Autodeterminazio eskubidea Katalunian eta Kanakyan

PrintFriendly and PDF
Xabi Larralde
Xabi Larralde
Ekonomia erakasle, Sortu-ren bozeramaile.
Beste artikulu batzu
Josep Rufa (erdian), Esquerra Republicana-ko senatari katalandarra

Josep Rufa (erdian), Esquerra Republicana-ko senatari katalandarra

Kataluniako erreferrenduma eguna hurbiltzen ari dela eta herrialde hortako giroa atentatu islamistek belztu dutela, hara Kortiko egunetarik itzuli eta prozesu independiztaren bide orria zein den. Kanakian heldu den urtean egin beharra den autodeterminazio galdezketarekin ere parekatua izanen da.

Kepa del Hoyo-ren heriotzak uda huntako giroa ilundu du. Bizitzen dugun testuinguruak bere heriotza are bortitzagoa bihurtu du: iragan apirilean eman den armagabetzearen ondotik, Estatuek indarrean atxikitzen duten kartzela politikak erahil baitu Kepa del Hoyo. Konstatazio horrek nere baitan haserrea eta herra ere eragiten dizkidala aitortu behar dut. Sentimendu horiei begirako sendagai bakarra dut ez ahaztea kartzela politika horrek helburu zehatza duela. Hitz batez, Ezker Abertzaleak estrategi aldaketa eman zuen pentsatuz Estatu espainolaren krisi momentu honetan euskal jendartearen baitako indar-metaketa zabal batek erabakitzeko eskubidearen erdiestea lor dezakeela. Bere aldetik, Estatu espainola konfrontazio demokratikoa politikoki garaitu dezakeela ez baita batere segur, konfrontazio armatuaren zikloa elikatu dituzten parametroak (nagusiki errepresiboak) ahal duen neurrian indarrean atxikitzeko parioa egiten du, hain zuzen ere, erabakitzeko eskubidea oinarri luken ziklo politiko berri bat gorpuztu ez dadin Euskal Herrian. Aurtengo Kortiko egunetan partehartzeko xantza izan dut, ondoko hilabeteeteako bi hitzordu nagusi aztergai izan direlarik: Katalunia eta Kanakyako autodeterminazio erreferendumak.

Konfrontazioa bururaino

Kataluniako ordezkaritzaren izenean, Madrilen senataria den Josep Rufa-k hango egoera aurkeztu du, hemendik aitzina gertatuko denaren aitzin-ikuspen bat eskainiz. Independentziaren aldeko erreferenduma urriaren 1ean finkatua da. Espainolek ez dutela egiten utziko jakina da, haien legalitatearen arabera “ilegala” omen delako. Herritarren gehiengo batek erreferendumean parte-hartzea da urriaren 1eko erronka nagusia. Hori lortzen bada, independentistek erreferendumaren emaitza, ezezkoaren aldeko bada ere, onartuko dutela iragarri dute. Erreferenduma ezin bada antolatu, Parlamentuak Kataluniako Estatu burujabearen alde-bakarreko sortze-adierazpena bozkatuko du. Horren ondotik Espainiarekiko deskonoxio urratsak emanen dituzte, tartean, ogasun-administrazio baten antolakuntza, eta Kataluniako Biltzar Konstituziogilearen hautatzeko hauteskundeak deitzea. Gogorra da pentsatzea Kepa del Hoyo batek eta euskal preso guziek ez dutela aukerarik momentu hori karrikan zuzenean bizitzeko. Aldi berean, Kataluniako prozesuaren azalpen horiek lasaigarriak izan dira neretako, eta ikaragarri gozatu ditut. Estatu espainolarendako prozesu hori amets-gaixtoa bada, abertzaleentzat amets ederra da. Eta “ametsa” da hitza, zeren direla 10 urte, zehazki 2006an Kataluniako autonomia estatutu berri baten aldeko kontsulta eman zenean, hango burujabetza prozesua etenduko zela pentsatu genuen denek. Egungo egoerak ez deus ikustekorik : Josep Rufa senataria oso determinatua ikusi dut Korti-n, Estatu espainolaren kontrako konfrontazioan bururaino joateko prest dira, eta horri begira “etxeko lanak” eginak dituzte.

Katalandarrak
Estatu espainolaren
kontrako konfrontazioan
bururaino joateko prest dira,
eta horri begira
“etxeko lanak”
eginak dituzte.

Kanakyako prozesua

Kanakyako prozesua beste eredu batekoa da. 2018ko azaroan antolatuko den independentziari buruzko erreferenduma 1988ko bake-akordioaren emaitza da. Beraz ez da aldebakarreko urratsa, baizik eta, gatazka bortitz baten ondotik Estatu frantsesarekin hitzartu den hitzordua. Bake-akordiao eredugarria Kanakyako bake-akordioak autodeterminazio eskubidearen aitortza finkatu zuen, eta baita ere amnistia onartu. Ikuspegi honetatik bake-akordio “eredugarria” dela erran genezake. Baina ez da horregatik hango egoera idealitazatu behar denik. Alde batetik, gazte belaunaldiek gatazka denboran gertatu sarraski batzuen inguruan egia jakiteko gogo eta behar handia adierazten dute. Korti-n zentzu honetan mintzatu da Brenda Wanabo, FLNKS-aren gazte adarraren arduraduna, Ouvéa-ko harpearen gertakariak gogora ekarriz. Bestetik, Kanakya Nazio Batuetan deskonolizatzekoak diren Herrien zerrendan kokatua da, baina autoderminazio erreferenduma etengabe gibelatua izan da 1988ko akordioaz geroztik. Horrezgain, 2018ko azaroko erreferendumean independentziaren alde baiezkoa nagusituko den nehork ez daki ; tartean, 300.000 biztanleen artean (alegia, Ipar Euskal Herriko kopuru berdina), 25.000 bozkazaleek bozka-zerrendetan izena emana ez dutelako oraindik… Bistan dena, Euskal Herritik bi prozesu horiek inbidiarekin begiratzen ditugu, guk ere autodeterminazio eskubidearen gauzatze puntuan izan nahiko genukelako. Baina bai Kataluniako erreferenduma, bai Kanakyakoa aurrekari historikoak dira, eta Euskal Herriko zein beste Estaturik gabeko Nazioen borrokaren baldintzak eraldatuko dituzte. Betiere, bi erreferendum horiek gure arreta merezi dute, eta nola ez, gure sustengu eta elkartasun osoa.

One Comment

  1. Eric
    Posted 21/09/2017 at 02:45 | Permalink

    Le premier référendum de 2018 doit être suivi de deux autres si la réponse est non à l’autodétermination proposé par ce référendum…
    A ce jour, l’équilibre “des forces” permet de supposer que la population concernée par ce choix ne souhaite pas l’indépendance dans une proportion de +/-55 à 60%…