Kataluniako azken hauteskunde kanpaina arras atipikoa izan zen pandemiaren itzalarekin. Hala ere, hauteskundeak iragan ziren. Parte hartze eskasa izan zen ezaugarri nagusia. Parte hartze murritz hori ez da bakarrik pandemiaren gain eman behar. Arazoin politikoak daude horren gibelean.
Iragan berri diren Kataluniako hauteskunde kanpainan zehar, alderdi politiko guziek aho mihitan izan zuten hitz sakratua izan zen “aldaketa”rena. Hilabete berantago haatik aldaketa baino gehiago erabiltzen den hitza “duda” da hain segur. Seguraski gobernu koalizio berria osatzeko ERC, Junts per Catalunya eta PDeCAT alderdiak akordio baterat helduko dira. Alta egiazko aldaketa bat gerta dadin, berez oraiko protagonistek errotik zerbait aldatu behar lukete beren ohizko estrategiatik. Ez du emaiten holakorik gertatuko den. Independentistak CUP barne zerbait funtsezkorik aldatu nahi ote dute? Ez du emaiten. Seguraski hirukote independentistek gobernu “berria” osatuko dute, kanpotik CUPek sustengua ekarriko duelarik. Bainan zer perspektiba egiazki berritu eskainiz herritargoari? Jada 2017an segurtatu zuten Katalunia burujabe eta independente izanen zela. Lau urte berantago, gertatuak gertatu, emaiten du betiko amets melankoliko hartan dabiltzala itzuli mitzulika bezala. Ezertarako balio badu ere alderdi bozkatuena izan zen aldi huntan PSCko sozialistak delako urrezko medaila xokolatezkoa papoan, aliatu guti aurkituko baitu gobernu bat osatzeko. Eskuin espainiarreko PP eta Ciutadan’s peko errekaratu dira Vox alderdi frankista eta faxistaren mesedetan.
Bi blokeen arteko aldea haunditu da
Bada eta badute pentsaketa egitekoa gisa hortan eskuin muturreko alderdi berri bat indarrean sartzea parlamentuan 11 deputaturekin eta kasik 220 000 bozekin. Beste emaitzak agian aintzinikusiak ziren gutti gora behera, parte hartze arras ttipia barne. Balio luke agian soziologoek analisatzea parte hartzearen beherakada hori pandemia gatik edo nolabait herritarren nolabaiteko aspertze batek eraginen duen. Kuriosoa da ohartzea duela zonbait urte gibelerat joanez nola Euskal Herritik enbeia zerbaitekin so egiten zitzaion Kataluniako egoerari eta bilakaerari, bere elkarrizketa politikoaren ahalmenari edo akordioetarat heltzeko borondateari. Garai haietan jada tripartitoak ziren gobernu koalizioak Pasqual Maragall buru. Mementu haietan agian PSC gauregun baino federalistago zen eta PSOEtik “independenteago”. ERC berriz pragmatikoa zen, nolazpait bere ezkerreko izaitea lehenesten zuelarik bere independentista aldeari begira. Ohizkoa zen ikustea Zapaterok akordioak lortzen Carod Rovira eta Puigcercosekin. Hori dena emaiten du biziki urrun dela jadanik.
Abstentzio maila haundi batek
eta sektore independentistaren mobilizazio azkar batek
ahalbidetu dute lehen aldikotz Katalunian
independentziaren aldekoek
botoen %50a gainditzea.
Azken emaitzeri berriz zentratuz, lehen konklusio argiena da independentista/espainiar konstituzionalista konfrontazioa beti bezain pil pilean dela, lehen aldikoz independentistak buru labur batez aintzinean heldu direlarik emaitzetan. Konparatuz 2017 eta aurtengo emaitzak hiruzpalau datu ez dira batere aldatu. Lehenik aldi huntan ere alderdi bozkatuena ez da izan alderdi independentista bat. Bigarrenik aldi huntan ere bi alderdi independentistek nahi badute gobernua osatu berriz ere bortxatuak izanen dira bere emaitza hobetu duen CUPen laguntza izaitea. Hirugarrenik aldi huntan ere hartzen badugu kondutan esker/eskuin dialektika, diferentzia bi blokeen artean haunditu da pasatuz 74-62 batetik 83-52 baterat.
Pentsaera logiziel aldaketaren beharra
Erran daiteke ere elementu berri batek eragin duela emaitzetan: abstentzio maila haundi batek eta sektore independentistaren mobilizazio azkar batek ahalbidetu du lehen aldikotz Katalunian independentziaren aldekoek botoen %50a gainditzea. Psikologikoki ez da gauza ttipia.
Hauteskunde emaitzek berez, hiru gobernu hipotesietarik (gobernu independentista, konstituzionalista eta transbertsala) bi berez erortzen dira. Bigarrena boto zenbaketagatik eta hirugarrena intentzio ezagatik.
Seguraski beraz lehen hipotesia gauzatuko da, zailtasun gogorrekin halere ikusita CUPeko ezker muturrekoak azkartu direla eta jakinik ERC eta JxCaTek ez dutela elgar ikusten ahal begiko zikina baino gehiago.
Horiek hola halere erran daiteke perspektiba politiko ilusionante guti sor litaikela mandatura berriko lau urtez. Urratska gauzak aldatzen joaiteko eskua ERCk dauka dudarik gabe. Aldaketa dudarik gabe ezkerretik etorriko da, etortzekotan. Berari dagokio bide egitea indar transbertsalki ezkerrreko sektore ezberdineri hurbilduz, barne PSC eta Podemos agian, helburua izanki hiruzpalau urtez Madrileko gobernuarekin adostea autodeterminazio erreferendum bat.
Pentsaera logiziel aldaketa bat posible ote da hemendik aintzina?
Nolabaiteko heldutasun edo kontsentsu poltikorako bidea hartzeko gai ote dira Pedro Sanchez eta Oriol Junqueras? Betiko fitxen mugitzen laguntzeko agian tenorea jina da buruzagi independentisten kartzela egoerak deuseztatzea indultoak definitiboak pasatuz, epe ertainerat erabakitze eskubideari buruz modus vivendi bat adosten hastea helburua izanki estado federal eta plurinazional baten oinarriak jorratzen hastea. Hau gauzatzen hasteko borondate berriak edo berrituak beharrezkoak izanen dira. Bainan hori guzia jadanik beste historia bat da.