90ko hamarkadaren hasieran, Ekuadorreko Amazonia ezagutzeko aukera izan nuen. Ikasketak bukatuta eta lanean hasi berria nintzelarik, bidai hark ikaragarri markatu ninduen neure ondorengo ibilbidean.
Balore unibertsalak eta partikularrak
Garai hartan, nahiko lan banuen ezkertiar pentsamendua eta ideologia abertzalea modu sano batean uztartzen. Neure belaunaldiko askori gertatu zaion bezala bi elementu horiek aldi berean aldakarrikatzea kontraesanez beteta agertzen zitzaigun. Zer esanik ez, espainolek lan itzela egiten zuten sintesi hori oztopatzeko iritzi publikoaren eta militantismoaren eremuetan.
Enbata.info-ko sail honetan bertan Unai Apaolazak idatziriko artikuluaren ildoari jarraituz, espainol ezkertiarrek zeukaten balore unibertsalen jabego osoa (solidaritatea, berdintasuna, irekitasuna…), abertzaleok bestelako balore partikularrak haragitzen genituelakoan (itxiera, desberdintasuna, nortasuna…).
Autodeterminazioa, erabakiak hartzeko subirano izaiteko
Bidai hartan, Amazoniako hainbat nazio, etnia, ezagutzeko aukera eduki nuen, ordurarte behin ere aditu ez nituenak, hala nola, kitxuak, huaurani edo sequoyak. Gauza askoren artean, batek neure kuriositatea piztu zuen bereziki: nazio horietako batzuk, autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen zuten. “Ekuadorreko errepublikatik banandu nahi izango dute”, pentsatzen nuen neure baitan. Neure harridurarako, horretaz galdezka aritu nintzenean, beraiek ez zuten Ekuadorretik alde egin nahi. “Eta zergatik, bada, autodeterminazioa?”, esaten nuen nik.
Nazio horiek mendetan zehar bizi izan dira oihanean. Eta bertan jatorria, bizibidea eta, herri gisa, biziraupenaren aukera dutelako, beraiek behar dira izan, zioten, bere bizi ingurumenaren ustiapenaren, esplotazioaren inguruan erabakiak hartzeko subiranoak. Beraiei dagokie erabakitzea, zer modutan kudeatuko den bere ingurua, bere bizia eta beren ondorengoen bizia ahalbidetzeko. Kontuan izan behar dugu, petrolio-industriak gero eta kilometro gehiago lapurtzen zizkiela oihanean, horrek zekarren kutsadura eta lurraren okupazioaren ondorioekin: lur eremu gutxiago, ehiza gutxiago, landareen eta arrainen kutsadura mailak, eta abar.
Autodeterminazioa eguneroko bizi iraupenaren beharrari eta erronkari lotua
Beraz, autodeterminazio eskubidea ez zen agertzen, kasu eta momentu horretan behintzat, nazio batek Estatu batekin izan-beharreko harremanari lotuta, baizik eta komunitate horren eguneroko bizi iraupenaren beharrari eta erronkari lotuta. Desafio horretan, autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeak suposatzen du komunitate batek bere orainaren eta etorkizunaren ardura bere gain hartzen duela, soberania, gizarte eta garapen ereduaren inguruko eztabaida beste inoren bizkarrean utzi gabe. Baliteke, egunen batean, Ekuadorreko edota Amazoniako gainerako estatuekin izan beharreko harremanetaz edo banaketaz erabaki nahi edo behar izatea. Baina hori ez zen orduko eztabaida.
Ezagupen honek, nioen bezala, ikaragarri markatu ninduen ondorengo ibilbide ideologiko eta politikoan.
Borrokaren eremu eta edukiak subiranoki definitu
Sindikalista naizen aldetik, ikasi nuen, batetik, edozein komunitate, talde, nazio, gizarte… nor dela bere borroka eremua eta borrokaren edukiak subiranoki definitzeko, demokraziaren neure kontzeptua ikaragarri aberastuz eta sakonduz.
Gizarte eredua landuz, komunitate politiko bihurtu eta nortasun politikoa sakondu
Ikasi nuen, bigarrenik, gizarte ereduarekin zer ikusia daukan edozein gaiak (hezkuntza, osasuna, ingurumena, ekoizpen eredua…) komunitate oso bati eragiten dioen heinean, komunitate horren nortasun politikoa sakontzeko aukera ematen duela. Kultur, hizkuntza eta nazio-identitateak aparte, gizarte ereduaren elementuen inguruko erabakiek komunitate politiko bihurtu gaitzakete, banakoa besterik ez zegoen lekuan taldea, identitate kolektibo bat sortuz. Eta pentsatzen dut, gizarte ereduaren inguruan aritu nahi duen, erabaki nahi duen giza taldeari, soberaniaren debatea “naturalizatu” egiten zaiola. Soberania bailitzake, giza talde gisa, giza talde bezala bizitzeko aukera ematen digun tresna. Soberaniaren debatea desdramatizatzeko aukera ematen digu gizarte ereduaren elementuen erronka geurea egiteak beraz.
Autodeterminazioa giza taldeen aniztasuna berma dezakeen eskubide bakarra
Hirugarrenik, sentitu nuen, autodeterminazio eskubidea ahulen eskubidea dela. “Unibertsalen” jabegoa dutenentzat, autodeterminazioaren aldarrikapena etnizisten kapritxo bat besterik ez da, edota balizko zapalkuntza berri baterako, bengantza baterako prestaketa. Iruditzen zait, ordea, autodeterminazio eskubidea, bizi iraupena, erreprodukzioa bermaturik ez daukan giza taldeen eskubidea demokratikoa dela. Giza taldeen, hizkuntzak, kosmobisioak, ekoizpen eta bizi moduak, erreferentzia etiko edota bizitza eredu anitzen dibertsitatea berma dezakeen eskubide bakarra.
Beraz, abertzale izatea zer den gaur?
Gauza asko izango da noski. Baina horien artean honako hau sinistea eta aldarrikatzea: lurraldeari, kulturari, garapen eta gizarte ereduari edo beste edozeri begira, bere buruaren jabe izan nahi duen edozein giza talde izan daitekeela balore “unibertsalak” iristeko bide.
Bukatzeko, kontra-anekdota bat. Duela urte batzuk, El País egunkari jakobinoaren orrietan Carlos Nuñezi, Galiziako musikari bikainari elkarrizketa bat egin zioten. Esaten da Carlos Nuñez munduko gaiterorik onenetarikoa dela. Nazioartean asko aritu den artista da gainera, mundu osoko musikariekin aritzen dena. Hau horrela izanda ere, honako hau galdetu zion elkarrizketa egileak: zer dela eta egiten zuen Carlosek “musika etnikoa”? Pentsatu beharra dago, elkarrizketa egiten zuenarentzat, Édith Piaf edota Isabel Pantoja artista unibertsalak direla… gaitajole galiziar bat besterik ez bazara, ordea, etnikoa omen zara. Bada, horixe: gora etnia!