Espainiako hauteskundeetatik sendo atera da EAJ. Edozein ekaitzen aitzinean beti zutik segitzen du, zurzuriaren gisan. Ikusgarria izan da, ordea, haritza nola erori den, huntz hostoek gora egin duten bitartean: EH Bildu-ren emaitza txarrak ezin dira ulertu abenduaren 20ko testuinguruan edo Podemosen agerraldiaren ikuspegitik bakarrik. Erro sakonagoak dituzte.
Azken hauteskundeetakoa sintoma bat baizik ez da. Zergatik atera da hain ahul ezker abertzalea? Eta nola posible da espainiar alderdi batek abertzaleen bozak bereganatzea? Azalpen bat egon daiteke ezker abertzalearen beraren egoeran.
Badira hilabete batzuk barne krisi batean dagoela; eta azken asteetan krisi horren ziliportak plaza publikora ere heldu dira. Duela lau urteko estrategia aldaketa saritu bazen ere, lau urtez agertu da estrategia berriak ez duela ekarri proiektu politiko sendo edo argirik.
Euskal Bidea deiturikoa ez da ongi ulertzen, eta militantziatik beretik ere sortu dira galderak eta kezkak.
Aldebakarrekotasuna aipatzen da batetik, eta Madrilen gure boza entzunarazteko asmoa, bestetik.
Kontraesan gisa ikusten da hori. Euskal Herrian erabakitzen dena Madrilen betearaztea edo Euskal Herriko independentismoaren ordezkari izateko borondatea aipatzen denean, Ibarretxek Madrilgo kongresuan ukan zuen erantzuna datorkigu gogora. Aski errana izan da Madrildik ez dela deus etorriko, mespretxua ez bada.
Beraz, aldebakarrekotasunik jo nahi bada, ez da ulertzen zergatik joan behar den Madrilera. EH Bildu-k galdu dituen botoen kopuru aski handi bat abstentziora joan da. Bestetik, ezker abertzalearen inguruan dabilen diskurtso pragmatikoak (erabakitze eskubidearen lehentasuna, euskal identitatearen inguruko postura berriak…) eragin du anitzen kezka eta abstentzioa, baina baita ere, paradoxikoki, Podemos-en hazkundea. Independentziaren gainetik, garrantzitsuena erabakitze eskubidea baldin bada, Podemos bihurtu da alderdi ideala, EH Bildu-k baino eragin handiagoa izan lezakeelako Madrilen, erabakitze eskubidearen alde…Hitza betetzen badu!
Independentziaren gainetik, garrantzitsuena
erabakitze eskubidea baldin bada,
Podemos bihurtu da alderdi ideala,
EH Bildu-k baino eragin handiagoa izan lezakeelako Madrilen,
erabakitze eskubidearen alde
Gainera, Podemosekoak Espainia plurinazionalaren diskurtsoarekin heldu direnean, abertzale batzuk naziorik gabeko euskal estatuaz mintzatzea ez ote da Podemosen jokoa egitea? Euskal identitatea oztopo gisa aurkezten bada independentziaren bidean, identitatea ez badugu ikusten zutabe sendo gisa, nola ez da Podemos bezalakoen eskaintza indartuko? Bada beldurtzekoa bozka baliagarria baino zerbait gehiago izan dela Podemos-en aldeko bozka. Espainiaren eragina gero eta handiagoa da, Espainiako agendak eta komunikabideek gero eta leku gehiago daukate Euskal Herriko jendearen baitan. Batzuek uste dute Espainiaren irudi txarrak eragin lezakeela jendea independentismora ekartzea, beren burua euskalduntzat ez badaukate ere. Baina ez ote da kontrakoa gertatzen ari? Euskaldunak eta beren burua euskalduntzat ez daukatenak Espainia hobe baten alde aritzea? Ez ote da horrela ulertu behar Podemos-en gorakada? Beldurgarri da ikustea zenbat gaztek barneratua duten “hemen, Espainian” direla. Beste batzuk “munduko hiritar” omen dira, euskaltasunari garrantzia kenduz.
Horrek ere Espainiaren postura indartzen du. Hain segur, Podemos-ek ez du beteko hitza, eta ez da izanen independentziarako erreferendumik. Baina izanen balitz, Podemos-en “maite zaituztegu, eta geldi zaitezte Espainiarekin” diskurtsoak arrakasta izanen du Euskal Herrian. Krisi sakonean sartua da euskal independentismoa. Astiz eta taburik gabe aztertu beharko da sakonki, nola heldu garen egoera horretara, zein diren kanpo faktoreak eta, bereziki, barne faktoreak.