Gerraosteko kapitalismoak bete-betean asmatu omen zuen aldaketarako borondatea kontsumitzeko grina aseezinera bideratu zuenean. Gaur, ordea, eredu hori mugara iritsi da, baliabide naturalak agortzen ari baitira. Asetzen duen bizimodu iraunkorra pentsatzeko ez da nahikoa merkantzien inperioa arbuiatzea. Lehenik, hausnartu behar dugu ezinbestekoa zer den eta zer ez. […]
Razmig Keucheyan, Paris-Sorbona Unibertsitateako irakaslea, “Hemisferio Izquierda” liburuaren egilea (artikulu hau Le MONDE diplomatique-n argitaratu da)
Ekologikoki iraunkorra den ongizatea definituz: (benetan) behar duguna
Bi arazo ditugu. Batetik, nola definituko dugu “funtsezko” beharrizan bat? Zerk bereizten du “bigarren mailako” edo “onartezin” den beharrizan batetik? Eta gero, nork erabakiko du? Zein mekanismo edo erakundek emango dio zilegitasuna beharrizan bat eta ez bestea asetzeko erabakiari?
Kontu hauek erantzuteko merezi du ekologia politikoaren bi pentsalari kritiko aitzindarirengana jotzea: André Gorz eta Agnes Heller. Joan den mendeko 60 eta 70etako hamarkadetan beharrizanei buruzko teoria sofistikatu eta oso bizia garatu zuten. Bien abiapuntua enajenazioari buruzko gogoeta izan zen; enajenazioa benetako beharrizanen arabera neur daiteke. Izan ere, enajenatuta gaude estatu ideal batekiko, eta hartara itzuli nahi dugu, edo behingoz hara iritsi. Kontzeptu honekin prozesu bat izendatzen da, zeinaren bidez kapitalismoak beharrizan artifizialak sortzen dituen, heldu nahi dugun estatu hartatik urrunduaz. Gu enajenatzeaz gainera, beharrizan horiek ez dira errealistak, ekologiaren ikuspuntutik.
Kontsumismoak benetako beharrizanak ezkutatu egiten ditu beharrizan artifizialen pean. Produktu bat erosteak nekez asetzen du benetako beharrizan bat. Unean asebetetzen du, baina ondasunak berak piztu zuen guraria beste erakusleiho batera lerratzen da
Zer da “benetako” beharrizan bat? Noski, bizirauteko edota organismoaren ongizatea bermatzeko eskakizunak datozkigu burura: jatea, edatea edota hotzetik babestea, esaterako. Hegoaldeko herrialdeetan, baina baita Iparraldekoetan ere, oinarrizko beharrizan batzuk ez dira asetzen. Eta beste batzuk lehenago asetzen ziren, baina orain gero eta gutxiago. Duela gutxi kontaminatu gabeko airea arnastea gauza berezkoa zen; haatik, hori zailagoa da megalopoli garaikideetan. Gauza bera gertatzen da loarekin. Gaur kontaminazio luminikoak eragotzi egiten dio jende askori lokartzea, hirietan argia nonahi egoteak atzeratu egiten baitu melatoninaren sintesia, “loaren hormona” esaten zaion horrena. Herrialde batzutan kontaminazio luminikoaren aurka borrokatzeko gizarte-mugimendu batzuk eratu dira, zeinek “iluntasunerako eskubidea” aldarrikatzen duten, eta argi artifizialak kontaminatu ez dituen “izar-parkeak” sortzea.
Herritar askok kontaminazio akustikoaren adibidea ezagutzen dute. Gero eta diru kopuru handiagoak behar dira etxebizitzak isolatu eta lehenago debaldekoa zen beharrizan bat, isiltasuna, lortzeko. Litekeena da gastu berrion ondorioz etekin-indizea murriztea, baina aberasteko beste modu batzuk irekitzen dituzte, esaterako intsonorizazioan espezializatuta dauden enpresentzat.
“Benetako” beharrizan guztiak ez dira biologikoak. Maitatzea eta maitatua izatea, norbera formatzea, autonomia eta eskuzko sormena zein intelektuala, komunitatearen bizitzan parte hartzea, naturaren kontenplazioa… Noski, plano fisiologikoan bizi daiteke beharrizan horiek gabe, baina bizitzea merezi duen giza-bizimodu batekin lotuta daude. André Gorzek hauei “beharrizan kualitatiboak” deitzen die, eta Agnes Hellerrek, berriz, “beharrizan erradikalak”.
Beharrizan kualitatibo edo erradikalen oinarria paradoxa bat da: Kapitalismoak, esplotatu eta enajenatuagatik, epe luzera nolabaiteko ongizate materiala eragiten du biztanleriaren sektore zabaletan. Horrela norbanakoa ez da egunero borrokatu behar bere biziraupena ziurtatzeko. Orduan nahi berriak gailentzen dira, kualitatiboak. Baina kapitalismoaren boterea gehitu ahala, beharrizan horiek bete-betean asetzea eragozten du. Lanaren banaketak norbanakoa lotzen du bizitzan zehar funtzio eta konpetentzia mugatu batzuetara, eta ez dio uzten giza-ahalmen guztien aukera askatasunez garatzen. Halaber, kontsumismoak benetako beharrizanak ezkutatu egiten ditu beharrizan artifizialen pean. Produktu bat erosteak nekez asetzen du benetako beharrizan bat. Unean asebetetzen du, baina ondasunak berak piztu zuen guraria beste erakusleiho batera lerratzen da.
Zinezko beharrizanak, gure izana osatzen dutenak, asetu ezinekoak dira egungo erregimen ekonomikoan. Horregatik askapen mugimendu ugari piztu ohi dira. “Beharrizana, funtsean, iraultzailea da”, esan zuen André Gorzek. Bera asetzeko ahaleginaren ondorioz indibiduoek, lehenago edo beranduago, sistemari kargu hartzen diote.
Beharrizan kualitatiboak historian garatu egiten dira. Esaterako, bidaiatzeak pertsonari ematen dio jakintza eta alteritateari irekitzeko aukera. XX. Mendearen erdiraino eliteak ziren bidaiatzeko aukera zuten bakarrak. Gaur praxi hori demokratizatu egin da. Esan liteke aurrerapide soziala dela beharrizan gero eta aberasgarriago, sofistikatuago eta irisgarriagoak gero eta jende gehiagoren esku egoteko aukera. […]
Erregimen kapitalista batean kontsumoak nabarmen erakutsi beharra izan ohi du. Azken automobil modeloarekin estatus sozial bat adierazten da (erreala edo ustezkoa dela ere). Alabaina, halako batean modelo hori modatik pasata geratzen da eta bere indarra, ikurra den aldetik, galdu egiten da; horrek beste bat erostera bultzatzen du. Merkatu-ekonomiarekin batera doan etengabeko ihes horrek euren artean lehiatzen ari diren enpresak derrigortu egiten ditu beti merkantzia berriak ekoiztera.
Nola bazter dezakegu nabarmentze logika produktibista hau? Adibidez, objektuen bizitza erabilgarria luzatuta. Frantziako Amis de la Terre-k eskari bat egin zuen: Produktuen bermealdia luzatzea, Europako legediak agindutako bi urtetik hamar urteraino. Bermealdian dauden objektuen %80tik gora konpontzen da; aitzitik, portzentajea %40 azpitik geratzen da bermealdia bukatuta. Beraz, bermea zenbat eta luzeagoa izan, hainbat eta gehiago iraungo dute objektuek, eta ondasun gutxiago salduko da, eta beraz, baita produzitu ere. Halaber, honek nabarmendu beharraren logikak mugatzen ditu, hauen oinarria berritasuna izan ohi baita. Bermealdia da klase-borrokaren adierazpena objektuen iraupen erabilgarriari dagokionez.
Nork erabakitzen du beharrizan bat zilegi den ala ez? Honek arrisku bat du, Agnes Hellerrek “beharrizanen diktadura” deitu ziona, SESBean izan zenaren modukoa. Bere burua aditu izendatu duten burokrazia batek erabakitzen badu zeintzu diren “zinezko” beharrizanak eta, ondorioz, baita produkzio eta kontsumo hautuak ere, nekez izango dira hauek zentzuzko eta zilegiak. Biztanleriak trantsizio ekologikoa ontzat emango badu, berarekin lotutako erabakiek erakargarri izan behar dute. Benetako beharrizanen zerrenda egitea ez da berezkoa, eta etengabeko delibero kolektiboa eskatzen du. Horrenbestez, mekanismo bat sortu behar da behetik etorriko dena, hots, arrazoizko beharrak erabaki demokratikoz identifikatuko dituena.
Benetako beharrizanen zerrenda egitea ez da berezkoa, eta etengabeko delibero kolektiboa eskatzen du. Mekanismo bat sortu behar da behetik etorriko dena, hots, arrazoizko beharrak erabaki demokratikoz identifikatuko dituena
Zaila da horrelako mekanismo bat nola izan litekeen irudikatzea. Bere mugak nondik nora joan daitezkeen marraztea gure garaiko premiazko lana da, zeinaren arabera eraikiko den gizarte bidezko eta bideragarri bat. Noski, botere publikoak badu bere eginkizuna, esaterako beharrizan hutsalen gaineko tasak ezarriaz, benetako beharrak demokratizatze aldera, edota kontsumitzaileen hautuak arautuaz. Baina oraindik ere ikusarazi egin behar da beharrizan asko ez direla benetakoak eta horretarako dispositibo bat behar da, norbanakoengandik ahalik hurbilen egongo dena. Kontsumitzailea ondasunarekiko duen pultsutik atera behar da, eta libido consumandi hori beste gurari batzutara bideratu.
Trantsizio ekologikoak zuzeneko demokrazia sortzera gramatza, batik bat eztabaidan oinarritua, ez hainbeste errepresentatiboa. Gizarteak ingurumenaren krisira moldatzeak esan nahi du biztanleen eguneroko bizimodua goitik behera berrantolatu behar dela. Haatik, hau ez da posible mobilizaziorik gabe, beren jakintza eta savoir-faire aintzat hartu gabe, edota mugimendu batean subjektibitate kontsumistak eraldatu gabe. Beraz, “eguneroko bizimoduaren kritika” berri bat iritsi behar da, kolektiboan sortutako kritika.