« Tourreko » lehen hiru etapen irudiekargi utzi dute euskaldungoaren indarra Bizkaian eta Gipuzkoan, baita hein batean Lapurdin ere.
Frantses kazetariek ongi aipatu dute, beraz atsegin hartu dugu.
Haatik aldi bat gehiago deitoratu behar dut nola euskaldungoaren gaia osoki beretzen duen mendebaldeko Erkide autonomoak, bera Euskal Herri osoa balitz bezala, Iparraldea eta Nafarroa Garaia ezabatuz. Euskal Herriaren erdal izena telebistako leihotik etengabe ikusi dut hiru Baskongadek elkarrekin osatzen duten mapari lotua, hiruki txiki horrek herrialde guzia irentsiz. Bakoitza borrokara doa bere armekin. Nireak ez dira hainbat politikakoak, literaturan gustuanago nabil, eta hortik ariko natzaie mendebaldeko buruzagiei baita beste mota guzietako arduradunei deika ere, beste bi eskualdeetako euskaldunei zor dutenaz oroitu daitezen.
Euskal literatura Nafarroan sortu zen, bereziki Akitaniako partean, eta goizik hasi, XVI. mendean, Etxepare eta Leizarragarekin, ondokoan Axularrek eta ingurukoek segida hartuz Lapurdin, Oihenarteke ta Belapeirek Zuberoan.
Gipuzkoa eta Bizkaia mende pare bat berantago hasiko dira. Halere lapurterak goiko aulkian iraunen du luzaz beste euskalkien gainetik, nahiz Lapurdiko letrek ozka bat behera egin zuten XVIII.mendean, ekonomiarekin batera, Ternuako arrantza tokiak galdu ondoren.
Gaur lapurterak eremua zinez murriztua du, batetik frantsesaren tsunamiak itoa, bestetik behenafarrerak Iparraldeko euskaran hartu berri duen gaintasunak zokoratua.
Haatik euskara batua Lapurdin sortu zitzaigun, zehazkiago Baionako Biltzarrean,1964ko udan. Hori ere oroitarazi nahi diet mendebaldeko haurride handiago baina gazteagoei.
Nafarroatik hasi naiz, Nafarroarekin bukatuko dut. Gure literaturari hasiera emanik hain distiranki, gero zinez behera egin zuen sail horretan. Berriki arte Nafarroa Beherean ez zen hainbat idatzi tokiko euskalkietan, lapurtera baitzen latinarekin batera Eliza katolikoaren hizkera Zuberoako mugaraino.
Nafarroa Garaian, Ximeno Xuriok dioskunez, XVII. mendean euskara hizkuntza nazionala zen (Navarra, Historia del Euskera, 103. or.). Idazlerik bazuen, baina ez hainbat nabarmendu zenik. XVIII. mendean beheraka hasi zen Espainiako politikak horretara bultzaturik.
Adibidez 1766an aita Kardaberazen liburu bati Iruñean agertzea debekatu zion gobernuak. Iñigo Loiolakoaren bizitza bat zen, beraz politikoki egokia, haatik euskaraz idatzia, eta hori bekatu mortala zen.
Beraz XIX. mendean euskararen egoera zinez gaizkonduko da hor. Halere izen handi bat agertzen da Iruñerrian, Joakin Lizarraga (1748-1835), Elkanoko erretorea, euskaraz asko idatzi duena Iruñea inguruko euskalkian. Gure garaian Euskaltzaindiak idazkien parte bat argitaratu dio edizio kritiko batean. Mendeko bigarren partean hor dago Arturo Campion sonatua, eta ondokoan ohorea salbatuko dute Iruñeko Irigarai aita-semeek.Errota/gurpilak itzuli handi bat egin du XX. mendean, lehenik Nafarroa Beherean,gaitzeko izen andana ekarriz :Arbelbide biak, Barbier, Jean Etxepare biak, Moulier/Oxobi, Narbaitz biak, Etienne Salaberry, Aintziart, Alfaro, Amestoy, Itxaro Borda, Bordagaray, Aines Dufau, Duny-Pétré, Erdozaintzi-Etxart, Haritschelhar,Landart, Larre, Orpustan, Elena Pagaburu, Pagola, Marikita Tambourin, Thicoipé, Xalbador…antzerki berrian Lucu, Irigoyen anaiak, Pantzo Irigaray…Eta Nafarroa Garaian izen handibatzuk: Epalza, Perurena, Zabaleta…bertsolariak ahantzi gabe.
Zubi luzea ez da eten. Gu ere hor gaude, nafarrak, lapurtarrak, zuberotarrak eta diasporakoak, mendebaldekoak bezain euskaldunak.
Nekez bada nekez, bizi gara, ez gaude geldirik, ez dugu etsituko.Denen beharra badago, inor ez da soberan.Gu abarkatuz, edenez eta kabituz ere, ez zait iduri Euskal Herria behar baino zabalagoa denik.
One thought on “Gu ere hor”
Comments are closed.