Argitxu ETXANDI
Hurbiltzen ari diren Europarlamentuko hauteskundeek garrantzi berezia ukanen dute, datozen urteetarako zein nolako Europa izanen den laster marraztu beharko baitute Europa kudeatzen duten erakunde guziek. Hara jokoan dauden erronkak.
Migranteen krisiak Europar Batasunaren hausturaren sakontzea dakar. Izan ere, Estatu anitzei leporatzen zaie Europar Batasunean hartzea interesatzen zaiena, hots, dirua, baina horren truke elkartasun ekintzetan ez parte hartzea.
Hala leporatzen zaie ekialdeko herrialde batzuei bereziki, Visegradeko taldea kasu – Polonia, Txekia, Eslovakia, Hungaria -. Herri horien jarrerak zalantzan jartzen du Europar Batasunaren oinarri-oinarrizko printzipioetariko bat: elkartasun printzipioa.
Ez da lehen aldia funtsean, Greziaren krisiak jadanik gatazka franko sortu baitzituen Europar Batasunaren baitan. Erran behar da, zehazki, gaur egun ez dela existitzen horrelako muturreko jarrerak zigortzeko mekanismo juridikorik Europar Batasunaren baitan. Aski da ikustea zoin ahulak diren Viktor Orban Hungariako lehen ministroari aplikatu zaizkion neurriak, urteetan Europar Batasunaren balioen kontrako jarrera erakutsi duelarik.
Birmoldaketa hori baliatuz,
Europar Batzordeak proposatu du
2021tik goiti Zuzenbide Estatuaren errespetuak
diru laguntzak baldintzatu ditzala.
Azken hamar urte hauetan Europar Batasunak bizi duen krisia hau existentziala eta estrukturala dela erran genezake. Irail hasieran, Macron presidenteak Salzburgeko diskurtsoan adierazi zuen bezala, batasunaren fundatzaileek gogoan zuten hasierako asmoa, hots, Estatuen interesak gainditzen dituen zerbaiten eraikitzea, kolokan jartzen da gaur egun.
Demokrazia jokoan
Diagnostikoa oraino argiagoa da kondutan hartzen delarik Erresuma Batuaren joatea.
Bestalde, Erresuma Batuak Europar Batasuna uzteak baliabideen murrizketa eraginen du hein batean. Testuinguru horretan, Europar Batasunaren batzordea jadanik 2020tik haratago pentsatzen ari da, etorkizuneko Europa prestatzeko.
Ondorioz, Europarlamentuko hauteskudeen ondotik, kuadro finantziero berria plantan jarriko da ondoko zazpi urteetarako. Kohesio politikari esleitu funtsen apaltze bat aurreikusten da, beste lehentasun batzuen mesedetan, hara nola krisi migratorioaren kudeaketa eta defentsa.
Birmoldaketa hori baliatuz, Europar Batzordeak proposatu du 2021tik goiti Zuzenbide Estatuaren errespetuak diru laguntzak baldintzatu ditzala. Beste gisan erranez, Estatu batek Zuzenbide Estatuari lotuak diren oinarrizko printzipioak – hots, demokrazia, giza eskubideak – beteko ez balitu, Europako laguntzarik ez luke jasoko.
Azpimarratu behar da ekialdeko herri zenbaitentzat Europako laguntza hauek Barne Produktu Gordinaren %4a osatzen dutela. Macron eta Merkel urrunago doaz, imigrazioa eta aisilio politika batua kunplitzen duten herriei Schengen espazioa hestea eskatuz eta lankidetza hauen indartzea galdeginez.
Hori dela eta, datorren udaberrian iraganen diren europarlamentuko hauteskundeek bereziko garrantzia dute, erronka guzti hauek jokoan direlako.