Duela hamar urte lehen AMAPa sortu zen Baionako Polo Beyris auzoan baratzezain baten inguruan. Hamar urteren buruan, hogoitahamar bat AMAP(*) badira Ipar Euskal Herri huntan. 90 laborari eta 1.600 familia elgarretaratzen dira astero Atharratzetik hasi ta kostaldeko herrietaraino. Iragan berri den AMAP-en biltzar nagusitik landa, hara zein diren AMAP-ek berretsi helburuak.
Bixtan dena jende gehiena oraino supermerkatuetarat joaiten da, bixtan dena oraino laborari gehienek sail luzeen bitartez saltzen dituzte beren esne, bildots, ahatxe ta gaineratikoak. Hala ere hamar urtez, AMAP fenomeno berri hori hola hazi balinbada zerbait aldaketaren seinale da eta ez da gutiestekoa.
Alderantziz, aldaketa haundi baten adar bat gehiago da. Jasaiten dugun sistema kapitalista huntan, alternatiba bat gehiago izan nahi du AMAPak : iraultza bat da laborariendako, behar baitute etxaldetik atera.
Sistemak hain zuzen laboraria janariaren ekoizle huts bezala pentsatua baitu ta hortarat mugatu nahi. Eskolatik haste errepikatu zaigu bakarrik ekoizle, berezitua, profesionala, chef d’entreprise izpirituarekin jokatu behar ginuela.
Konpetitiboak izan behar ginuela, prezio apalak gaindi zitezkeela teknikari esker. Kosta prezioak produktibitateari esker beti apalago finka ginezazkela…
Hortan ginen, hortan gira oraino laborari gehienak! Logika madarikatu horrek minbiziak bezala eskualde guziak joak ditu.
Fatalismoa urratu
Kondenatzen gaituen fatalismoa urratu eta etxetik, etxaldetik, ateratzea da lehen urratsa. Kontsumitzaileari buruz bagoaz. Gure etxaldeetan hazi edozein kabale edo barazki eskuetan – gure esku latzetan – hartu ta burua gora, harrotasunez eskaintzen dizkiegu aintzinean luzaturik dauzkagun esku leuneri. Eskuek egiten duten moduan, solasak trukatzean, egunerokotasunean eta egian finkatuz, konfiantxaren eta elgarren errespetuaren haziak harreman eder bat, harreman berri bat, sortzen du laborari ta kontsumitzailearen artean. Beste aldean ere, kontsumitzaileak bide aldaketa gaitza egin behar du. Hura ere moldatu egin du sistemak: supermerkatu beti ta haundiagoak sortuak izan dira, beti ta sofistikatuagoak. Hautu desberdin ikaragarriak, itogarriak, pentsatuak dira jendea kontsumitzera erakartzeko. Jendea ekai moldagarri huts bezala aztertua da, ondotik zientzia nardagarri baten biktima bilakatzen da. Beraz bai, lanetik landa Baionako edozein auzotako edo berdin Garaziko gizon edo emazte batek indar gisako zerbait egin behar du 6ak ta erditan, hantxe, zoko batetarat joaiteko, laborariari buruz.
Bi mundu elgarretaratzen
Urrats haundia da, ez beti hain xinplea. Bestea aise xinpleago bezala aurkeztua izan baitzaigu beti. Bizkitartean, gisa hortan gira, batzu ta besteak, gure hautuetaz berriz jabetzen. Bi mundu dira elgarretaratzen. Hamar urtez zenbat janari banaketa, zenbat bilan bilkura, zenbat solas, zenbat irri, zenbat baso husturik gure ekoizpenen jastaketetan, zenbat etxalde bisita, zenbat trukaketa gure eguneroko lanaren azalpenak egitean! Zenbat ezjakintasun ez da airatzen gauzak xinpleki, xeheki, agertzen direlarik!
Hamar urtez zenbat janari banaketa, zenbat bilan bilkura,
zenbat solas, zenbat irri, zenbat baso husturik
gure ekoizpenen jastaketetan,
zenbat etxalde bisita, zenbat trukaketa
gure eguneroko lanaren azalpenak egitean!
Janari sanoak, hemengoak bainan arauditegi batean finkatzen direnak: peztizida ta ekai kimikorik gabekoak. Hamar urte AMAPek alternatiba izan nahi dutela. Hamar urte ereiten ari direla herritar ta laborarien arteko loturetan, hartuemanetan. Alternatiba ekonomikoa bainan ere giza harremanetarako. Sail huntan ere ikaragarria dugu lan eremua… le chantier. Bainan batzu ta besteen aurpegietan ikusten dut motibatzen nauen zerbait. Ilusioa. Horrek zernahi balio du.
(*) AMAP, Association pour le maintien de l’agriculture paysanne