Errepresioa baztertu, konponbidean sartu

PrintFriendly and PDF

EuskalGazteriaAitzina2600 bat pertsonek manifestatu dute Baionako karriketan joan den larunbatean “Euskal gazteria aitzina, konponbidea orain!” lema pean. Urtarrilaren 27ko 4 gazteen atxiloketen ondorioz indartuz joan da mobilizazioa, EH Bai, Aitzina! eta Lurra eta Etxebizitza kolektiboak deitu larunbateko manifestaldia hainbat eragilek sustengatu dutelarik.

Joan den asteko atxiloketen bidez Estatu frantsesak erakusten duen jarrera mespretxagarria, onartezina eta zentzugabekoa salatu dute manifestariek Baionako karriektan “Errepresioa ez da bidea!” eta “Euskal Gazteria aitzina” ohikatuz.

Manifestazioaren antolatzaileek “Frantses estatuak konponbide prozesuan duen erantzunkizuna ukatzeaz gain, haren aldeko indarrak deuseztu eta Euskal Herri libre baterako borrokatzen diren mugimenduak kriminalizatzea” duela helburu azpimarratu dute mobilizazio deia luzatzean hedabideetan. Estatuak “euskal gazteria eta haren aldarriak, itzal ilun eta beltz batez estali” nahi dituelarik “jendarte zabaletik baztertzeko asmoz” .

Herriko etxe aintzinean egin hitz hartzean Frantses Estatuaren gehiegikeriak salatuz, joan den asteko atxiloketak muntaia polizial eta juridikoak besterik ez direla azpimarratu da, atxilotu guziak aske utziak izan direlarik eta 2011eko Aieteko adierazpenatik Euskal Herria bake prozesuan buru belarri engaiatua den garaia honetan.

Manifestaldi bukaerako mezuan ere  “euskal jendarteak konponbideari dion engaiamendua” berresten zen eta  “Frantses estatuak bere erantzukizunei” aurre egitea galdegiten “errepresioa bertan behera utziz” .

Azkenik, Info7-ren irratian, Ipar Euskal Herrian izan den azken sarekadaren inguruko hausnarketa entzuten ahal da, Kalegorrian saioan. Bertan Lore Goyhenetcherekin (Lurra eta Etxebizitza), Iker Elizalderekin (EH Bai) eta Koldo Etxegarairekin (Aitzina!)-ren lekukotasunak aurkitzen dira.