Beñat Castorene
Jose Maria Arizmendiarrietaren sortzearen ehungarren urteurrenaren karietara, Simone Weil filosofoaren lanaren kontzeptzioak eta Don Jose Mariarena Arrasaten aipagai izan dira berriki.
1976an zendu zen Arrasateko bikario famatua, Bizkaiko Bariñaga Iturbe baserrian, 1915an sortu zen. Gazteizko seminarioan ikasi eta gero, gerla zibilaren garaian Euskadiko armadan kazetari izan zen. Frankistek preso hartu zuten ere denbora zenbait. Gutik egin omen zuen ez baitzen fusilatua izan beste preso lagun zenbait bezala.
Libratua izan ondoren, Arrasateko bikario izendatua izan zen eta han egonen zen bururaino. Hiri hortan, urteetan zehar, garatu zituen hausnarketek eta ahaleginek eragin erabakiorra izan zuten Arrasateko kooperatiben sortzean.
Preseski horrengatik zen, Iparraldean ere, nahiko ezagutua gure belaunaldian, batez ere kooperatibetan ari zirenen artean.
Haren etsenpluak zigun, berehalakoan, konpreniarazi guri zegokigula gure herrian lanaren sortaraztea. 2007tik, bada elkarte bat, “Arizmendiarrietaren lagunak” deritzona, zeinaren helburua baita pentsalari eta aktore kristau horren obra bizirik atxikitzea eta, ahal badu, garatzea ere. Helburu ederra da bainan zaila gaurko ingurumen ideologikoan.
Izan ere, Jose Maria Arizmendiarrietaren helburuek, arrazoinek edo mobilek bitxikeriak dirudite gaur erabat sekularizatua den gure munduko gehienentzat.
Kanpotik ikusita, izan liteke ere, umezurtz izan orduko, Jose Mariaren dizipulu jarraitzaileen hausnarketa moteldu den; ez bailitzateke batere harrigarria gizon taldeen betiko joera naturala ezagutuz geroz ; batez ere, kasu huntan bezala, delako taldeak arrakasta gaitza lortzen duenean. Simone Weilek erran ohi zuen talde haundiak ez zuela pentsatzen, pertsonak zuela bakarrik zinez pentsatzen. Huntaz zuzenki jabetzeko guretzat ez da erraz.
Pasa den apirilaren 29an beraz, ehungarren urteurrena zela eta, Jose Maria Larramendi Zarauztarrak Arizmendiarrietaren lagunak elkartearen lehendakariak zerbait ezohikoa antolatu nahi izan du urteroko batzar nagusirako.
Parte ofizialaren edo administratiboaren aurretik, konferentzia bat egin ohi dutenez, aurten, Emilia Bea, Valentziako Unibertsitateko filosofia erakaslea gomitatu dute Simone Weil filosofoaren lanari buruzko kontzeptzioa esplikatzeko.
Eneritz Pagaldai Lanki-ko ikerlariari gauza bera egin dezan galdegin diote bainan huni Arizmendiarrietaren pentsamoldeari dagokionez.
Nekez aurki dezakegu Arizmendiarrieta eta Simone Weil baino pertsona diferenteagorik, bai jatorriz, bai ibilbidez, bainan hauteman behar dugu bien filosofian lanak bazaukala kokagune bat zentrala.
Gure bikarioaren lanaren kontzeptzioa oraindik ulergarria da orduko erakaspen kristauaren arrastoak buruan gelditzen zaizkienentzat: horren arabera, Jaungoikoak utzi gintuen erdi bukaturiko mundu batean eta guri zegon obra jarraitzea bere ohoretan eta giza komunitate osoaren onetan. Zonez ere, lana zen, duin izanez geroztik, gure pertsonalitatea garatzeko bide egokiena.
Aldiz, Simone Weilen kontzeptzioa ontologikoagoa zen ; nahiko konplikatua izan liteke gu gehienentzat, ez baigira filosofia greziarrean gaztetik formatuak izan hura bezala.
Gostarik gosta ulertu dudanez, lana litzateke gizakiarentzat ametsetik ateratzeko eta errealitatearekin topo egiteko bide zuzenena. Izan ere, harentzat, amets egitean zetzan gaizkia ; adibidez, ez zuen sekula erranen amets pixka bat atxiki behar zela bizitzaren gogorra suportatzeko ; ez zuen erranen “positibatu” behar zela errealitatearen gordina zen bezala erraiteko ordez.
Ez ote gira gu askotan hola mintzatzen?
Bere buruarentzat, bizitzerik ez zuen irudikatzen ahal etengabeko eta bururainoko egia bilaketarik gabe. Bitxikeriaren bitxikeriaz, Simone Weilentzat lana izan behar luke etorkizunean
filosofiaren lehenbiziko erronka teorikoa ; nekez dut imaginatzen kontrakorik erranen zukeela Bariñagarrak.
Langilea duintasunean bizitzea baimenduko lukeen lan antolakuntza pentsatzea eta praktikan jartzea, hortan legoke, oraindik bizi balire, gure bi filosofo hauien mende huntako desafioa.