EHZ FESTIBALA 30 URTEZ
2009. Altxatu beharra. Uztailaren 4a, gaueko hamaikak. Heletako plaza sutan. Larre ostatuaren aldameneko barrukian, kontzertuen pentzerako sarbidea ertsiegia da, jendez gainezka, denak zainetan eta presaka. Manu Chaoren ahotsa, aldi berean urrun eta hurbil. Fokoek milaka begi itsutzen dituzte, eta atzekaldeko ilunpean, Baiguraren mamu isilak EHZko gau hezea lehen aldiz babesten du.
“Herri bat zuzenean” lelopean sortu berri festibalak itxurazko gau itzela bizi zuen. Ahaztezina. Garaiko bizipen latzen neurrikoa. Idauze Mendiko zatiketak eta zauriak oraindik artatzen ari ginen; muntaketa garaian atxilotutako laguntzaileak gogoan. Hala ere, EHZk hilabete gutitan sekulako apustua irabazi zuen: lehen aldiz, festibala herri baten baitan antolatzea.
Ufatzeko unerik ez. Herriari egokitu, elkar maitatzen ikasi… eta ez beti lortu. Autobus zerbitzu efimeroa asmatu bestazaleak aparkalekutik herrira eramateko; lau kilometroko hesi-eraztuna altxatu; 700 herritar bilkura publikoen bidez lasaitu; zirkulazio plan zorrotza ezarri… Halakoa izan zen Heletako urteen taupada.
Urte hartan, ordea, gauero balantzaka, bere oihaletxera sartzen saiatzen zen festibalari axolagabea besterik ez nintzen.
2010. Udaberriak udazken kolore. Martxo hondarrean, EHZk bere hegalak zabaldu zituen, Ipar Euskal Herriko gazteria astindu eta mobilizatu nahian. Garai oparo baten keinulari ote? Biarritzeko Gare du Midin, “Klasikotasuna” (Itoiz suite) aro berriaren « lehenbiziko bala »; apirilean EHrZ lehiaketa Atabalen; maiatzean “Elektrotasuna” Hazparnen. EHZk festibala baino urrunago hegan egin nahi zuen.
Pizturen itzala oinarri, Ikaroren hegalak soineko… eta sasi guztien gainetik berriz abiatu beharra. Ufatzeko unerik ez. Permanentearen atxiloketa, Heletak ezagutu gabeko ekaitz bortitza, komertsanten bihurrikeria, asurantza konpainiarekin negoziaketa…
Testuinguru horretan sartu nintzen langile, festibalaren bezperako kaosaren erdian. Arrunt galdua, baina ikasten, fite ikasten — beste aukerarik ez baitzen. Kolpez eta bortizki maitemindu nintzen.
2011. Ilusioen itxaropena. Elkartasun haize batek indarberritu, hegalak berriz josi eta aitzina jarraitu genuen. Sorkuntza proiektuak garatzen, komun idorren parkea sendotzen, programazio handinahizkoa osatzen, « eztabaida gunea » pizten…
Administrazio Kontseiluko kideak bizilagun bilakatzen ginen, sukarrezko bilkura amaigabeak pilatzen ziren arau. Ufatzeko unerik ez. Milioi erdira hurbiltzen zen aurrekontuak bertigoa eragiten zidan. Makro festibalen mehatxua gero eta ageriagoa zen, eta EHZ non kokatu ez genuen argi.
Aldi berean, errepresioak segitzen zuen. Festibal garaian, euroaginduaren mehatxupean zen laguntzaile bati babesa eman genion, poliziak eraman ez zezan. Baina ausardia eta harrokeria efimeroen ondotik, errealitate latza etorri zen: jendetza handia izan arren, festibalak dirua galdu zuen. Oreka galtzen hasi nintzen.
2012. Udazkenak udaberria kantatzen. Heletako azken edizioaren hondar mingarriak. Samintasuna. Amaitu gabeko proiektuek uzten duten frustrazioa. Ufatzeko unerik ez. Heletan eroritako hostoak bildu, eta orrialde berri bat idaztera abiatu ginen: Garroako gazteluaren konkistara.
Han, 2013ko ekainaren 30eko gauean, desmuntatzen hasi ginela, pentzearen iluntasunean lurreratu nintzen. Belar bustian etzana. Betea. Hutsa.
Han egon nintzen bakarrik, akidurazko negarrak isurtzen, eta zainetako irriak askatzen, ongi sentitu arte. Orduan, EHZk hartzen eta ematen zidan guzia ulertzen eta neurtzen hasi nintzen. Handik gutira, lagunkide batek eskua luzatu zidan. Altxatu beharra.
