Aurtengo Aberri Eguna ezin denez karrikan ospatu, osasun larrialdi dela eta, Euskal Herria Baterak deialdi bat luzatzen du igande honetan, apirilaren 12an, ekimen berezi batean parte hartzeko. 2020ko Aberri Eguna kari, Euskal Herri osoan eta BATERA ikur kolektibo bat osatzea eta elkarrekin kantuan arizaitea proposatua da. “Baliatu dezagun 2020ko salbuespen egoera hau Aberri Egunari zeregin berri bat emateko: euskal komunitateko kide sentitzen garen guztioi erabakimena, garapen kolektibo eusgarria eta berdinzalea emango ligukeen Euskal Herria aldarrikatzea.”. Xehetasun guziak jarraian.
Euskal Herria batera: Adierazpena eta Sustatzaileak
Aurtengo Aberri Eguna ezin dugu kalean egin, osasun larrialdia medio. Ezintasun horrek berak, ordea, aukera ematen digu euskal nazioaren eguna Euskal Herri osoan eta BATERA egindako keinu batekin ospatzeko eta, aldi berean, larrialdi honetan bizia galdu dutenak omentzeko, dolua adierazteko eta zaintzan dabiltzanei denon esker ona adierazteko.
Osasun itxialdiaren zama arintzeko, BATERA irteten ari gara etxeetako balkoietara eta lehioetara, kantuan egiteko eta txalo jotzeko. Elkarrekin aldi berean egindakoak babesa eta indarra ematen digulako. Euskal Herrian BATERA egiten dugunak elikatzen du sendotu nahi ditugun komunitate sentimendua eta herri kontzientzia.
Horregatik, proposatzen dugu 2020ko Aberri Egunean Euskal Herri osoan eta BATERA ikur kolektibo bat osatzea eta elkarrekin kantuan egitea. Horrela aldarrikatuko dugu euskal herritarren, lurraldeen eta administrazio esparruen jardunentzat jomuga bateratua nahi dugula. Elkarrekin eraikitako egitasmo partekatuak emango diola gure herriari behar duen etorkizuna. Eta, gaur egun, nazio eraikuntzak behar duela oinarrian komunitate bat, guztion bizitza duina eta eskubide oinarrizkoak bermatuko dituena; eta baita pertsonen arteko berdintasuna nahiz elkarrenganako zaintza eta errespetua sustatuko dituena.
Krisialdi honetan euskal komunitateak bere indarra erakutsi du, berriro ere. Oinarri horren gainean, eta etorkizuneko erronkei begira, lankidetza aldarrikatu nahi dugu erakunde, eragile eta herritarron artean, bakoitzak bere ahotsari uko egin gabe gai izan gaitezen BATERA jarduteko, egoerak hala eskatzen duenean. Eztabaida demokratikoaren gainean eraikitzen den lankidetzak indartuko baitu gure herri izaera, sentimendu eta nortasun desberdinekin osatua. Indar horrek eramango du gure herria erabakimena duten herri libreei dagozkien eskubide politikoen jabe izatera.
Jar dezagun, beraz, EUSKAL HERRIA BATERA ikur bat osatzen, eta bakoitzak bere desioak adieraziz egindako argazkiekin josi dezagun mosaiko digital erraldoi bat, Aberri Egunean sare bidez mundura zabalduko dena.
Eta jar dezagun EUSKAL HERRIA BATERA kantuan, egun eta ordu berean euskal irratien emankizun bereziari jarraituz,, ikurrinez eta Nafarroako banderez apaindutako balkoietan.
Baliatu dezagun 2020ko salbuespen egoera hau Aberri Egunari zeregin berri bat emateko: euskal komunitateko kide sentitzen garen guztioi erabakimena, garapen kolektibo eusgarria eta berdinzalea emango ligukeen Euskal Herria aldarrikatzea. Zinez sinesten dugulako, eskubide guztien jabe izango den gure nazioa eraikitzean, mundua hobetzen ari garela guri dagokigun partean.
EUSKAL HERRIA BATERA.
Talde sustatzailea:
MAPA BAT, ABERRI EGUN BEREZIAN.
Une gogorretan azaleratzen da herrien txarrena eta onena. Nazio auzolan handi bat martxan da jada. Arriskuaren lehen lerroan borrokan ari direnez harro. Balkoi, leiho eta pantailetatik jariatzen diren mila eta bat laztan, animo, borroka… bizitza keinuez harro. 2020ko Aberri Egunean den bezala azalduko den herri eredugarri bat. Denon mapa bat osatuko dugu, gu guztion milaka argazkirekin. Elkartasun mezuak helaraziko dizkiegu modu batera edo bestera sufritzen ari direnei milaka euskal herritarren aurpegiekin. Milaka testu txikirekin osatutako mapa bat, Historiarako.
Kartela jaisteko eta mezua idazteko, bai eta zure argazkia igotzeko, klika hemen : www.aberrieguna2020.eus