“Bertzelako mundua” nora joan zaigu?

Bizi! eta Manu Robles-Arangiz Fundazioak argitaratu zuten “Eta etorkizuna… hemen balitz?” liburuxkaren azaleko irudia.



Klimaren aldeko mundu mailako martxak oldar handia hartzen ari ziren 2018tik 2020ra, mundu mailako osasun krisia piztu arte. Hasieran krisi horrek mundua hobera aldaraziko zuelakoan ziren asko, baina oraingoz hasierako itxaropen hari gailendu zaizkio mesfidantza, etsipena eta asmatutako etsaien aurkako gorrotoa. Panorama honetan kontuz ibili behar da determinismo gehiegi eramaki duten teoriekin, eta halakoak izan daitezke kolapsoaren ingurukoak.

Kolapsoaren inguruko narratibak kritikatzen hasi baino lehen, has nadin aitorpen batekin: desazkundean interesatzera eraman nauen ibilbidean, 2003an kolapsoaren gaiarekin topo egin nuen. Hori baino lehen desazkundea beharrezkotzat nuen, ekosistemak eta bazterrak gehiegi kaltetzen ari ginela sumaturik: non eta nola biziko ginen dena asfaltoz itota gero? Baina Erromako Klubaren  modelizazioak deskubritzean, bertzelako inpresioa izan nuen: ordurarte desiragarritzat nuena, demostrazio horrekin saihestezintzat nuen, hau da, nahitaez gure kontsumoa gutituko zen noizbait, ez balitz goiz eta gogoz, berantago eta halabeharrez. Horrek bi motatako inpresioak uzten zizkidan. Alde batetik, mehatxua zehazten eta materializatzen zuen, eta mehatxu horrek larrialdi sentimendua sortzen zidan: ez badugu aski goiz norabide globala aldatzen, pareta joko dugu. Edo, modu positiboagoan adierazirik, ez badugu pareta jo nahi, ahalik eta goizen norabide globala aldatu behar dugu, mundua jasangarriagoa eta bizigarriagoa izan dadin. Baina bertzaldetik, ekintza kolektiboa gogotik urrunago nueneko uneetan, planetako mugek kontsumo gizarte zentzugabe hori deuseztatuko zutelakoan nintzen, eta ziurtasun sentimendu bat ematen zidan: nolazbait “banekien” nola bukatuko zen guzi hori. Ekintza kolektiboz norabidea aldarazten lortuko ez balitz ere, “banekien” artifizializazioa bukatuko zela noizbait, energia eta baliabide eskasez, nahiz eta sufrimendu asko sorturik prestatuak izanen ez diren – edo prestatu ezinen duten – guzientzat. Ziurtasun sentimendu horrek, oharkabean, pentsamendua asko mugatzen zidan.

“Katastrofismo argitua” eta horren mugak

Kolapsoa oso “mainstream” bilakatu da, hainbertzetaraino non Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak berak kontzeptua normalizatu baitzuen, adibidez 2023ko azaroan “sistema klimatikoaren kolapsoa bizitzen ari gara eta horren eragina suntsigarria izanen da” erranik. Emilio Santiago Muiñok dioskunez, hori oso esanguratsua da gutienez hiru alderditan: nazioarteko lehen mailako ordezkari politiko batek erabili baitzuen kontzeptu hori; kazetariek Guterresen mezua laburbiltzeko hitz horiek selekzionatu dituztelako; eta adierazpen horrek lortu zuen irismena oso zabala izan zelako, nahiz eta hitzaldi berean hondamendia saihestea oraindik posible eta gure esku zela azpimarratu zuen Guterresek.
Duela 23 urte, 2002an, Jean-Pierre Dupuy filosofoak bere kontzeptu esanguratsu bat ezagutarazten zuen, eta honela zehazten zuen: “etorkizun destinala iragarri, zeinean gainjartzen diren hondamendiaren gertatzea – disuasio gisa balio dezan – eta ez gertatzea – itxaropena babesteko.” Gainjartze hori da “katastrofismo argitua” izendatu zuena, eta bi etorkizun egiantzeko horiek elkarrekin aintzat hartzean datza Dupuyren proposamena. Alde batetik deus eginen ez bagenu gertatuko liratekeen hondamendiak, eta bertzaldetik gure ekintzen ondoriozko etorkizun desiragarriagoa, kontzeptu berean uztartzen zituen. Proposamen interesgarria, “bertze mundu posibleak” eraikitzeko akuilatzen baikaitu ere benetazko larrialdiak. Zoritxarrez, ez dirudi oraingoz ikuspegi hori aski zabaldu denik, ez dirudi hondamendien eta larrialdiaren kontzientzia mundu hobe baten itxaropenarekin uztartu denik. Guterresek bere 2023ko hitzaldi hartan “katastrofismo argituz” jokatu nahi zuen, baina adierazpen horren bitartez ez zuen bilatutako eragina lortu. Muturreko eguraldiak ez dira gai haiek bakarrik kontzientziak pizteko, batzutan ere aurkako narratibak zabaltzen dira eta errealitatea baino pisu gehiago dute.
350.org mugimenduko Nicolas Haeringerek duela lau urte  oso argiki zioen bezala, “zerumuga zeharo aldatu zaigu, dagoeneko ez gara emantzipazioaren itxaropenarekin antolatzen, baizik eta hondamendiaren aurrean. Bioaniztasunaren galerak, berotegi efektuko gasen isurien etengabeko emendatzeak, muturreko eguraldien ugalketak, eta klimaren beroketa maila bizigarrian atxikitzearen inguruko zalantza gero eta oinarrituagoek indarra ematen diote kolapso saihestezina profetizatzen duen narratibari. […] Hondamendiak bat bertzearen ondotik gertatzen ari dira, baina ez dute egiaztatzen “katastrofismo argitua” gomendatzen zutenen hipotesia, hau da, hondamendiaren saihestezintasunak zerbait egitera bultzatuko gintuelako ideia. Horien arabera, gehiegizko hondamendia noizbait gertatu beharko zen, eta ordutik goiti, ordura arteko joaira luzatzeari utziko genioke, kolektiboki bidegurutze handian norabide onera joateko. Halere, klima desorekatu ahala, gogoan hartu behar dugu ez dela gertakari bateratzailerik izanen, bereizketak gainditu eta betebehar etiko beraren inguruan batuko gintuzkeenik: egin dezakegun guzia egin (eta gehiago ere) datorren hondamendia saihesteko (edo bederen haren ondorioak leuntzeko).

“Eta etorkizuna… hemen balitz?”



Mundua aldarazi edo mundua bortizki alda dadin igurikatu?

Gauza bat da katastrofismo argituak espero bezala funtzionatu ez duela ohartzea, baina bertzelakoa litzateke kolapsoa erabat saihestezina delakoan aritzea. Dupuyk “kolapsologoei” honela ohartarazi die: teoria batek lagungarri izateko, indeterminazio aski eduki behar du, hau da, etorkizuna gizarteen eskukotzat jo behar du, guziz aurreikusitzat baino. Bertzela erranik, “kolapsologoei” leporatzen die hondamendia ziurtzat jotzea, eta hortik ekimen guziak antzutzat jotzea, nahiz eta azken hori ez duten esplizituki erraten. Horrek paralisira edo etsipenera eraman gaitzake, bizia birsortzen duen edozein ekimen ttiki funtsezkoa dela ezin badugu irudikatu. Baina babestu dezakegun hezegune bakoitza, oihan puska bakoitza, artifizializatuko ez den laborantzako lur hektarea bakoitza, bizigarriagoa bilaka dezakegun auzoalde bakoitza, saihestu dezakegun erregai fosil erauzketa bakoitza, elkartasun ekimen bakoitza garrantzitsua da. Zereginen garrantzia ez da bakarrik neurtzen horien eragin kuantitatibo globalaren arabera, edota horien iraunkortasunari buruzko ziurtasunaren arabera. Egiten dena ttikia izanik ere, egiteak berak aldaketa abiatzen du. Zaintzen duguna noiz arte iraunen duen ezin da inoiz ziurtasunez jakin, eta hori jakin gabe ere zaintzea berdin-berdin merezi du. Indeterminazioa baita, hain zuzen, etorkizuna gure eskuko egiten duena.

Aberatsen arazoa?

Kolapsoaz oso ziur dira eta oso aktiboki prestatzen ari dira luxuzko bunkerretan inbertitzen duten ultra-aberatsak. Oso aktiboki ere armak pilatzen dituzten “biziraunistak” (ingelesez survivalists), ultra-aberatsen logika berean: dena eroriko denean, norberak metatu duen balio materiala txiroengandik urrun, eskuraezin, atxikitzea. Mende laurden batez mugimendu altermundialistak aldarrikatu duen bertzelako mundua ez da halako ekimenetatik etorriko.
Mundu mailan, kolapsoaren inguruko hausnarketak zabalduagoak dira herrialde aberatsetan, hau da, aberastasunik galtzeko duten gehienak bizi diren herrialdeetan. Bizkitartean, narratiba horiek ez dira batere zabalduak mota bat edo bertzeko hondamendia pairatzen ari diren herrialdeetan, biziraupena egunerokotasuna bilakatu den lurraldeetan: gerrak eta muturreko eguraldiek zanpatutako Etiopian edo Somalian, itsasperatzearen mehatxupeko Bangladeshen edo Marshall uharteetan, idorte latzak jotako Angolan edo urperatutako Hego Sudango lurraldeetan, nahiko lan dute ahal bezala hondamendiari aurre egiten, eta hondamendiak utzitako pitzaduretan bizitzak jarraitzeko tokia egiten, bizitzak elikatzen dituzten baliabide eta ekosistemak berreraikitzen eta babesten. Haientzat kolapsoa ez da igurikatzeko etorkizuneko kontua, gizarte industriala bapatean deuseztatuko duena. Gertatzen hasia da eta aurre egiten ari zaizkio.
Beraz ez dezagun pentsa etorkizuna norabide zehatz batera determinatua denik, guk zerbait egin ala ez iraganen denik. Eta noizbehinka, duela bortz urte Bizi! eta Manu Robles Arangiz Fundazioak prestatu zuten “Eta etorkizuna… hemen balitz?” berrirakurri.

Soutenez Enbata !

Indépendant, sans pub, en accès libre,
financé par ses lecteurs
Faites un don à Enbata.info
ou abonnez-vous au mensuel papier

Enbata.info est un webdomadaire d’actualité abertzale et progressiste, qui accompagne et complète la revue papier et mensuelle Enbata, plus axée sur la réflexion, le débat, l’approfondissement de certains sujets.

Les temps sont difficiles, et nous savons que tout le monde n’a pas la possibilité de payer pour de l’information. Mais nous sommes financés par les dons de nos lectrices et lecteurs, et les abonnements au mensuel papier : nous dépendons de la générosité de celles et ceux qui peuvent se le permettre.

« Les choses sans prix ont souvent une grande valeur » Mixel Berhocoirigoin
Cette aide est vitale. Grâce à votre soutien, nous continuerons à proposer les articles d'Enbata.Info en libre accès et gratuits, afin que des milliers de personnes puissent continuer à les lire chaque semaine, pour faire ainsi avancer la cause abertzale et l’ancrer dans une perspective résolument progressiste, ouverte et solidaire des autres peuples et territoires.

Chaque don a de l’importance, même si vous ne pouvez donner que quelques euros. Quel que soit son montant, votre soutien est essentiel pour nous permettre de continuer notre mission.


Pour tout soutien de 50€/eusko ou plus, vous pourrez recevoir ou offrir un abonnement annuel d'Enbata à l'adresse postale indiquée. Milesker.

Si vous êtes imposable, votre don bénéficiera d’une déduction fiscale (un don de 50 euros / eusko ne vous en coûtera que 17).

Enbata sustengatu !

Independentea, publizitaterik gabekoa, sarbide irekia, bere irakurleek diruztatua
Enbata.Info-ri emaitza bat egin
edo harpidetu zaitezte hilabetekariari

Enbata.info aktualitate abertzale eta progresista aipatzen duen web astekaria da, hilabatero argitaratzen den paperezko Enbata-ren bertsioa segitzen eta osatzen duena, azken hau hausnarketara, eztabaidara eta zenbait gairen azterketa sakonera bideratuagoa delarik.

Garai gogorrak dira, eta badakigu denek ez dutela informazioa ordaintzeko ahalik. Baina irakurleen emaitzek eta paperezko hilabetekariaren harpidetzek finantzatzen gaituzte: ordaindu dezaketenen eskuzabaltasunaren menpe gaude.

«Preziorik gabeko gauzek, usu, balio handia dute» Mixel Berhocoirigoin
Laguntza hau ezinbestekoa zaigu. Zuen sustenguari esker, Enbata.Info artikuluak sarbide librean eta urririk eskaintzen segituko dugu, milaka lagunek astero irakurtzen segi dezaten, hola erronka abertzalea aitzinarazteko eta ikuspegi argiki aurrerakoi, ireki eta beste herri eta lurraldeekiko solidario batean ainguratuz.

Emaitza oro garrantzitsua da, nahiz eta euro/eusko guti batzuk eman. Zenbatekoa edozein heinekoa izanik ere, zure laguntza ezinbestekoa zaigu gure eginkizuna segitzeko.


50€/eusko edo gehiagoko edozein sustengurentzat, Enbataren urteko harpidetza lortzen edo eskaintzen ahalko duzu zehaztuko duzun posta helbidean. Milesker.

Zergapean bazira, zure emaitzak zerga beherapena ekarriko dizu (50 euro / eusko-ko emaitzak, 17 baizik ez zaizu gostako).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude