« Hors sol »

PrintFriendly and PDF

Hors-SolKlixkaldiaren helburuetariko bat da euskararen aberastasuna edo bederen erabilpena sustatzea; egia da euskarazko prentsa ez baldin bada ere irakurria, garrantzitsua da azken mohikano batzuek segi dezaten idazten noski. Nere klixkaldiaren titulua atzemateko alta, frantses termino bati pentsatu dut. Duela egun batzu Lurdesen gertatu naiz gure diosesako apezpikuaren prediku bat entzuteko. Urte guziz bezala, HBB (sigloa frantsesez) edo euskal-biarnes hospitalitatearen beila zen eta asteburu bikain bat pasatzen ahal zen euskal giro bikain batetaz goxatuz, partikulazki Lurdeseko karriketan eta ostatuetan ere…
«Gure» apezpikuak usaiako prediku katastrofista eta apokaliptikoa garatu du ikuspundu ilun bat botatuz gure gizarteari begira. Bere parean ziren milaka jendeen aintzinean (HBBko zerbitzari xume eta ixilak) heldu diren egunetan bioetikari buruzko legearen inguruan piztuko diren eztabaidak aipatu ditu.

Elizaren barnean zen jendeen gehiengo batek (ateratzean entzuten ziren komentario eta zurrumurruetan oinarrituz) begi txarrez entzun ditu apezpikuaren erranak, hor ziren ikasle batzu ateratu dira ere elizatik desgustatuak.

Ez naiz sartuko apezpikuaren erranetan, publizitate gehiago ez egiteko bainan azpimarratuko ditut bi elementu klixka horren tituluarekin lotuak.

Alde batetik, apezpikua ausartu da erraitea hor ziren giristinoer eta zerbitzarier, lege horien aintzinean manifestatu behar zela heldu diren asteetan eginen diren eztabaida eta lege proiektuen kontra. Ez dut erranen elizgizon batek ez duela dretxorik iritzi politiko bat adierazteko bainan senditzen zen egun hortan ausartuko zela ere berdin erraitea norendako bozkatu behar zen edo ez.

Bestaldetik, ez du hitz baikor bat eta hitz bat ere ez erran beilari buruz, alta «bere» diosesako giristino andana batek bidaia egin zuen Lurdese artio, zerbitzua, elkartasuna, fedea, hots bizia elgarrekin ospatzeko.

Nardatu naiz ere bere predikuaren aitzinean eta labur biltzeko tenorean, hitz hori jin zait burura apezpikuaren lotura definitzeko gure lurraldearekin… « hors sol ».