Tetele-lana

PrintFriendly and PDF
Eneko Bidegain
Eneko Bidegain
Mondragon Unibertsitateko irakaslea, ikus-entzunezko komunikazioan. Berria-ko kazetari ohia. Idazlea.
Beste artikulu batzu

Télétravail

Enbata Hilabetekariko Sar Hitza

Telelana hitza ikasi dugu aste hauetan. Lehendik ere bazegoen hitz hori, eta distantziaz lan egiteko aukera ere ari zen gero eta gehiago zabaltzen, baina pandemia aroak jende andanarentzat bihurtu du etxea lantoki edo ikastetxe. Konfinamendua fasez fase bururatzen ari den honetan, oraindik ez dakigu telelana epe mugatu horretakoa izanen den ala, batzuek uste duten bezala, gure ohituretan errotuko den. Ikusirik zenbat baliabide tekniko zeuden lehendik prest (Google meet, Zoom, Skype etab.) bilkura digitalak egiteko, eta beste zenbat tresna lanak etxetik egiteko, dokumentuak etxetik izenpetzeko eta abar, pentsatzekoa da mundu digitalaren aroaren zabalkundea ez dela bat-batekoa izan. Pandemiak bizkortu du, baina horretara prestatzen ari gintuzten.

Sektore anitzetan, konfinamendua konfinamendu, lantokira joan behar izan dute, kutsatzeko arriskuarekin, agintariek ez zutelako produkzioa geldiarazi nahi. Neurtu beharko da horrek zenbateraino eragin duen koronabirusaren garapen fasea –eta, beraz, konfinamendu orokorra– luzeagoa izatea.

Horrek, sektore anitzetan, larriagotu du aldi bateko –edo luzerako– langabezia eta luzatu du, beste sektore anitzetan, etxetik lan egiteko epea.

Zer da etxetik lan egitea? Etxetik ikastea? Ez da dudarik baduela bere alde erosoa, bereziki etxetik urrun lanean ari direnentzat. Garraioan aurreztu da, bideko denbora irabazi da, karbono dioxido gutxiago isuri da airera… Txanponaren beste aldea da argindarra langileak berak ordaindu behar izan duela, Internetek, kerik ez badu botatzen ere, kutsatzen duela, askok lanean oraino denbora gehiago iragan duela… Lantokia bizileku eta bizilekua lantoki izaten denean, lanaren eta “denbora librearen” arteko muga biziki lausoa da, bai espazioan bai denboran. Ez bakarrik lana antolaketa digitalera egokitzeak eskatzen duen lan gehigarriagatik, baizik eta, oharkabean, etxean denbora gehiago joaten zaigulako lanean. Batzuek salatu dute, jadanik, telelanaren irabazle nagusiak enpresen jabeak direla. Eta ez da Covid-19arekiko ikara etortze beharrik izan ohartzeko telelana lanari behar baino oren gehiago eskaintzeko bidea dela. Etxetik lan egiteko ohiturak ugaritzen ari ziren lehen ere, eta etxetik aritzen diren gehienek diote anitzez lan gehiago egiten dela etxetik, lankideekin edota bezeroekin kalaka gutxiago izaten delako eta lan egunari nekezago ixten diogulako ataria. Bilerak egin daitezke –eta egiten dira– pantailatik pantailara. Klaseak ere berdin eman litezke. Baten edo bestearen arazo teknikoek edota konexio ahulak sortzen dituzten trabez (irudia geldirik, elkarrizketa zatiak entzun gabe…) eta etxe bakoitzeko zalaparten oihartzunez gain, bilera edo klase digital horien bidez bakoitzak bere etxeko ateak ireki dizkie besteei (etxera gonbidatuko ez lituzketen pertsonei ere), sartu gara lankideen edo ikasleen sukalde eta logeletan, baina gure solaskideei zuzenean begiratu gabe. Pantailan ikusten ditugu solaskidearen begiak, baina sekula jakin gabe solaskide horren pantailan gu gauden ala beste leiho bati so dagoen. Eta elkarri begira egonik ere, bi begirada horiek ez dira gurutzatzen. Lan digitalaren aukerak eta, bereziki, mugak zein diren garbi erakutsi digu pandemiak.

Makinek nekez ordezka dezakete hezurharagizko harremana. Jendea animalia soziala da; harreman zuzena behar du beste lagunekin, begitik begira, eskuz esku… Hori gabe, telelanak teteletuko gaitu denak. Eta gizarte tetele batean, badakigu hariak nork mugitzen dituen.

Utz iruzkin bat

Zuen emaila ez da sekulan argitaratua izanen, ez eta ere komunikatua. Betetzea baitezpadakoak diren guneak * batekin markatuak dira.

Connect with Facebook

*
*

Ondoko HTML elementuak erabil ditzakezue <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

  • Berripapera



  • Enbata sostengatu

    Kioskoetan

    Enbata sostengatu ! 40€-tarik goiti hilabete guziz zuen gutun ontzian Enbata aldizkaria lortuko duzue.

    Harpide zaitezte / Sostenga gaitzazue

  • Gaika

  • Hitz-gakoak

  • Bideoak

    bideoak