Manex Pagola, euskaraz, Euskal Herriarentzat

PrintFriendly and PDF
PAgolaManexL

Manex Pagola

Gexan LANTZIRI

Bertze anitzen gisara, nik ere aspaldiko laguna nuen Manex. Urte berean sortuak izanik, 10 urtetan, 1951n, elgarrekin gertatu ginen Hazparneko San Josepe Kolegioan, apezgai gisa eraman gintuztelako harat. Geroztik eskolatze osoa elgarrekin egin dugu: Ustaritzeko seminario ttipia, Aucheko seminario haundia, Akizekoa eta Baionakoa. Baina ez hark ez nik ez ginuen bururatu gure apezgaigoa. Zergatik? Euskal Herriko apez izaiteko, euskarazko moldakuntza bat ere galdatzen ginuelako biek, Beñat Sarasola eta Joanes Borda lagunekin batera. Baina ezetz eta ezetz… Pareta baten aitzinean geunden! Manex Kanporatu zuten lehenik, 1967ko udaberri aldera. Aste baten buruan, nihaurek alde egin nuen, ene deskargua zuzendariari eman eta. Bertze biak aldiz, urte baten buruan kanporatu zituzten…

Manex biziki gazterik hasia zen euskararen egoerari, euskal kulturaren pizkunde eskasari eta bereziki kantu berriaren beharrari ohartzen. 1960a aitzin asmatu zituen bere lehen kantuak eta eskolako lagunekin maiz errepikatu. Oroitzen naiz oraino, urte haietan Uztaritzen ginelarik, Lafitte kalonje euskaltzainak bultzatzen gintuela kantu xaharren ikastera… Horrela anitz kantu ikasi genuen… eta urte batez, Uztaritzeko plaza nagusian kantu xaharren lehiaketa batean biek parte hartu genuen…

Hau dena erraiteko, Manexek berak asmatu kantuekin utzi deraukun emaitza ederra, kantu herrikoietan oinarritua dela. Laster ohartu ginen haren kantu berriak, gitarra batekin kantatzekoak zirela segur, baina ere, soinu tresnarik gabe, edozein kantu xaharren gisara, multxoan errexki kantatzen zirela, eta gogoz ikasten ere halaber…

Behin Peio Ospital eta Pantxoa Carrère hasi baziren hasi haren kantuen ezagutarazten, Euskal Herri osoan gaindi, garai hartako jende euskaltzaleak eta kantuzaleak berehala bereganatu zituen eta erran dezakegu orduz geroztik gaur egun arte, Baionatik Bilboraino milaka aldiz errepikatuak izan direla… Kantu berriak izanagatik, kantu xahar herrikoienak bezain gustukoak, alaiak eta ikas errexak gelditu dira.

Artetik erran dezadan, garai hartako arazoei bere gisako ikusmoldea horrela ere agertzen zuela, maiz melodia hunkigarrienez jauntzirik. Bertzalde oraino, kantaldi ikusgarrien ideia emaile eta antolatzaile ere izan zen. Hor gelditu dira lekuko: Zazpiribai, Ortziken, Kantabi…

Bertzalde oraino, Manex beti ideia berritzaile izan zen eta beti prest agertu zen bide berrietatik abiatzeko. Baionako ikastolako lehen gurasoetarik izan zen, 1969an, Martxelin bere andrearekin. Gure Irratiaren sortzaileen artean ere han zegoen. 1972an, ELKAR argitaletxea ere berak bultzaturik sortu zen Baionan, iparraldeko 20 bat kantari eta idazleren inguruan. Nola ez oroitaraz oraino Manex HERRIA astekariko idazle jarraiki bat izan zela.

Politika aldetik ENBATAko lehen militanteetarik izan zen. Seminarioa utzi bezain laster departamenduko kontseilugai bezala aurkeztu zen mugimendu abertzale horren izenean.

Geroago, EA alderdiko militante eta arduradun gisa ibili zen luzaz.

Azken hitz gisa, erranen dut, Manexek bide ederra egin duela bere inguruko lagunekin, euskararen eta Euskal Herriaren alde. Gogo eta bihotz haundiko gizona zen. Denek bezala kexatzen ere zekiena, baina oroz gainetik umoretsua. Gainera, denek genekien azken urte hauetan arazo haundiak bazituela osasun aldetik. Hala eta guziz, barne indar haundiz buru egiten zion bizi egoera dorpe horri, gogoz beti erne zebilelarik bere harat-hunatetan.

Milesker Manex utzi digukan uzta baliosagatik eta ere hire adiskidetasun iraunkorragatik. Berriz arte!

Utz iruzkin bat

Zuen emaila ez da sekulan argitaratua izanen, ez eta ere komunikatua. Betetzea baitezpadakoak diren guneak * batekin markatuak dira.

Connect with Facebook

*
*

Ondoko HTML elementuak erabil ditzakezue <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>