ETAren amaiera, begirada bat antimilitarismotik

PrintFriendly and PDF

PatxiAzparren1Patxi Azparren

Kanboko ekitaldia eta gero, hamaika eragilek eta pertsonek iritzia eman nahi izan dute. Bistan da. Ikuspegi eta begirada ezberdinak aztertzea aberasgarria da. Hori dela eta, orain, hasierako asteetako olatuak pasatutakoan, beste bat ere plazaratzea ekarpen interesgarria izan daitekeelakoan nago. Begirada hori euskal mapa soziopolitikoren bazter batetik bota nahi nuke, independentismoarekin lerrotu zen/den antimilitarismotik, alegia.

Egun, mugimendu antimilitarista geurean ahul egon arren, gatazka armatuaren urte latzenetan indartsu aritzeko gai izan zen eta harrokerian erori gabe, gure ekarpenak garrantzi erlatibo handia izan zuela esatera ausartuko nintzateke. Esan gabe doa, ezin dudala euskal antimilitarismoaren izenean idatzi, ezta mugimendu horren baitan ari zen korronte abertzaleari buruz ere. Halere, azkeneko hiru hamarkadatan batzuok lantalde iraunkor gisa lanean jarraitu dugun neurrian, iritzia emateari zilegi deritzot.

Euskal mugimendu antimilitarista NATOri buruzko erreferenduma eta soldaduskaren aurkako borrokan handitu zen. Aljeriako negoziazioei ondorengo urteetan bereziki hazkunde handia izan zuen. Hau da, ETAren borroka armatuak ezaugarri berriak eta latzagoak hartu zituen urteetan. Testuinguru horretan antimilitarismoak fitxa berri bat ipini zuen eszenatoki politikoan, hots, bortxarik gabeko borroka iraultzailea, Estatuarekin konfrontazioa eta giza eskubideen aldeko aldarrikapena sutsua. Ordurako GAL bukatuta zegoen, baina alde anitzetako bortizkeria politikoak astero astintzen gintuen. Ajuria Eneako Itunarekin batera eraiki zen harresiaren gainetik, azpitik eta kanpotik aritzea beharrezkoa zen, biziki zaila, ordea.

Egoera horrek antimilitarismoan tentsio handiak sortzen zituen. Batzuek Gesto Por la Paz bezalako taldeetan aritzea erabaki zuten gertuko biolentzia zuzenari erantzutea lehentasuna zela uste baitzuten; askok Elkarrin aurkitu zuten jarraibidea; beste batzuek, berriz, militarismoaren aurpegi guztiak salatuz, bereko ibilbide politiko bati ekin zioten.

Sarritan Elkarrik antolatutako ekitaldietan parte hartzen banuen ere, hirugarren jokaeraren aldeko hautua egin nuen, antimilitarismoaren baitan jarduten duten korronteetatik indarkeria-eza aktiboaren korrontearekin bat egiten baitu betidanik.

Indarkeria-eza aktiboaren hautua, batzuen esanetan antimilitarismo “klasikoa” da, desobedientzia zibilaren iturri historikoetatik elikatzen dena, eta besteak beste, Gandhirengan jatorri nagusia duena. Nik behintzat horrelako irakurketa egin dut gaztetik eta korronte horrek proposatzen duen jardun erradikala eta koherentea maite dut. Bere osotasunean: sozialismo iraultzailea; demokrazia parte-hartzailea eta asanblearioa, feminismoa, antimilitarismoa, naturarekiko errespetua, herri indigenon balioa aldarrikatzen duena, eta giza eskubide guztien aldeko jarduna exijitzen duena.

Egitura eta oinarri ideologiko horrek lanabesak eman zizkigun borroka armatuaren urte latzenetan gure ekarpena egin ahal izateko eta bereziki baliagarria izan zen 1998an borroka armatua bukatuko zela pentsatu genuenean.

Une hartan gertatu ahal zen aldaketa ederki ulertu zuen Espainiako Estatuak eta gogor astindu zuen. Garai hartako ETAk, berriz, ez zuen ulertu. Ordurako ez zuen-eta bere herria ezagutzen, ez zituen ezker independentistaren beharrak eta nahiak ezagutzen, ez zuen herritarron eskaera entzuten eta “denon izenean” amildegira zeraman bidea jarraitu zuen.

Biolentzia, biktimak, barkamena

Nire ustez ETA izenaz talde bat baino gehiago aritu direla esatea zuzena da, baita fase historiko batzuk mugarri izan direla esatea ere. Franco hil aurretik; Franco hildakoan, Aljeria, Lizarra-Garazi, Loiola… Horregatik bukatu berri den ETA erakundea, nire ustez, ez da ekintza guztien erantzule. Hori dela eta, niri behintzat ulergaitza egiten zaizkit hainbat eragilek egin dituzten eskaerak, batik bat biktimen izenean biktima izan gabe hitz egin nahi dutenenak.

Biktima guztiak berdinak dira” lelopean biktimen arteko bereizketa areagotu nahi dutela ematen du eta jokabide hori oso lizuna iruditzen zait. Lizuna bezain hipokrita, horietako askok ez baitute uste biolentzia guztiak gaitzesteko modukoak direnik.

“Biktima guztiak berdinak dira” lelopean biktimen arteko bereizketa areagotu nahi dutela ematen du eta jokabide hori oso lizuna iruditzen zait. Lizuna bezain hipokrita, horietako askok ez baitute uste biolentzia guztiak gaitzesteko modukoak direnik

Barkamenaz aritzeari ere desegokia deritzot, barkamenaren dialektika pertsonen arteko esparruan kokatu beharreko ariketa dela uste baitut. Egia da historiaren etapa gordin batzuk bukatutakoan ohiko bihurtu dela “barkamena” eskaera publikoak egitea, baina nire ustez behintzat, keinu horiek postureo eta estetikan kokatzen dira benetako hausnarketa sakon batean baino. Gainera, gure testuinguruan, non alde bakarrari barkamena eskaera publikoa eskatzen zaion, eskaera horien xedea zalantzan jarriko nuke.

Egutegian gatazka armatuaren hasiera eguna jartzeko kontsentsurik ez genuke lortuko. Hala eta guztiz ere, Euskal Herrian pairatu dugun bortxa politikoa alde anitzeko izan dela esatea datu objektiboa da. Barkamena elkarri eskatzen ibiltzeak ez du ezer berririk mahai-gaineratzean. Bortxa politikoa berriz ere ez erabiltzeko konpromisoa, aldiz, ekarpen garrantzitsuagoa litzateke. Jakina, euskal mugimendu independentistaz ari naiz, espainiar nazionalismoak ez baitu sekula bortxa politikoa baztertuko, Katalunia kasu.

Ajeak eta indar-guneak

Balizko negoziazio-mahai batean ETAk Euskal Herria ordezka zezakeela aldarrikatzea militarismoa zen; Lizarra-Garaziren garaietan ETAk beste eragileen aurrean ezker abertzalea ordezkatzeko eskubidea zuela defenditzea militarismoa zen; 2.000. urtean borroka armatura itzultzeko alde bakarreko erabakia militarista izan zen. Mugarri batzuk pasatutakoan, ETAk negoziazio politiko batean kide izateko aukera guztiak galdu zituen eta bukaera posible bakarra aldebakarreko su-etena iraunkorra izan zen.

ETAk bere kabuz ezer eskatu gabe behin-betiko desagertzeko beharra eduki izanak ziur aski mina eta frustrazio jasangaitza sortu du hainbat sektoreetan, nik berriz, kontrakoa pentsatzen dut, aldebakarreko izateak askatu gaitu.

ETAk bere kabuz ezer eskatu gabe behin-betiko desagertzeko beharra eduki izanak ziur aski mina eta frustrazio jasangaitza sortu du hainbat sektoreetan, nik berriz, kontrakoa pentsatzen dut, aldebakarreko izateak askatu gaitu

Ezker independentistaren enbor nagusiak urte luzeetan ETAren nagusitasun estrategikoa onartu izanak hainbat arazo sortu zuen. Arazo horiek oraindik ajeak ekarri ditu eta aje horiek gainditu ezean, sektore jakin batzuetan sentitzen den frustrazioa ezkerreko independentismoaren esparru osora zabaldu ahal da.

Menpetasun estrategikoa, praktikoa, afektiboa ala sinbolikoak ezker abertzalearen erakunde askoren egituretan, portaeran eta ohituretan eragina izan zuen. Taldeak oso hierarkikoak ziren, informazioa ez zen konpartitzen, erabakiak noren esku zeuden, eta zeren arabera hartzen ziren, inork gutxi zekien, disidentzia bekatua zen, kritika publikoa traizioa eta harrokeria, aniztasuna akatsa.

Ezker independentistaren enbor nagusiak urte luzeetan ETAren nagusitasun estrategikoa onartu izanak hainbat arazo sortu zuen. Arazo horiek oraindik ajeak ekarri ditu eta aje horiek gainditu ezean, sektore jakin batzuetan sentitzen den frustrazioa ezkerreko independentismoaren esparru osora zabaldu ahal da

Orain, ordea, ezker independentistak egoera aldatzeko indar adina eskuratu ahal dezan, bere burua asmatu behar du. Garai bateko aje horiek guztiak baztertuz, aniztasuna elikatzen, autokritika sustatuz, informazioa demokratizatuz, erabakiak prozesu parte-hartzailetan bideratuz, lidergo kolektiboak antolatuz. Haatik, guztiz beharrezkoak diren beste ezaugarri batzuei eutsi behar die: lan-gaitasunari, konpromisoari, eskuzabaltasunari.

Ezker independentistaren talde guztien desmilitarizazio prozesuak onurak ekarri ditu eta gehiago ekarriko ditu, bere jarduna balore etikoz hornituko duelako eta sistema ustel honi aurre egiteko baliabideak eta aliantza berriak ahalbideratuko dituelako.

Albait, aliantza horiek ez daude NATO babestu zuten sektoreetan, egungo sistema ontzat ematen duten horiengan, ezta Europan barrena hedatzen ari den neototalitarismoari aurre egiteko kemena ez dutenengan ere, edo piztia lokarraraztea badagoela uste duten horiengan. Aliantzak lehen eta orain borrokatzeko prest dauden herri sektoreetan aurki daitezke, politikari ustel guztiekin erabateko haustura eginez eta gure eguneroko jarduna koherentziaz betetzen.