Mende haste honetan, Euskal Herria hiru eskualdetan zatitua dago gure bi auzo handien artean: Espainiako Erreinuan batetik Euskadiko Autonomia Erkidegoa (EAE) Baskongadetako hiru lurralde historikoekin (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa), bestetik Nafarroako Foru Komunitatea (Nafarroa Garaian), bakoitza bere gobernu, legebiltzar eta hiriburuarekin (Gasteiz / Vitoria mendebaldeko Euskadi delakoak, Iruñea /Pamplona Nafarroa Garaiak); Frantziako Errepublikan Euskal Hirigune Elkargoa, Iparraldeko hiru lurralde historikoekin (Lapurdi, Baxenabarre/Nafarroa Beherea eta Zuberoa), hiriburua Baiona.
Legez EAE hiru eskualdeetarik indartsuena da Gernikako Araudiari esker. Iparraldeko eskasiaren aldean botere maila gora du. Haatik begien bistako muga nabariak ditu. Berrogeita hiruzpalau urteren buruan Gernikako Araudiak aitzin ikusten dituen eskumen batzuk ezin bilduz ari da euskal gobernua. Bestalde Kataluniako aferan agertu da nola Espainiako gobernuak autonomia bazter dezakeen eta lotan ezar, berari oztopo egiten dionean. Gainera Covid 19 delakoaren pandemia denboran, Madrilgo gobernu horrek nahi zituen erabakiak hartu autonomien gainetik, Frantzia jakobinoak bere eskualdeen gainetik egin duen bezala. Alemanian ordea gobernu federala barneko Estatuen adostasuna bilatuz arizan da. Emaitzak araberakoak izan dira: txarrak Espainian eta Frantzian, hobeak Alemanian.
Kontua da Espainia ez dela Estatu federal bat, baina Estatu bakun bat eskualdekatua. Beraz hor erkidego autonomo batek ez du Estatu federal batean bezalako segurtamenik. Edonoiz gobernu zentralarekin ezados gerta daiteke, azken hitza indartsuen horrek duelarik ia baitezpada eta derrigorrez. Hoberenean eskualdeak edonoiz negoziatu behar du. Ziurtasunik ezak ahalmenak franko murrizten dizkio.
Beraz Baskongadetako autonomia horrek bi hautu ditu: edo Araudi hobe bat erdietsi, edo ezinbestean Gernikakoa sakondu. Lehenbidea hartu zuen 2003an Ibarretxe Lehendakariak bere Plan ezagunarekin, subiranotasun partekatua bilatuz. Euskadiko Legebiltzarrean gehiengoa lorturik 2004ko abenduaren 30ean, Madrilgora joan zen, baina han Zapatero gobernuburuak aurka egin zion, eta Gorteek Plana ikertu gabe baztertu zuten 2005eko otsailaren lehenean. Geroztik Eusko Jaurlaritzaren buruzagitzan dagoen EAJ saiatzen da Gernikako Araudiaren betearaztera urraska, autonomia sakonduz eta indartuz. Ber denboran Iparraldea eta Nafarroarekin harremanen biderkatzea bilatzen du.
Horrek ez dio baitezpada baztertzen Araudi hobe baten bilatzea, bereziki autodeterminazio eskubidea barne. EAJ saiatu nahi litzateke ezkerreko abertzaleekin batera, baina bi oztopo handi baditu: bata euskal alderdi nagusia egoteko irrika edo tirria, luzaz ia bakarra izan ondoren; bestetik PSOErekiko aliantza historikoa: espainiar sozial-demokrazia hori, Euskadin eta Nafarroan aspalditik ongi errotua, ez dago espainiartasuna mehatxa lezakeen urrats baten egiteko prestik. Nafarroan berriki arte nagusi egon diren eskuin neofrankistek Euskadiri bizkarra eman diote. Gernikako Araudiak Nafarroari atea irekirik uzten dio berak nahi duenean sartzeko, baina hautu horren egiteko aukerarik ez zaio eskaintzen erreferendum bidez. Gainera euskararen garapena ahal guztiez oztopatzen dute eskuin gogor horiek. Azkenean boterera iritxi dira ezkerrak eta abertzaleak, baina noiz arte?
Iparraldeak ere azkenean izate ofiziala badu, eskumen demokratiko batzuekin.Haatik botere mugatua du, eta beti bezain beharra zaio Araudi berezi bat, Frantziako Konstituzioak ahalbidetzen duena.
Hiru euskal eskualdeek beren izaera nazional eta demokratikoaren sakontzea dute, indartzea, zabaltzea ere ahal oroz,baita elkarren arteko harremanen aberastea,lotzea, finkatzea ere. Mementoan hortik doa gure geroa, autogestio ahalik eta handienean eta konbergentzian. Independentziara iristea zail ageri zait epe laburrera. Europan XX. mendean beregaintasunari esker beren Estatua eraiki duten nazioek krisi geopolitiko larri batzuei esker lortu dute, batzuek munduko lehen gerlaren ondotik, besteek Sobiet Batasuna eta Iugoslabia desegin direnean. Salbuespen bakarra Txekia eta Eslobakiarena dugu, adostasunean dibortziatu baitziren 1993ko urtatsez.
Ez gaitezke krisi geopolitiko baten zain egon, baina sekula holako zerbait gerta baledi, baliatzeko prest izan beharko genuke. Hortako eta zer nahi gisaz ere, lan egitea dugu sail eta maila guztietan, oinarrien finkatzeko eta pareten azkartzeko. Teilatua ere hasia dugu, baina bukatu behar: azken urrats nekea, eta nire ustez luzea baina beharrezkoa, euskarak eta herriak iraun behar badute.