Ispilu liburua

PrintFriendly and PDF
Andde Sainte-Marie
Andde Sainte-Marie
Eskualdeko Kontseilaria, Landibarren laborari, abertzale ezkertiarra, Abertzaleen Batasuneko bozeramaile ohia.
Beste artikulu batzu

Carmen Gisasola, beste zenbait preso politikoekin batera « Itzuliezinezko bake prozesuaren alde konprometitutako presoak” kolektiboko partaidea da,  ETA-ko zuzendarietarik izana eta  erakundetik apartatua, bortizkeria politikotik desmarkatua, bere biktimeri barkamena eskatua duena. Andde Sainte-Marie-k irakurri du Carmen-ek jaz argitaratu nobela.

Batzuetan nobela liburu bat irakurtzearekin, literaturak tupust egiten du politikarekin. Hori gertatu zait berrikitan “Gaur zortzi” liburua irakurtu bezain irentsi eta.Iragan urtean argitaratua izan da “Gaur zortzi” eta bere idazlea da Carmen Gisasola , Markina- Xemeineko bizkaitarra. Carmen gauregun preso dago Zaballako presondegian, ETAko kide izaiteagatik. Liburu horrek soilik hiru pertsonaia dauzka: gutun bat idazten duen ama,gutuna zuzendua zaion ETAkide preso bat eta ama horren alaba zortzi egun lehenago ihes egindakoa erakunde armatuan sartzeko… Galderak, gogoetak, minak, beldurrak, denetarik agertzen ditu gutun hortan protagonista nagusia den ama horrek Andoni presoari idazten dion gutun luzean. Galdera zalaparta egiten dio interlokutore hartu duenari ama arduratsuak: “Ez duzu, Andoni, zure barneko korapiloa askatzeko laguntza beharrik? Konturatzen ote zira ehunka urtetarat zigortua izanki, biziak aintzina egiten duela zu gabe? Zure lur maitearen usainik heltzen ote zaizu horraino? Ez ote zira bakarti sentitzen?

Carmen Gisasola

Carmen Gisasola

Nobelak politikarekin bat egiten du

Ama hori arranguratsu ere agertzen da ere Andoni presoari, nolabaiteko bakarrizketa luze luzean, ahapetik bezainbat oihu eginez, azpimarratzen diolarik ez duela nahi ihes egin duen alabak bere hilobia zula dezan, gudariak hilotzak besterik ez direlako, hautsak musukatzerat nehor ez doalako. Ezin uka liburuaren pasarte ainitz zinez hunkigarriak direla eta ama horren dohakabea kasik kontsola ezina dela. Ezin du gauean lo egin, ezin du atsedenik hartu, alaba du beti eta beti buruan. Inazio Mugika Iraola Alberdania argitaletxeko editoreak liburuko bi zati edo momentu azpimarratzen ditu liburuaren aurkezpenean: torturaren kontaketa eta deskripzio zehatza egiten duenarena: “Nola adierazi komisariatik pasa ez denari zertarat irits daitekeen pertsona bat taldean badago? Bortizkeriak eternitatea jo eta torturatzaileak noiz agertuko zain egoitea hamar gau eta hamar egunez” eta bestetik liburuaren bururatzea, funtsean niri ere gustatu zaidana, liburu osoa bezala egia erran. Alabainan bururatze hortan ikusten da Carmen Gisasolak bere iraganetik eta agian gaurkotasunetik ainitz ezarri duela, nahiz eta liburua nobela bat izan edo hala izan nahi duen.

Zalantza ainitz ditu gutuna idazten duen amak: “Alaba atxilotzen badute, agian bere torturatzaileekin gurutzatuko naiz egunero karrikan, zeren badakit besteak bezalako pertsonak direla torturatzaileak, nere alaba beste edonor bezalakoa den moduan”. Liburu guzian zehar kasik, nobelak politikarekin bat egiten du, nahitarat edo nahi ala ez, idazleak soilik daki hori. Ama horren sufrimendua bikoitza bezala da idazten dituen lerroetan zehar, Euskal Herriko beste hainbat ama eta pertsonen eguneroko “mundua”: alabak hil dezake eta alaba hil dezakete. Liburuan aintzinatu arau, ezinago argiki aurpegiratzen zauku, gutuna euskal jendartearen zati ukaezin baten kontakizuna dela. Ez da dudarik liburuaren idazleak zortzi egun baino gehiago behar izan duela (bere?) istorioa bere baitan sustraitzeko lehenik eta idazteko ondotik. Infernu bilakatzen diren zortzi egun alabaren berri izan gabeko edozein amek ispilua aurkituko dute eleberri hortan, dudarik ez.

Liburu horren bitartez, Carmen Gisasolak nahi du frogatu
Hego Euskal Herrian nahi bada
elkarbizitza sozial eta politiko berri bat eraiki
balore moral eta etiko berrituetan oinarritua,
behar beharrezkoa dela
iraganaz gogoeta kritiko bat egitea sakonki

Iraganaren gogoeta kritiko sakona

Liburutik haratago, Carmen Gisasolak bere hitzekin adierazi nahi du ibilbide politiko armatu batean konbentziturik ibiltzeak, ezin duela sekulan edozein motatako gehiegikeriarik justifikatu, nahiz eta gure baitan hainbat kontradikzio sortu. Liburua dudarik gabe, idazlearen ekarpen xume bezain argia da, gauregun herri huntan oraindik hain eskas den normalizazio eta elkarbizitzari. Carmen Gisasola, beste hainbat preso politikoekin batera “Itzuliezinezko bake prozesuaren alde konprometitutako presoak” kolektiboko partaidea da. Badu jada urte ainitz ETA erakundetik apartatua dela, bortizkeria politikotik desmarkatua, bere biktimeri barkamena eskatua duela eta ondorioz “bigarren gradoko” estatutua aplikatzen diola Espainiako kartzela administrazioak: sei hilabete guziz ahal ditu hogoi egun kanpoan pasa. Liburu horren bitartez, Carmen Gisasolak nahi du frogatu Hego Euskal Herrian nahi bada elkarbizitza sozial eta politiko berri bat eraiki balore moral eta etiko berrituetan oinarritua, behar beharrezkoa dela iraganaz gogoeta kritiko bat egitea sakonki. Liburuak azpimarratzen du ere elkarbizitza hori denen ardura dela, dena ez dela aldatuko egunetik biharamunerat. Liburuko kontakizunek erakusterat emaiten digute ere borroka armatuak helburu politiko jakin batzuk lortzeko asmoz, mentalitate bat sustraitu duela bere ingurumenean eta ondorioz hainbatentzat “ezberdin pentsatzen duen edonori bortizki oldartzea eta jazartzea, norma izaitea”. Iraganekoa errepikatzearen kontrako antidota egokia baita geroari begirako itxaropen leiho bilakatzen da azken finean Gaur zortzi eleberria. Neurtu gabe irentsiko duzuen sendagailu generikoa agian!

  • Berripapera



  • Enbata sostengatu

    Kioskoetan

    Enbata sostengatu ! 40€-tarik goiti hilabete guziz zuen gutun ontzian Enbata aldizkaria lortuko duzue.

    Harpide zaitezte / Sostenga gaitzazue

  • Gaika

  • Hitz-gakoak

  • Bideoak

    bideoak