Uztaritzen uztartzen?

PrintFriendly and PDF
Eneko Bidegain
Eneko Bidegain
Mondragon Unibertsitateko irakaslea, ikus-entzunezko komunikazioan. Berria-ko kazetari ohia. Idazlea.
Beste artikulu batzu

UztaritzeUztartzenEnbata Hilabetekariko Sar Hitza

Uztarritik lotzen dira bi idi, elkarren indarrez tira egin diezaioten orgari. Baina idi batek bide batetik joan nahi badu eta besteak bestetik, zer gertatzen da? Halako uztartzeak zama bihurtzen dira laster. Are gehiago, itzainak agintzen duena ez denean idiak nahi duena. Herriko Etxe guztietan bezala, Uztaritzen ere, itzaina prefeta da, hark markatzen du norabidea, hala nola Frantziako legedia.

Uztaritzeko Herriko Etxean abertzaleak dira agintean, 2014ko hauteskundeak irabazi zituztenetik. Hango talde abertzalea bitan zatitu da, ordea. Auzi nagusia euskarari buruzkoa da, aspalditik datorrena. Uztaritzeko Herriko Etxe berriaren lehen erabakietako bat izan zen euskara ofiziala izatea Uztaritzen. Bistan denez, prefetak –itzainak– erabaki haren kontrako helegitea ezarri zuen, eta neurria ez zen sekula bete.

Hautetsi batzuek eskatzen dute herriko kontseiluko bilkuretan euskaraz mintzatzeko eskubidea eta, hori bermatu ahal izateko, bat-bateko itzulpena eskaintzea. Alabaina, bakoitzak bere interbentzioa, euskaraz egin ondoan, frantsesez errepikatzea ez da euskara –eta euskaraz mintzatu nahi duena– duintasunez tratatzea. Kargua utzi zuten bilkura hartan, bost hautetsiak euskaraz bakarrik mintzatu ziren, eta auzapezak ez zituen itzuli haien hitzak eta ez zen itzultzailerik jarri. Bruno Carrere auzapezak prentsari adierazi zion hautetsi horiek bazekitela legeak ez zuela baimenik ematen: “Pirinio Atlantikoetako prefekturaren gutun bat jaso dugu erranez bat bateko itzulpen sistema ez dela legezkoa herriko kontseilu batean. Biziki ongi dakite, gutun hori jaso dute; badakite itzulpen sistema ez dela legezkoa, badakite euskara hutsean mintzatzea ez dela legezkoa. Haiek erabaki dute, jakinez ezin nuela, ezin nuela kontuan hartu haien ekarpena” (Berria, 2019ko apirilaren 14a). Rosa Parksek ere bazekien Amerikako Estatu Batuetako legearen kontra egin zuela autobuseko bere jarlekutik zutitzeari eta aulkia gizon zuri bati uzteari uko egin zionean… Bruno Carrerek erabaki du lege injustu bati men egitea, eta beraz, euskarari duintasuna eman diezaiokeen neurri bati uko egitea. Nahiago izan du prefeta gustura utzi, bere taldeko kide batzuk baino. Nahiago izan du Frantziako lege zapaltzaile bat jarraitu, bere oinarri ideologikoak ukatuz.

Zer gertatuko zen auzapezak onartu balu bost hautetsi horien hitzak itzultzea edo bat-bateko itzultzaile bat ekarraraztea? Prefetak salaketa ezarriko zuela eta auzitara joanen zela? Eta? Ez ote da hobe hori, euskara gutxiestea baino? Eman dezagun prefetak Uztaritzeko herria –Lapurdiko hiriburu historikoa– auzitaratzen duela itzulpena egitea legez kanpo delakoan. Horrek krisi politiko bat sortuko luke, Uztaritzetik harago, Euskal Herri osoraino. Herriko bozetatik hilabete batzuk falta direnean, gainerako eragile guztiak bustitzera behartuko lirateke: beste herrietako hautetsiak, Euskal Elkargoa, EEP, beste erakundeak… Auziaren absurdua salatuko litzateke. Sortuko litzateke euskararen ofizialtasunaren aldeko mobilizazio bat, aspaldian izan ez dena… Desobedientzia hori beste herriko etxeetara hedatuko litzateke. Hots, pitz liteke karga sinboliko handiko gatazka bat euskararen alde, mediatikoa, mobilizatzailea… Soka-tira bat Frantziaren kontra. Beharbada ez genuke irabaziko… edo bai! Hasteko, orain irabazteko aukera mikorik ez dago, burua guziz makurturik eta prefetaren menpe. Edo beldur ote da euskara sobera defendatzearen ondorioz bozak galduko dituela? Eta? Zertarako behar ditugu auzapez abertzaleak, euskara ez badute hori baino gehiago lagundu behar?