Xabier Lamikiz erakasle jaunari zor zaio Londreseko artxiboetan lo zeuden euskarazko eta 1757ko 50 bat gutunen atzemaitea. Hain zuzen X. Lamikiz bere tesia egiten ari zelarik, High Court of Admiralty deitutako artxiboetan interes handiko dokumentu horien agirian ezartzea jakin izan du. Alabaina, 1757an Baionatik Kanadako Louisbourgerako bidea hartu zuen Le Dauphin untziak, Martin Lermet kapitainak gidaturik. Komerzioa egin omen behar zuen untziak baina kanoiak ere bazituen, hots gerlarako eta kortsarako prest zegoen. Baina Ingelesek Le Dauphin harrapatu zuten, abornoan ziren paperak altxatu eta artxiboetan eman. Han ditu deskubritu X. Lamikizek. 50 bat gutun daude, lapurteraz idatzirik, berri hanitz ematen digutela, historiaren aldetik nola euskararen aldetik. Erran gabe doa bakanetan baizik ez dela halako altxorrik bildu euskal alorrean.
1757ko apirilaren 7an, Le Dauphin deitu itsasontzia Baionatik abiatu zen Kanadako Louisbourgora buruz. Kapitaina zuen Martin Lermet 36 urteko ziburutarra, burgesa Jean Lannes eta jabea Jean Laborde negozio handiko gizona, Bidarten 1710an sortua eta ordukotz Louisbourgen bizi zena. Eskifaiako gizonen adina banaz beste 22,8 urtekoa zen. Gazte ziren eta gehienak Lapurdikoak, hala nola Bicente Lissaratçou Donibandarra, Joannis Behola Senpertarra; baziren ere Baxenafartarrak Ortzaizeko Jean Detchebehere bezala, Gaskoinak Argeloseko Pierre Faurier medikua bezala, edo eta Kanadakoak Jean Campy bezala. Kapitainak 160 libera hunkitzen zuen ilabetekal, untzimutil batek 30 edo 35
60 tona baizik ez zuen jesaiten Le Dauphin barkoak eta 36 gizon ukatea sobera zen non ez zuten pentsatzen harrapatuko zuketen beste ontzi bat edo beste haietarik gizon batzuek berek etxera ekartzea. Ontziak ardoa, oihala, arropak, zapetak bazeramatzan bai eta ere 8 kanoi (“pieza”). Frantziako Erregek emandako “markako letra” bazuen kortsuan aritzeko baimena ematen ziona. Bestalde abornoan bazituen 170 gutun, haien artean 50 bat euskaraz idatzirik.
Ordukotz hasia zen 7 urteko gerla, Franziaren eta Ingalaterraren artean bereziki, Europan, Asian, Ameriketan eta Atlantikoan. Koloniak kontrolatzea zuten helburu. Louisbourg, Eskozia-Berriko hiria, frantsesen gotorleku handia zen Ingelesen erasoen kontrako defentsan. Lehenago l’Havre à l’Anglais deitua izan zen portu honek aterpe ona eskaintzen zien frantses itsasontziei. Portu hori atxikiz gero, Frantziak galduak zituen Ternuako lurrez berriz jabe izatzeko gogo bizia zuen. Jakina da Louisbourg azkenean 1758an galdu zuela.
Baionatik Louisbourgera 4100 kilometro badaude. Ordukotz zortzi asteren epea behar zen hara joateko eta lau itzultzeko. 1752 urtean Louisbourg hiriak 3940 biztanle bazuen eta haien artean Euskaldun asko. Hainbeste non eskatu zuten apez euskaldun bat izatea han berean (ikus 79-83 orrialdeetan M. Padillak aurkeztu bi dokumentuak)
Garai hartako komertzioa, gerla, ekonomia, kortsua hunkituak dira. Baionan beste itsasontzi frango egiten eta abiatzen ziren kortsuan. Kortsuan ari zirenek soldata hobea zuten, Ingelesen kontra kartsuki ari ziren, biltzen zituzten harrapakinen parte bat zor zitzaien. Aldiz hartzen zituzten arriskuak ez ziren ttipiak (preso egotea, kolpatua, hiltzea).
Baiona utzi ondoan, apirilaren 9an, Rochester, Somerset eta Devonshire ingeles untziek Le Dauphin gurutzatu zuten eta harrapatu. Portsmouth hirian auzi bat izan zen, usaian bezala eta ontzian bilduak izan ziren dokumentu guziak begiratuak izan ziren High Court of Admiralty artxiboetan.
Londresen berean Xabier Lamikizek Trade and trust in the eighteeent-century Atlantic World. Spanish Merchants and their Overseas Networks deitu tesia prestatzen ari zelarik, Le Dauphin inguruko dokumentuen atzemateko dohaina izan zuen. Egia erran, 1980 inguruan, ikerlari zonbaitek gutunak aipatu zituzten baina sobera kasurik egin gabe, euskarazkoak –eta beraz ezin ulertukoak- zirelakoan. Aldiz X. Lamikiz berehala ohartu zen gutun hauen garrantziaz. Londreseko artxiboetan milaka daude beste hizkuntzetan idatzitako dokumentuak, hedadura handiko hizkuntzetan baina armeniareraz, katalanieraz, okzitaneraz (guti) ere bai. Hegoaldetik gutun bat edo beste agertu da euskaraz. X Lamikizi zor diogu altxor hori ezagutzea.
50 bat gutunen ezaugarriak
Manu Padillak eta Xarles Videgainek prestatu eta paratu dute gutunen testua. Irakurleak ikusiko du bi bertsio badaudela parrez par orrialde bakoitzean (87-187 orr.). gutunetan dagoen bezala emana lehenik, ortografia bereziak jarraikiz, puntuazioa ere errespetatuz, eta bigarrenekorik gaurko usaiaren araberako testua. Zerbait ohargarri izan zaigularik testuaren ondoan xehetasunak eman ditugu. Hitz guzien hiru indize agertzen dira 163-201 orrialdeetan. Lapurtarrez eginak dira gutun guziak eta ez dira hain urrun gaurko mintzatzeko maneratik, izan dadin morfologian, joskera ala lexikoan (ikus taula).
Idazkera mota berezia da gutuna, alde batetik eremu geografikoa handia baita igorlearen eta hartzailearen artean baina hurbiltasuna handia ere badago bien artean. 50 daude argitaratzen ditugun gutunak, 48 igorlek eginik. Orotara 9491 hitz kontatu ditugu, erran nahi baita ezagutzen ditugun beste gutun guzietan baino testu gehiago eskaintzen dutela gutun horiek.
Lapurditik igorriak izan ziren gutunak, nagusiki Saratik, Getariatik, Donibane-Lohizunetik, Ziburutik, Senperetik ematen dugun zerrendak erakusten duen bezala. Hor ikusten da nork igorri edo hartu zituen gutunak: Catalin Lalanne, Haurra Maria Hiriart, Martin Borrotra, Estebe de Etchegaray. Gutun hauek idatzi zituztenak ez ziren baitezpada gizarteko goimailakoak … Ohartarazteko da gutun-igorlerik gehienak emazte zirela (%60). Ez baita guti. Euskarazko alfabetizazioaz zerbait adierazten duke horrek eta konparatzeko da Europako beste egoera diglosikoetan gertatzen zenarekin. Gutun-hartzaile gehienak aldiz, hots Louisbourgon zirenak, gizonak ziren.
Gutun horiek, aitzin solas batekin, argitaratuak izan dira Lapurdum agerkarian, IKER UMR 5478 CNRSko taldearen agerkaria. Bordeleko MSHA (Maison des Sciences de l’Homme Aquitaine) egiturak laguntza eman duelarik. Lapurdum ale berezi honi eman diogun tituluak dio Othoi çato etcherat» zeren eta hori baita gutun hanitzetan irakurtzen duguna. Badakigu dei hori hartzaileek ez zutela irakurtzerik izan, Ingelesen eskutan egon baitzen mezua.
Gehienetan labur, batzuetan luze dira gutunak. Horra gutun laburretarik baño:
Lapresente lettre soite / reandeue a Bernat de Lupoy çhentiqa / a Louisbourg de Louis[bourq]
fait aguethary, cé 10 Marz 1757
Enne seme maitea gastiaxen dauxut milla gorainxy Estut Erreçibitu çure ganiq aurten Es Letrariq Es çolament gorainxibat jçatu ditut 2tt ahex Bordaganiq chanpeletaqo Eta Egorxen dausquixut çhanpelaq çançingorrieneqo jaunarequin
gueldixen nais cure ama allargun gaçhoa çure çerbitçary mariade Lamarq
Agurtzeko formulak agertzen dira gutun hastapenetan edo despeditzeko: beraz gutun egileek guti edo aski bazekiten nola idatz eta jakitate bat bazuten bildurik hortaz. Horra zer dion aita batek semeari: Ene seme maitea, hartzen dut libertate zuri bi lerroren eskribatzeko eta zuri gure familiako berri onen gaztigatzeko. Osasuna dugu Jainkoari esker, eta desiratzen ginuke denbora berean zuk ere hala bazindu.”
Jarraian ikerketaren beste ondorio batzuren ezagutzeko parada topatuko dugu :