Euskaltzale jakintsu zenbaiten arabera, pilotak euskal kulturarekin deus ikustekorik ez luke.
Ez naiz aburu horretakoa. Jendeak ez gara espiritu hutsak, izaki biologikoak gara, eta gorputzez ere kulturan parte hartzen dugu, bai haren sorreran eta mantenuan, bai haren edukian, sustantzian, forman, itxuran, espresioan eta gozamenean.
Adibidez, mintzoa bera ez ote da fisikoa? Eta kantua? Eta dantza? Eta teatroa? Kirolean egonez, Olinpiadek greko zaharren kulturarekin ikustekorik ez ote zutena? Judoak japoniar kulturarekin loturarik ez ote du? Ezta futbolak ingelesarekin?
Ideia orokor horietarik harat, aipagarria zait pilotak gure literaturari egin eta egiten dion ekarpena.
Lehenik, pilotari zor diogu euskal himnoetarik bat, Agur jaunak famatua. Hona laburki horren etorkia: XIX. mendean, mugaren bi aldeetakoen partida “internazional” baten atarian, baxenabartar jokolari batek desafizoko bertso bat korteski bota zion Oiartzungo “Urtxaile” pilotari – bertsolari sonatuari: gure baxenabartar anonimoak ez bide zakien euskal himno berri bat sortzen zuenik! Himno matxoa, pilotariak berak bezala… Xiberoko jauna pastoralean feminizatu nuen, haatik antzerkiko kantariek salbu, inork ez zidan kasurik egin, feministen artean ere! Bego hor.
Pilotak beste bertso eta kantu ezagunik piztu du, hala nola Irungo partida, Etxahun Irurikoaren Pilotarien biltzarra, baita Attulirena…
Azpimarratzekoa da bestalde Ximun Haran txapeldun handiak, bere “Club du disque basque” delakoaren baitan, euskal kantuen bilketan egin zuen lan erraldoia, pilota partiden ondotiko giro kantariak horretara bultzaturik.
Gure prosan ere toki nasaia du pilotak, hala nola Emile Larre apez euskaltzainaren lumatik, horrek ere baitzakien zertaz ari zen, bera luzaz pilotari fina izanez. Urteak jin, urteak joan, astero Herria kazetan mugaren bi aldeetako partiden berriak eman dizkigu, eta 2008an, Iker 21ean, “50 bat apez pilotari” lan mardula agertu du. Ahoz are, zer erranik ez, pilotak euskararen alde asko egiten du, partiden aitzinetik, haien denboran, eta ondotik ere sortzen dituen iruzkin ugariez, bai pilota plazan, bai ostatuan eta karrikan, baita irrati-telebistetan ele franko erranarazten baitigu, gutiz gehienetan euskaraz.
Azken sail horretan, gorestekoa da bereziki Eguzkitze bertsolari eta kazetariak euskara batuaren hedatzeko egiten duen lana, ezker paretako partida handiak zuzenean komentatuz Tolosa txapeldun ohiarekin, – haatik azken hau bere xokoko hizkeran, – arrakasta itzela lortzen duela pelotazaleen artean, Iparraldean ere, hemen meteoko iragarkien ondotik, edo horiekin parean, pilota partidak Euskal Telebistako emankizunik jarraikienak baititugu.
Pilotaz erraten da, arrazoinekin ene ustez, euskaldunen kirol nazionala dugula, euskara hizkuntza nazionala dugun bezala : biak elkarturik bizi ditut Ürrüstoiko haurtzarotik, eta kolektiboki ere biak elkarturik jalgi dira plazara Euskal Herri osoan.
Pilotaz erraten da, arrazoinekin ene ustez, euskaldunen kirol nazionala dugula, euskara hizkuntza nazionala dugun bezala: biak elkarturik bizi ditut Ürrüstoiko haurtzarotik
Jean Haritschelhar unibertsitaria, euskaltzainburu ohia, maluruski ez dugu hor auzi honetan bere aburuaren emateko, baina badakigu gaztetan erreboteko txapeldun izan odoren, pilotazale sutsua egon zela beti, eta luzaz Pilotarien Biltzarreko burua. Zernahi joka nezake berak ez zituela bereizten euskara, pilota, eta bien artean sorturiko literatura, xumea beharbada, baina herritarra, goragokoaren oinarria eta humusa.
Ez ahantz lilirik ederrenak korotzean loratzen direla, eta beren aldian hongarri bilakatzen, hori baita biziaren etengabeko zikloa. Ene ustez, egungo azken hitza Etxahun Irurikoari utzi behar zaio, zinez egia baitio : “Zer lizateke Euskal Herria, pilotarik gabe ?”