Zer da abertzale izatea gaur egun?

Unai Apaolaza Amenabar (Filosofian Lizentziatua)

UnaiApaolazaPolitikotasuna, etorkizunerako dugun nahi kolektiboak ematen digu

Ez dago galdera neutrorik, galdera guztiek aurreiritzi eta usteak ezkutatzen dituzte beraien baitan eta Enbatako lagunek eztabaida sortzeko asmoz luzatu duten galdera ez da salbuespena. “Zer da abertzale izatea gaur egun?” galderaren atzean dauden aurreiritziek, nire ustetan, abertzaletasunaren nahi eta ezinak azaleratzen dituzte.
Galdera honek, abertzaletasunak egin duen “akats” bat agerian jartzen du; politikoa den subjektua aldez aurretik mugatzea alegia. Hau da, subjektu politiko batekoa izateko baldintzak jartzen ditu abertzaletasunak, eta baldintzek, aldez aurretik jartzen direnez, ez dute harremanik borondatearekin, borondatea behin manifestatzen denean azaleratzen baita. Mugatze hori gehienetan faktore objektiboekin egin nahi izan da, borondatea albo batera utziz. Nazionalismo gehienek egin duten “akatsa” da.
Subjektu politiko, jendarteko beste sektore batzuekin konpartitu dezakegun etorkizunerako nahi batek egiten gaitu. Subjektu politiko bat, hortaz,ezin da a priori definitu. Horrela egiteak dimentsio politikoa kentzen baitio, eta ondorioz zabaltzeko gaitasuna; politika borondateak eskuratzeko egiten den borroka baita. Etorkizuna marrazteko borondateari baino, aurrez defini daitekeen “Izate” bati garrantzi gehiago ematea, jarraian azpimarratuko dudan arazo baten ondorioa da.

Abertzaletasuna helburu edo bitarteko?

Enbatak eztabaida pizteko proposatzen duen galderatik eratortzen den beste ondorio bat, abertzaletasuna helburutzat hartzea da; honela, abertzalea “izatea” da garrantzia duena, abertzaletasun hori zertarako nahi dugun planteatu gabe, hau da, dimentsio politikoa ukatuz.
Abertzaletasunak 110 urte baino gehiago ditu eta Euskal Herria nazioa zela baieztatzerakoan sortu zen. Orduz geroztik mila eratan marraztu du nazioa, beti ere eraginkortasun politikoa bilatuz. Abertzaletasunak hortaz, beste edozein nazionalismoren moduan, estrategia politikoa izateko bokazioa du; Estatua lortu nahi duen edo estatua dagoenean berau justifikatuko duen jende multzoa marraztea baitu xede. Bitartekoa da hortaz, subjektu independentista egituratzeko lanabes (bitarteko) bat baita.
Hasiera batean inportantzia handikoa ez dirudien ñabardura honek, sekulako garrantzia du eraginkortasun politikoari begiratzen badiogu; hau da, Estatu bat lortzeko aukerak handitu nahi baditugu. Abertzale izatea bada helburua, eta izate hori faktore objektiboekin (hizkuntza, kultura, historia…) identifikatzen badugu, independentismorako bide bakarra faktore horiek bete edo gutxienez faktore horiekiko sinpatia edukitzea litzateke. Eta bistan denez, subjektu independentista zabaltzeari galga jartzen dio planteamendu honek.

Abertzaletasunak mugatu egiten du

Bitartekoak helburuekin nahasteak ondorio zuzena du subjektu independentista egituratzerakoan. Independentismoak derrigorrean abertzalea behar duela izan ondorioztatzen baita. Independentismoari abertzaletasunaren mugak ezartzen zaizkio eta ondorioz ezin du euskal nazioa deritzogun horretatik haratago zabaldu, independentista izateko euskal naziokoa izatearen baldintza jartzen baita. Nazio sentimendua normalean, hizkuntza, kultura… batekiko atxikipen moduan ulertzen da gainera. Hortaz, euskal nazioa eta independentismoa berdintzeak, subjektu independentistakoa izateko euskal naziokoa izan behar dela ondorioztatzea dakar.
Jendeak kultura eta hizkuntza batekiko duen atxikimendua aldatzea oso zaila da, ia ezinezkoa. Horregatik, abertzaletasunak subjektu independentista egituratzeko eta zabaltzeko duen estrategiak jada ez du gehiagorako ematen. Ezin du Euskal Herrian Estatua eskuratzeko gai izango den subjektu independentistarik sortu. Honek guztiak abertzaletasunaren gaur egungo egoera azalduko digun paradoxa dakarkigu plazara.

Non gaude (abertzaletasunaren paradoxa)

Enbatak martxan jarri duen eztabaida hau abertzaletasunaren krisiaren isla dugu. Krisiaren konstatazioa, gaiaren inguruan gero eta sarriago egiten diren jardunaldi, idazki, mahi inguru, eztabaida…eta abarrak dira. Jendartean, abertzaletasunak ematen dizkigun lanabesak ezbaian daudenaren seinale. Krisian egotea ez da txarra, krisia, orain artekoak balio ez duelako eta berau hobetzeko zer egin behar den hausnartzeko ezinbesteko egoera baita. Krisiak kontraesanak azaleratzea ere badakar, hauek inoiz baino argiago ikustaraziz. Krisiak bi aukera mahaigaineratzen ditu; bata krisian sakontzea da, bestea aldiz, krisitik indartuta ateratzea. Lehenengo aukera, erreminta berdinekin jarraitzearen ondorioa da, bigarren aukera aldiz, lanabes berriak aurkitu eta erabiltzearen ondorioa da. Esanak esan, subjektu independentista egituratzeko abertzaletasunak ematen dituen lanabesekin jarraitzeak, krisian gero eta sakonago hondoratzea dakar.
Abertzaletasunak, Estatua partikularrak “salbatzeko” bide moduan planteatu du, eta honek paradoxa batean sartu du: Badaki euskara eta euskal kulturak aurrera egin dezan Estatua behar duela, baina partikular horiekin sinpatizatzen dutenekin bakarrik ezin egituratu dezake Estatua lortzeko gai izango den independentismorik. “Partikular” horiekiko sinpatia berezirik ez duten pertsonak ere independentista bilakatu behar direla konturatzen hasi da abertzaletasuna, baina dituen lanabesekin (nazioa eratzearen estrategia) ez da aurre egiteko gai.

Aterabide posible bat: Independentzia partikularrak babesteko baino unibertsalak gauzatzeko bidea

Abertzaletasunak partikularrekin sortu/mugatu izan du independentziarako subjektua, baina hori nahikoa ez dela ikusten hasi da, horrela ezin duela subjektu independentista nagusi eta hegemonikoa egituratu. Zer egin?
110 urte inguru daramakigu nazioa eratzearen estrategia (nazionalismoa) erabiltzen subjektu independentista egituratzeko. Urte asko dira, eta honek ekarri duen ondorio nagusienetako bat, erreminta helburuarekin nahastea izan da; Estatu propioa, nazioa babesteko tresnatzat hartu da , nazioa Estatua lortzeko tresna posible beharrean. Independentzia nazioa babesteko tresnatzat hartuz gero, Estatu propioa lortzeko estrategia beti nazionalismoarena izan beharko da. Hortaz, eta ikusi dugun moduan, nahiz eta abertzaletasunak arrakasta izan lezakeen independentismoa egituratzeko gaitasunik ez izan, ezin dezake estrategia (erreminta) aldatu. Finean, lehentasuna helburuari (independentziari) eman beharrean bitartekoei ematen diolako. Abertzaletasuna bere buruaren oztopo nagusia bilakatu da; bere buruarekin egiten du estropezu behin eta berriro. Baina, abertzaletasuna independentismoa egituratzeko erreminta posible bat dela kontsideratuz gero, eta lanabes desegokia dela ikusiz gero, ez genuke arazo berezirik izango beste erreminta batzuk aurkitu/sortu eta erabiltzeko. Abertzaletasunak subjektu independentistari zabaltzen uzten ez badio, abertzaletasunik gabeko independentismoan ere pentsatzen hasi beharko ginateke.
Erreminta berri horien artean, hegemoniaren logikarena legoke. Logika honek, subjektu politikoen zabaltzea, partikularren defentsa beharrean unibertsalen defentsa egiten dutenean gertatzen dela esango digu. Abertzaletasunak artikulatzen duen independentismoak, partikularrekin egituratzen denez, ez du zabaltzeko balio; eustera mugatzen da. Logika hegemonikoarekin egituratzen dena berriz unibertsalekin, eta unibertsalekin jendartearen gehiengo osoa identifikatzen da. Logika honek soilik ahalbidetu lezake Estatua lortu dezakeen subjektu bat egituratzea, independentzia partikularren babeserako baino unibertsalen bermea dela azpimarratzen baitu. Irtenbidea, hortaz, independentismoa unibertsalen jabe egitea da. Independentzia, askatasunarekin, demokraziarekin, justiziarekin, eskubideekin… identifikatu behar da eta independentismoa unibertsal horien aldeko borrokarekin.

Soutenez Enbata !

Indépendant, sans pub, en accès libre, financé par ses lecteurs
Faites un don à Enbata.info ou abonnez-vous au mensuel papier

Enbata.info est un webdomadaire d’actualité abertzale et progressiste, qui accompagne et complète la revue papier et mensuelle Enbata, plus axée sur la réflexion, le débat, l’approfondissement de certains sujets.
Les temps sont difficiles, et nous savons que tout le monde n’a pas la possibilité de payer pour de l’information. Mais nous sommes financés par les dons de nos lectrices et lecteurs, et les abonnements au mensuel papier : nous dépendons de la générosité de celles et ceux qui peuvent se le permettre.
« Les choses sans prix ont souvent une grande valeur » Mixel Berhocoirigoin
Cette aide est vitale. Grâce à votre soutien, nous continuerons à proposer les articles d'Enbata.Info en libre accès et gratuits, afin que des milliers de personnes puissent continuer à les lire chaque semaine, pour faire ainsi avancer la cause abertzale et l’ancrer dans une perspective résolument progressiste, ouverte et solidaire des autres peuples et territoires.
Chaque don a de l’importance, même si vous ne pouvez donner que quelques euros. Quel que soit son montant, votre soutien est essentiel pour nous permettre de continuer notre mission.
Faites un don ou abonnez vous à Enbata : www.enbata.info/articles/soutenez-enbata

  • Par chèque à l’ordre d’Enbata, adressé à Enbata, 3 rue des Cordeliers, 64 100 Bayonne
  • Par virement en eusko sur le compte Enbata 944930672 depuis votre compte eusko (euskalmoneta.org)
  • Par carte bancaire via système sécurisé de paiement en ligne : paypal.me/EnbataInfo
  • Par la mise en place d’un prélèvement automatique en euro/eusko : contactez-nous sur [email protected]

Pour tout soutien de 50€/eusko ou plus, vous pourrez recevoir ou offrir un abonnement annuel d'Enbata à l'adresse postale indiquée. Milesker.

Si vous êtes imposable, votre don bénéficiera d’une déduction fiscale (un don de 50 euros / eusko ne vous en coûtera que 17).

Enbata sustengatu !

Independentea, publizitaterik gabekoa, sarbide irekia, bere irakurleek diruztatua
Enbata.Info-ri emaitza bat egin edo harpidetu zaitezte hilabetekariari

Enbata.info aktualitate abertzale eta progresista aipatzen duen web astekaria da, hilabatero argitaratzen den paperezko Enbata-ren bertsioa segitzen eta osatzen duena, azken hau hausnarketara, eztabaidara eta zenbait gairen azterketa sakonera bideratuagoa delarik.
Garai gogorrak dira, eta badakigu denek ez dutela informazioa ordaintzeko ahalik. Baina irakurleen emaitzek eta paperezko hilabetekariaren harpidetzek finantzatzen gaituzte: ordaindu dezaketenen eskuzabaltasunaren menpe gaude.
«Preziorik gabeko gauzek, usu, balio handia dute» Mixel Berhocoirigoin
Laguntza hau ezinbestekoa zaigu. Zuen sustenguari esker, Enbata.Info artikuluak sarbide librean eta urririk eskaintzen segituko dugu, milaka lagunek astero irakurtzen segi dezaten, hola erronka abertzalea aitzinarazteko eta ikuspegi argiki aurrerakoi, ireki eta beste herri eta lurraldeekiko solidario batean ainguratuz.
Emaitza oro garrantzitsua da, nahiz eta euro/eusko guti batzuk eman. Zenbatekoa edozein heinekoa izanik ere, zure laguntza ezinbestekoa zaigu gure eginkizuna segitzeko.
Enbatari emaitza bat egin edo harpidetu: https://eu.enbata.info/artikuluak/soutenez-enbata

  • Enbataren izenean den txekea “Enbata, Cordeliers-en karrika 3., 64 100 Baiona“ helbidera igorriz.
  • Eusko transferentzia eginez Enbataren 944930672 kontuan zure eusko kontutik (euskalmoneta.org-en)
  • Banku-txartelaren bidez, lineako ordainketa sistema seguruaren bidez: paypal.me/EnbataInfo
  • Euro/euskotan kenketa automatikoa plantan emanez: gurekin harremanetan sartuz [email protected] helbidean

50€/eusko edo gehiagoko edozein sustengurentzat, Enbataren urteko harpidetza lortzen edo eskaintzen ahalko duzu zehaztuko duzun posta helbidean. Milesker.
Zergapean bazira, zure emaitzak zerga beherapena ekarriko dizu (50 euro / eusko-ko emaitzak, 17 baizik ez zaizu gostako).