Ikusiz iazko arrakasta, aurten ere euskarazko filmen hitzordu pare gabea muntatu dute Zineginen antolatzaileek. Aurten, denendako bada, aurkikuntza historikoak, fikzio irringarria, begiendako poesia, edo gaualdi surrealista. Euskarazko filmek beste filma guziekin duten puntu amankomuna, publikoaren beharra da.
Euskalduna ala ez, horretarako euskara dakiten guziei galdegina zaie haien inguruko jendearen gogoa piztea, haiekin ekartzea, erdaldunak ere ohar daitezen zein gauza ederrak bizitzen ahal diren euskaraz. Hola, beharbada, egun batez, azpi tituluak irakurtzeaz akiturik, eta belarriak goxaturik, euskara ikasten hasiko dira…
Programa aberatsaren ordutegia beherean uzten dizuegu eta bi filma bereziren aurkezpena emaiten aintzin gustu baten ukaiteko:
Euskara jendea, 4 : Mugetan Gaindi (2013-50 min) – Zuzendaritza / Réalisation : Kolektiboa / Collectif /Hizkuntza : euskara – sous titré en français
19/12/2013 21 :00 – Eihartzea Elkartetxean / Maison des associations Eihartzea – Prezioa/Prix : 3 € Bilboko Ibaizabal Mendebalde Kultur elkarteak Zenbat Gara elkartearen laguntzarekin Euskara Jendea ikus-entzunezko proiektua ekoitzi dute, sei atalek osatzen dutena. Hemen laugarren atala erakutsia izanen zaizue : «Mugetan Gaindi». Historialari, hizkuntzalari, arkeologo eta kulturgile ugarik eramaten gaituzte euskararen historiako bideetan barrena.
Euskara Jendea, 4 : Mugetan gaindi Aro Modernoan egungo estatuak (Frantzia, Espainia) finkatzen hasi ziren: administrazioa, hezkuntza, hizkuntza-politikak… XVI. eta XVIII. mendeen artean egungo mugak erabaki zituzten Frantziak eta Espainiak. Euskaldunak, bada, bi erresumatan izan ziren bereiziak. Besteak beste erresuma biok ezarritako legeen ondorioz, hizkuntza-komunitatea galtze eta gutxiagotze-prozesuan abiatu zen. Hala ere, mugak ere hautsi zituen hizkuntzak aro honetan. Batetik, arrantzaleen eskutik, Ternuara eta Islandiara iritsi zen eta han pidginak sortu. Bestetik, euskara testu idatzietan agertu zen lehenengoz (Etxepare, Leizarraga, Axular…), erlijio testuetan batez ere.
Gure Sor Lekua (1956- 30 min) Zuzendaritza / réalisation : André Madré
20/12/2013 21 :00 – Haritz Barne zinegelan / Cinéma Haritz Barne – Prezioa/Prix : 3 € – Zine-kontzertu moldean emana izanen da / Projection en ciné-concert
Gure Sor Lekua Euskal Herriari buruzko ordu eta erdi irauten duen koloretako dokumentala da eta 1956an estreinatu zen Hazparnen (Lapurdi), bertakoa baitzen zuzendaria, André Madré jenerala. Diasporako euskaldunei zuzendua zen, egilearen hitzetan, Sor Lekua iruditan ikusiz, haien herrimina arintzeko asmoz. Hitzak, Jean Elizalde, ‘Zerbitzari’ idazle, apaiz eta euskaltzainak burutu zituen. Horixe izan zen Madrék burutu zuen pelikula bakarra.
Orain arte, euskarazko lehen filmetzat Gotzon Elortza getxoztarrak zuzendutako lau dokumentalak (1959an, 1960an, 1961ean eta 1962an eginak) hartu dira, eta horiexek dira osorik kontserbatzen diren bakarrak.
Izan ere, Josu Martinezek etxe partikular batean aurkitutako Gure Sor Lekuaren kopiak ez dauka soinurik, baina pelikula euskaraz zela baieztatu dute garaiko prentsako zenbait artikuluk eta lekuko batzuek.
Aurrerapen gisa, filmaren bertsio laburtu bat abenduaren 20an aurkeztuko da Hazparnen, ‘ZINEGIN’ Euskal Zinemaren Festibalaren barnean. Emanaldi berezia izango da, 1956an estreinatu zen leku berean (Haritz Barne zineman) proiektatuko baita, hainbeste urte galduta egon ostean.
Aurkitutako kopia mutua izanik, Joserra Senperenak espreski konposatutako musikak lagunduko dio proiekzioari. Hasparneko emanaldian Xare Laborategiko ‘Hertz’ ganbara laukotea izango da musika interpretatuko duena.
Hazparneko aurkezpenean egongo dira UPV/EHUko errektore Iñaki Goirizelaia, ikerketaren zuzendari Josu Amezaga, Hazparneko auzapez Beñat Intxauspe eta Josu Martinez bera.
Josu Martinez (Bilbo, 1986), Ikus-Entzunezko Komunikazioan eta Antropologia Sozial eta Kulturalean lizentziaduna eta lau dokumentalen egilea, UPV/EHUn burutzen ari da bere tesia, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Josu Amezaga irakaslearen zuzendaritzapean. Tesia Gure Sor Lekuaren inguruko ikerketa sakona izango da, eta 2014an bukatzea aurreikusten du. Orduan jakingo dira filmaren eta autoreari buruzko datu gehiago.
Zinegin-en programa (beherean) eta xehetasunak hemen : www.zinegin-festibala.eu