Azken urte hauetan Ipar Euskal Herrian etxebizitza duina atxematea eta bizi izatea desafio handia bilakatu da gero eta jende gehiagorentzat, are handiagoa zailtasun bereziak dituztenentzat.
Arrazoiak aspaldidanik ezagutuak dira: lurraldearen “erakargarritasuna”, goi mailako turismoa eta masa turismoa, lurraren inflazioa, lur kudeaketa kolektiboaren eskasa, alokairuen emendatze izigarria, espekulazioa, bigarren bizitegien eta Airbnb gisako bizitegi mueblatu iraunkorren biderkatzea, etengabeko urbanizazioa, etxe hutsak zaharberritzeko politika urriak, bizitegi sozialen eraikitze eskasa, urgentziazko bizitegien eskasa…
Alta, fatalitaterik ez da: lurralde batzuk frogatzen ari dira arazo hauek partez konpontzen ahal direla, borondate politikoa izanez gero eta tresna eta dispositibo berritzaileak baliatuz. Horrela arituz, tokiko biztanleek bizitegia herrian atxemateko eta herrian bizitzeko duten eskubidea hobeki babesten dute.
Ipar Euskal Herrian tokiko hautetsiei politika ausarta eta beheralakoa plantan ezarri dezaten galdegiteko tenorea dugu, hemen bizi eta lan egin nahi duten guziek horretarako posibilitatea izan dezaten.
Hona hemen etxebizitza politika egoki batek kontuan hartu beharreko hainbat oinarri:
• etxebizitzen eta lurren merkatuaren erregulazioa esku ikusezin famatu horrek ez dezala gehiago tokiko jendea kanpora bizitzera behartu. Etxeak eta apartamenduak bizitzeko lekuak izan behar dira, ez espekulatzeko ontasunak (adibidez, lehentasuna urte osoko alokairuei eman behar zaie urte osoan bainan behin-behinean Airbnb bezalako egituren bidez alokatzen diren bizitoki mueblatu turistikoei baino).
• lurraren eta etxebizitzaren kudeaketa publikoa edo kolektiboa (adibidez lurrak erosteko herri edo herriarteko polikak sendotuz, laborantza lurrak babestuz, jendeak erosi etxebizitza sozialak merkatu espekulatiboan eror ez daitezen BRS (Bail Réel Solidaire) bezalako mekanismoak sistematizatuz).
• “etxebizitza bat denentzat” printzipioari lehentasuna (adibidez bigarren bizitokien kopurua mugatuz, fenomeno horren ttipitzeko neurri fiskalak hartuz).
• etxebizitza duina eta eskuragarria izateko eskubidea errealki gauzatuz (adibidez alokairuen prezioak erregulatuz, bizitoki sozialen kopurua azkarki emendatuz -eta bereziki bizitoki arras sozialena- eta urgentziazko aterpetze toki gehiago sortuz).
• urgentzia ekologiko eta klimatikoekiko uztargarritasuna, artifizialiazioa gelditzeko neurriak eta janari burujabetasuna (adibidez bizilekuen dentsitatea, herria herriaren gainean garatu, bigarren bizitokiak eta bizitegi hutsak urte osoan zehar bizigarri bilakarazi…).
Herrian bizitzen segi ahal izateko denak mobilizatu behar gira, hemen eta orain!
Hitzordua manifa haundian
etxebizitza eskubidea denetzat
azaroaren 20an, 15:00etan, Baionan !
100 izenpetzaileak (ikus beherean)
One thought on “100en deialdia: Vivre et se loger au pays ! Espekulazioari ez!”
Comments are closed.