Uda bukatzen ari zaigula etortzen zaizkigu berri on batzuk, bai politikan, baita beste arazoetan ere. Politikari dagokionez, Nafarroako aldaketak eta Kataluniako “Diada” aipa ditzadan, baina zuzenean politikari loturik ez zaizkion bi berri on gehituko ditut gaurko honetan. Mendebaldeko Auñamendietako garraio sareari dagozkio, eta Abiadura Handiko trenenak dituen oihartzunik naski ez dute.
Askok ikusi dugun bezala, Garazitik Baionarainoko trenbidea indartzen ari da COLAS enpresa, egurrezko trabesak betonezkoez ordezkatuz. Seinale baikor bat da, oraindik trenbide hori itxiko ez dutelako froga dugulako. Biarnon zuzengabeki 1972 urtean itxi zuten trenbide nazioartekoa konponduko dute eta Oloroetik Bedoseraino zatia 2016-garren urtean berriz osoki irekita izanen da. Bedosetik Canfranc- arainoko zatia 2020 urterako irekia izanen da Akitania eta Aragoiko agintariek adostu dutenaren arabera.
Berri ona Aragoierentzat, kontutan harturik mugatik Zaragozarainoko trenbidea erabiltzen dela eta bertan ekoizturiko gai asko Aragoitarrek iparralderako komunikabide eta garraiobide bat behar dituztela. Ingurumenari dagokionez, Biarnon dagoen trazatua berriz erabiliko dela jakinez gero, kalte oso gutxi izanen dira. Aspe zelaian egin nahi zuten autobide berri hori baino asko baikorago eta eragingarriago izanen da trenbiderena.
Garaziko trenbidearen hobekuntza lanak gaur Kanboraino amaiturik dira; Baiona-Garazi trenbide osoa bukatuta, ordu bat baino gutxiago beharko du Garazitar batek Baionara joateko. Honetaz gainera, dilatazio loturak kenduz gero, bidaia atseginago eta erosoago izanen zaie guztiei. Trenbidearen hobekuntza hori baliatu beharko litzateke berari jarraitzen zaion errepidean eratzen den trafikoa apal dezagun. BAB-an lanak hasi eta bukatzen diren tenoreetan ikusi behar da zer kotxe ilera luzeak egiten diren Sutar aldean. Horren aurka borrokatzeko on litzateke Garazi eta Baionaren arteko garaio inkesta baten egin dezaten. Egunero edo maiz Baionara joaten diren lapurtar eta basa-nafarrei holako galdera bat egin beharko litzaieke: “Baionara joateko tren zerbitzu erregular bat izanen bazenu, zure kotxea erabiliko ahal zenuke?”
Galdera honi egindako ihardespenen esplotazioak Garazi eta Baionaren arteko trenen maiztasunari buruzko asmo bat emanen luke. Eskaeraren arabera trenen ordutegi berri bat ezarriko litzateke. Baina neurri berri horiek, dudarik gabe, kotxearen erabilpen gehiegizkoa uzteko motibazioa da gauzarik hoberena eta naski arduradunek bultzatu behar dutena. Euskal Herritarrak, zoritxarrez, Frantziako herritarren gehiengoak bezalaxe, kotxearen ohitura edo sasi- kultura badute.
Nahiko da ikustea eramailea bakarrik dagoela zenbat kotxe ibiltzen diren gure kaleetan. Jendeek kotxe utz dezaten motibazioak bilatu beharko dituzte gure garraio sistema hobekitu nahi duten arduradunek: Garazi eta Baionaren arteko trenbidean abonamenduak edo harpidetzak eskaintzea, egunero kotxea erabiltzea baino merkeago kostatuko liratekeenak. Baionako udaletxeak egiten duen bezalaxe, mikrobus doakoen sare bat antolatu, bai Angelun, baita Biarritzen ere, Espiritu Santuko geltokira iritsi eta lanean ari den bidaiariak errez eta azkar bulegorainoko garraiobide bat atzeman lezan. Ekonomia orokorrari begiratuz, nahiko baikora eta eraginkorra litzateke garraio politika beri hori; hona hemen emaitzarik baikorrenak.
• Garazitik Baionarainoko trenbidea eraberritzeko inbertsioa errentagarriago litzateke, bidaiarien kopurua handiago litzatekeelako .
• Trenbide horren ondoan dagoen errepidearen mantentzea dela-eta, aurrezki asko eginen lirateke.
• Kutsadura gutxiago lortuko genuke.
• Kotxe eramaileentzako aurrezkiak eta erosketa boterea emendatzea.
• Eramaileentzako erosotasun eta neke gutxiago.
Azken herrialde antolaketaren arabera Iparraldea hiri elkargo bat bihurtuko litzatekeela kontutan harturik, Baiona-Garazi trenbide hori hiri elkargo horren barneko metro bat bihurtuko litzateke. Ez da naski Euskal “Y”- a bezalako proiektu erraldoi eta espantugarri bat, baina praktikagoa eta eraginkorragoa dudarik gabe.