzeko erabaki bat dela deritzogu. “Xistor” Haramboure askatzeak ETAren birsortzea ekartzen ahal duela erratea, kasurik onenean ezjakintasuna eta txarrenean mendeku nahia dira, betiere gezurretan oinarrituriko argudioekin.
Presoen hurbilketa prozesua egun blokatua da eta haietako ainitz, inolako arrazoirik gabe oraindik DPS estatuspean mantentzen dituzte. Ministerio Publikoaren erabaki honek ezinegona eta guzien sufrimendua berpizten ahal ditu.
Egoera hau kontraesanean da Frantziako Presidenteak berriki egin dituen adierazpenekin: “Azken urteak begiratzen ditudanean, enetzat Euskal Herria eredu bat da, gatazkaren konponbidean eta armak kanpo uztean. Estatuaren betebeharra da mugimendua laguntzea (…). Ez dugu Historia errepikatu behar, lagundu egin behar da”.
Solemneki eskatzen dugu Estatuaren ekintzak eta adierazpenak zentzu berean joan daitezen. Bakeari aukera guziak eman!
Michel Berhocoirigoin – Txetx Etcheverry – Michel Tubiana