(Gaineko bideoan,59. minutatik goiti Ipar Euskal Herriko gizartearen eta ekonomiaren egoeraz zein etorkizuneko erronkez jardun du Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzaileak, 2015ean ETB1eko Azpimarra saioan eginiko lehen agerraldian)
Gaindegiaren azken lan honek argi uzten Ipar Euskal Herriak erronka handiak dituela aurrez aurre, eta bertan gero eta erakunde gehiago ari direla etorkizunera begira ezartzen Baionako Merkataritza Ganbera, Euskal Herriko Laborantza Ganbera, Bizi! mugimendua… Hasteko, Ipar EHko enpleguaren bilakaera Hego EHkoa baino egonkorragoa izan arren krisialdi garai honetan, langabezia datuak bereziki kezkagarriak dira azkenaldian. Esaterako, 2014ko azaroan 17.050 langabe zeuden erregistratuta Baionako bulegoan; azken hogei urteotako zifrarik handiena da hori, eta 2013ko hilabete berekoa baino %5,8 handiagoa.
Baionako Merkataritza Ganberak 2014ko lehen sei hilekoari dagokionez argitaratutako txosteneko datuek ere ematen dute zer pentsa: Ipar EHko langabe erregistratuen artean, %41,7ak urtebete baino gehiago darama lan bila; Frantziako estatutik RSA diru laguntza jasotzen duen ipar euskal herritarren kopuruak %5,2 egin du gora urtebeteren buruan (8.396 dira); eta gaur egun egiten den lan eskaintzen erdia baino gehiago sei hilabete baino gutxiagorako da. Arazo horiek guztiek Ipar Euskal Herriko ekonomiaren ezaugarriekin dute zerikusia.
Frantziako estatuak turismo gune izatera bideratu du Lapurdiko kostaldea, aldi berean barnealdeari etorkizunerako alternatiba errealik planteatu gabe. Hori horrela, industriaren pisua txikituz doa, zerbitzuen sektorea hegemoniko bihurtzearekin batera. Izan ere, bost enplegutik ia lau dira zerbitzuen sektorekoak (zerbitzuak, merkataritza eta turismoa) gaur egun Ipar Euskal Herrian. Gainera, ekonomiaren polarizazioa gero eta handiagoa da.
Adibide bat jartzearren, 2008tik 2013ra, batez beste %34,52 hazi da enpresen kopurua Ipar Euskal Herrian, baina datuak oso bestelakoak dira zonaldearen arabera.
Hala, Aturri Errobin %52,43koa izan da hazkundea; Xiberoa herri elkargoan, aldiz, %11,43koa, ez besterik. Kostaldetik urrundu eta barnealdera egin ahala, ekonomiaren dinamismoa gero eta txikiagoa da. Hori horrela, barnealdea husten ari da, gazteek bertan geratzeko aukerarik ikusten ez duten heinean.
Kostaldean, berriz, lana egon badago, baina prekarietate handikoa. Kostaldeko ekonomian bertan ere bada polarizaziorik: errenta handiko frantses herritarren erretiro gune bihurtuta, etxebizitzaren merkatua garestiegia da batere egonkorra ez den zerbitzuen sektorean lanean ari diren gazteentzat.