Domingo Garat

PrintFriendly and PDF
Jean-Louis Davant
Jean-Louis Davant
Laborantzako erakasle ohia, idazlea, euskaltzaina, Enbata eta EHAS-en sortzaileetakoa.
Beste artikulu batzu

DGarat

Uztaritzeko Garat bi anaiak, Bordelen abokatu, Frantziako Iraultza denboran Euskal Herriaren alde lehiatu zirela, orokorki gauza jakina da, baina zer erran zuten eta zer egin zehazki, ez hainbat ezaguna. Gainera horien ekintza bere garaian eta egoeran kokatu behar da. Pagolako pastoralak Uztaritzeko Garat anaietarik zaharrena ospatuko du.


Hastetik has gaitezen beraz. 1780Ko hamarkadan Frantziako finantzak kenka larrian gertatu ziren, bereziki Ipar Amerikako gerlaren ondorioz, hor Estatu Batu sortu berriak lagundu baitzituen Ingalaterrako erresumatik bereizten. Beraz bere zerga sistema hobetu behar zuen, eta hortako arras bakan bildu ohi zituen Estatu Orokorren baimena lortu.
Beraz 1789ko udaberrian Louis XVI erregeak frantziar gizon ahaldunak ordezkarien hautatzera deitu zituen ordenaka: jauneriak hautetsien laurdena bozkatuz bere baitan, apezeriak bere aldetik berdin, heren ordenak biltzarkideen erdia; orotara mila eta zenbait diputatu, eta jendetzaren hamarretarik bederatzia laborari mundukoa zuen erresuma horretan nekazari bakarra, balinba ez txikiena.

Iparraldeko euskaldunak hiru lurralde ofizialetan zatituak zeuden: Lapurdi herria, Zuberoa herria, eta bien artean Nafarroako erresuma, Nafarroa Beherera mugatua 1530 urteko zatiketaz geroztik, eta ahalez murriztua 1620ko Batasun Ediktuaz geroztik. Euskal lurralde bakoitzak lau hautetsi : jaun bat, apez edo apezpiku bat, eta heren ordenako bi gizon; beraz orotara hamabi diputatu: hiru jaun, hiru klerigo, beste seiak heren ordenakoak. Azken horietarik ziren Garat anaiak, Lapurdiko diputatu. Nafar hautetsiak ez ziren Legebiltzarrera joan, frantziarrak ez zirelakoan ; zuberotar bat agertu zen tarteka, Uharteko jauna, beste bat behin edo berritan, bi lapurtar gutitan; Garat anaiak ordea “arraheinki”: hitz hori Euskaltzaindiko Euskara Batua hiztegian dago, beraz Batuko hitza dugu, nahiz Zub. marka dakarren jatorria agertzeagatik, haatik horrek ez du Zuberoara mugatu behar maiz uste den bezala.

Laster etorri zen abuztuaren lauko gau sonatu hura, zeintan diputatuek aho batez bozkatu zuten “pribilegio” guztien “abolitzea”, hots ezeztatzea. Haatik jaunek berenak diruz ordainduak ukan beharrak zituzten, aldiz herritarrenak utzi zituzten urririk, dohainik eta kitorik, haietan Iparraldeko hiru lurralde historikoak beren foruekin, halaber Bearnoko jaurerri subiranoa. Uda beteko gau hartan loratu zen giro zoragarrian murgildurik, Garat anaiek ere beste guztiek bezala eskuak altxatu zituzten inozoki.

Haatik herrira itzuli baiko, Uztaritzen Lapurdiko Biltzarrak gogorki erasiatu zituen eta Parisera berriz bidali beren hutsaren zuzentzeko manu zorrotzarekin. Beraz Legebiltzarrean foruen aldeko dei bat egin zuten, baina berantegi zen. Berehala haatik, erresuma ezin utziz bitarteko administrazio sarerik gabe, Frantziako Legebitzar Konstituziogileak lurralde mota berri bat asmatu zuen, departamendua, Espainiako erresuman berantago sortuko zen probintziaren mailakoa. Eta horren prestakuntzan buru-belarri sartu ziren Garat anaiak, euskal departamendu baten aldeko xedea beste hamar euskal diputatuekin adostuz.

Segida nire daigun euskarazko iritzian.

2019ko uztailaren 28an, Pagolan:

10:00: meza
11:00: desfilea
12:30: bazkaria
15:30: pastorala
20:30: gaualdia