Bizik asteazkenean, azaroaren 18an Baionako hiri-erdian den Monoprix saltegi barneko Amazon-en banatze autozerbitzu gunean protesta ekintza burutu du. Ekintza hori bereziki zabaldua izan da Estatu mailako hedabideetan, bertako hainbat telebista kate nagusik hedatu dutelarik. Beste ekintza batzu iragan dira azken egun hauetan beste hainbat hiritan, bereziki ANV-COP21, ATTAC eta Les Amis de la Terre mugimenduen ekimenez.
Astelehen honetan, azaroaren 23an, Baionako Monoprix-ko Amazon-en banatze gunea hetsia da eta bertan taula batek ondoko mezua darama: “Testu ingurua dela eta, kutxatilak mementoan hetsiak dira”. Egoera berdina da Estatu mailako beste hainbat hiritan. Bizi!k atseginekin hartzen du Amazonen eta multinazional honek ordezkatzen duen munduaren kontrako herritar mobilizazioaren lehen garaipen hau. Gure ekintzak jarraituko ditugu Euskal Herriko Amazon-en beste banatze guneen hestea galdatzeko, eta Baionako Monoprix-ko gunearen behin betiko, eta ez behin behineko, hestearen lortzeko.
Klima, justizia soziala, jendarte jasangarria: Amazon, aski da!
Amazon kanpora!
Sekulan baino gehiago, defenda ditzagun ekoizpenen eta kontsumoaren birtokiratzea, eta sustenga ditzagun hurbileko saltegi ttipiak!
Amazon: Bizik Baionako Monoprix-ko Amazon-en autozerbitzu gunea blokatzen du
Asteazken honetan, azaroaren 18an, Biziren hainbat ekintzalarik Baionako hiri erdian den Monoprix barneko Amazon-en autozerbitzu gunea blokatu dute, ezin onartuzkoak diren Amazon-en abantailen salatzeko. Azken honek konfinamendu garaian premiatsuak ez diren ontasunen banatzen jarraitzen ahal du, Baionako eta frantses Estatu mailako saltegiak, ez direlarik premiatsuak bezala kontsideratuak izan, oraino zehaztu gabea den iraupen batentzat hetsiak direlarik.
Elikaduraren arloan ez diren 200 000 saltegi hetsiak egoitera behartzen dituen birkonfinamendu honen garaian, Amazon bezalako e-merkataritzako plataforma handiek beren merkatu zatiak emendatzen dituzte eta sekulan baino gehiago, bata bestearen ondotik peko errekara erortzeko arriskuan diren hurbileko saltegi ttipiak mehatxatzen dituzte. Bizik, Amazon-ek kontsumitzaileei saldu nahi dien, lanpostuak eta klima suntsitzen dituen mundua, gaitzesten du, eta Baionako merkatariak sustengatzen ditu garai zail hauetan.
Ekintza honen bidez, elkarteak nahi izan du Monoprix-ren jarreraren kontra bere gaitzidura adierazi: “Supermerkatu batzuk, zailtasunetan diren saltegi ttipiei eskaintzen dietelarik beren atarian tokia, Monoprix-k hautatu du bere aldetik, Amazonen, hots saltegi ttipi horien gaur egungo harrapari handienetariko baten honerat gomitatzerat. Baionako Monoprix-ren zuzendariari galdegiten diogu segidan banaketako gune honen hestea eta desmuntatzea!” zion megafonoan Olivier Hirigoyen-ek, goiz honetako ekintzaren bozeramaileak, elkartasuna adierazi duten zonbait bezeroen eskuzarten artean, Baionako Monoprix-ko zuzendariari aldarrikapen hori zeraman gutuna utzi aintzin.
Biziren militanteentzat, onartezina da Amazon eta Jeff Bezos bere zuzendari nagusia, Covid 19 krisiaren irabazle handien artean izaitea, tokiko ekonomiaren kaltetan.
Elkarteak, e-merkataritzako plataformaren jarrera arduragabeak salatzen ditu. “Enpleguak suntsitzeaz gain, Amazon-ek planetaren beste aldetik inportatzen ditu produktuak, garraio kutsagarrienak erabiliz, lan baldintza txarrak inposatuz langileendako, tokiko saltegi ttipiak suntsituz eta gehiegizko kontsumora bultzatuz. Amazon-ek saltzen digun mundua errefusatzen dugu! Injustizia hori eta Amazoni eta haren frantses lurraleko biltegi proiektuei tapiz gorria hedatzen dion frantses gobernuaren gaizkidetasuna salatzen ditugu.” erran du Magali Etcheverria, Biziko bozeramaileak.
Gutti egun falta direlarik azaroaren 27a arte, Bizi!k krisi klimatiko eta sozial garai hauetan asaldagarria den gehiegizko kontsumora bultzatzen duen Black Friday egunaren boikotatzeko deia luzatzen du.
Ekintzaren argazkiak zuen hedabideetan erabiltzeko behar eskubide guziekin hemen eskuragarri:
https://drive.google.com/drive/u/2/folders/1aBET1Xqdre6M97TMfhryDslxtO5KUvNW
Frantses Estatu mailan Amazon-ek dituen eraginei buruzko informazio gehiago hemen: https://www.amazonsoldelaplanete.org/anv-cop21
Amazone bezalako enpresak ez dira beharrezkoak eta kaltegarriak dira. Txalotzen dut BIZI-k egindakoa. Biba zuek!. Bigarren konfinamendu horren garaian postaren bitartez erosi ditut nahi nituen liburuak. Baita e komertzioa esisitzen denboretan : 1983-an Santo Domingotik Buenos Aires-ko liburutegi batetik liburu batzuk erosi ahal izan ditut (10 egunetan). Naski AMAZON-en aldekoek esaten didatenez, garestiago pagatu dut eta denbora luzeago baten ondoren lortu dut. Nik hori bost axola. Behintzat denda txikiak suntsitzen ari den eta langileak errobotak bezala konsideratu eta tratatzen dituen enpresa lapur hori ez dut sostengatzen. Halako ekintza gehiago beharrezkoak izanen dira , kontutan harturik Oiartzunen (Gipuzkoan) AMAZON denda berri bat ireki nahi dutela. Horrek ez du pasatu behar.