Iker Elosegi, EHLG-ko koordinatzailea
Mixelen militante ibilbidetik ainitz badugu ikasteko, hala nola estrategiak pikoan emaiteko denbora eta pazientziaren garrantziaz. Ez fitsik egin gabe pasatzen den denboraz, baizik eta erabaki estrategiko azkarrak hartzeko indarren metatzeko lanean pasa denbora eta pazientziaz.
Urteak pasa ziren FDSEA baitan ziren militante talde batek korporatista eta laborantza intentsibo eta industrialago baten alde egiten duen sindikatutik atera eta ELB sortzea erabaki aintzin. Baziren hainbat galdera: nola egin? Prest direnekin segidan sindikatu berri bat sortu? FDSEA barnetik mugiarazten entseatu? Edo biak? Eta hau izan zen estrategia: beste sindikatu baten sortzeko laborari gehiago biltze lanak egin eta lekuko FDSEAko podere lekuak eskuratu. FDSEAren egin molde totalitarioak agerian utzi zuen errealitatea: FDSEAk Pauen erabakitzen du, eta puntu. Gogoetak abiatuz geroz urte batzu pasa ziren, gero eta gehiago laborari juntatu eta azkenean, 1982an bazen aski indar ELB sindikatuaren sortzeko. Historiak erakutsi du zer arrakastarekin!
Mixelek argi zuen ez zela aski ideia onak edo arrazoin ukaitea errealitatearen aldatzeko. Ideia edo asmoa besteekin partekatu beharra da. Maiz zion ados direnekin bakarrik lan egitea ez dela aski, besteengan ere behar dela adostasun maila bat erdietsi, asmoak errealitate egin nahi badira bederen. Horrek pedagogia galdatzen du, denbora eta pazientzia. Eta erabakiak besteekin partekatuz hartzen dira: memento ona dea? Prest girea? Aski indar duguia? Euskal Herriko Laborantza Ganbararen sortu aintzin ere urte ainitz pasatu dira; indar metaketa prozesu luze baten ondorioa da. Laborantza herrikoi eta iraunkorra aldarrikatzen duen ELB sindikatuak laborarien gehiengoa biltzea ez da bapatean egin. ELB-ek jendartearekin lortu duen konplizitatea, elkar ezagutza, elkar ulertzea eta elkar adostea ere ez dira bapatean egin. Bi arlo horietan sekulako lana egina du Mixelek. Bere mintzatzeko, besteen entzuteko eta eztabaidatzeko manerak jendeen arteko errespetu giro bat sortzen zuen bilkuretan. Biziki bekan zen urduritzen, aldi oroz, batzuen errespetu ezean tematzearen ondorioz. Mixelek erakutsi eta frogatu dauku kolektiboaren indarraren garrantzia. Kolektiborik gabe bera ez zela deus erran zaukun bere txalotzen ari ginen guzier, Euskal Herriko Laborantza Ganbararen 15. urtebetetzean, 2020eko urtarrilean. Pausuz pausu, bainan gibel ez egiteko pausu estrategikoak eginez, bere ildotik segituko dugu aintzina. Balio du, segur!