Baigorriko kulturaldian parte hatzeko 2 parada

PrintFriendly and PDF

Aurtengo, Baigorriko Kulturaldia 3 hitzorduz osatua da. Lehenea Ortzaizen iragan da, apirilaren 19an, Ruper Ordorikaren kantaldi akustikoa lagun. Beste biren gozatzeko parada oraino gelditzen da. Lehena, apirilaren 25an, larunbatarekin Baigorriko Elizan iraganen den « Guk ta Guk-tarrak » ikusgarri bereziarekin. Eta, bigarrena, biharamunean, 2015eko Nafarroaren Egunarekin.

Urtero bezala, Basaizea elkarteak Kulturaldi berri bat prestatu du. Baigorriko euskaldean, baina zabalago ere jendea hitz ordu horren beha da, Nafarroaren egunarekin bukatzen dena. Kulturaldia, edo denboran Kultur Astea deitua zena, 1979 urtean sortu eta orain arte irauten du.

Helburutzat du Baigorriko eskualdean euskarazko ekitaldien eskaintzea forma ezberdinetan: ikusgarri, antzerki, kantaldi, eztabaida, gogoeta…Eskas bati erantzuteko sortua, garaian euskarazko sorkuntzak eta emanaldiak arrunt murritzak baitziren. Gaur egun, eskaintza anitzez aberatsagoa da bainan Basaizeak ez du begi bistatik galtzen euskaraz bizi nahi bada, horrelako ekitaldiak beharrezkoak direla eta oraindik animaleko lana gelditzen dela, euskal kulturak leku oraindik ttipiegia duelako gure lurraldean. Beraz, elkartea, bere maneran eta bere ahalekin entseatzen da Euskal Herri barnekaldean kultura biziarazten eta bazterren animatzen.

Aurtengo kulturaldian oraino 2 hitzordu

Lehena, « Guk ta Guk-tarrak ikusgarria » da, apirilaren 25an, larunbatez, 21 :00etan, Baigorriko Elizan iraganen dena.

GUK taldearen kantu zaharrak, molde berri batean biltzen dituen ikusgarri anitza da GUK ta GUK-TARRAK. Basaizeak eta hainbat artistak, 2015ko Baigorriko Musikaldirako espreski sortua. Ez duzue beste nihun ikusiko!

Goi mailako musikari klasikoz osatutako Xare/Hertz orkestrak lagunduta, GUK-en kantu mitikoenetako batzuk emanen dituzte Aire Ahizpak, Astezkenekoak eta Xendarineko ahizpak Baigorrialdeko kantari taldeek. Beste kantu zonbait, berriz, orkestrak bakarrik interpretatuko ditu. Baigorriko gaiteroen ekarpena ere ez da faltako, eta hori guztia, Sustrai Colina eta Fredi Paia Iparraldeko eta Bizkaiko bertsolari txapeldunek bertsoz ondutako hari argumental batekin josia.

Bigarrena, « Nafarroaren Eguna 2015″a dugu, Igandean, apirilaren 26an Baigorrin iraganen dena.

Nafartar guzien, baina zabalago ere euskaldun anitzen hitz ordu nagusia da. Urte oroz bezala mezu edo lema berdinaren inguruan eginen da, mugak hautsiz, nafartarren anaitasuna aldarrikatuz eta ospatuz. Egun hori elgarren artean trukatzeko parada da, orain arte egin diren laguntasunen sendotzeko baita berrien sortzeko.

Nafarroaren Egunak 30 urte baino gehiago ditu, beraz orain arte egindakoa kondutan hartuz, oraingo antolatzaileek ere beren aztarna utzi nahi dute. Horretarako saiatzen dira egun erakargarri eta goxo baten prestatzea, musika, dantza, animazio desberdin, bazkari eta kolore ainitzez osaturiko egitaraua proposatzea.

Egitaraua eta berritasun zonbait

Alde batetik, haurrentzat xoko berezi bat sortu da, pailaso, puzgarri eta animazio zonbaitekin, ohartu baigira ttipientzat eskas bat bazela. Horretarako Irrien Lagunak elkartearengana joan gira. Egun osoan hor izanen dira. Web :  www.irrienlagunak.com

Bestetik, karrika giroaren hobetzeko plaza nagusiaren disposizioa aldatu da eta karrikako animazioak bidertu dira. Baigorrirat etorriko den jendeak usaiazko eguna ikusten ahalko du eta hona eskainia izanen den programazio aberatsa:

NafarroarenEgunaEgitaraua

Bi hitz Basaizeari buruz :
Nafarroaren egunaz gain, urtean zehar gazteak biltzen dira herriaren bizian parte hartzeko.
Hainbat ekitaldi antolatuak dira, hala nola, hilabeteko lehen ibiakoitz, larunbat, zapatu, nesken egün, saturday… guziz, MERKAT’IA Baigorriko Plazan goizeko 9etatik goiti.
Lekuko mozkinak salgai, arroltze ta xingarrezko askariarekin batera! (edo xokolet esnea xingarra maite ez dutenentzat).
Ondotik, bazkaria Bixentainian goiza luzatu nahi dutenentzat!
Horrez gain, urtero Uda Gaua antolatua da urtarrilean, EHko mus txapelketako kanporaketak, Izpegiko bizikletaldia irailean, Bertso afaria abenduan, eta hainbat bilkura. Berrikitan Korrikaren abiatze gaualdian ere parte hartu du Basaizeak.
Hitzordu hauek ez dira hutsetik heldu, Basaizea gogoeta eta animazio elkarte nagusia delako Baigorrin, herrikoia eta irekia, urte osoan zehar ari dena.

  • Newsletter



  • Soutenez Enbata

    En-kiosque2015-05-FR

    Soutenez Enbata ! A partir de 40€, recevez chaque mois Enbata magazine dans votre boite aux lettres.

    Abonnez-vous / Soutenez-nous

  • Thématiques

  • Mots-clés

  • Vidéos

    video