President jauna,
Gütün hau züzentzen deizügü, Bildoze-Onize Pe eta Ezpeize-Undüreine herrietarik igaranen lizatekean «Xiberoko bidea» deitü departamentüko bide xedeari proiektü alternatibo baten proposamena egiteko xedez. Egia erran, proiektü honek, herritar zonbaitenganik galtoak eragiten dütü, bai eta konprenitü ezintarzünak bideak xüxenki honkiko lütükean egoiliarrenganik.
20 urte igaranik dütüan xede hau, Kontseilü Departamentüak bazter ützi züana, azken urte horietan berriz agertü da eta zure zerbütxüak honen lantzen ari dira, laster gaüzatzeko xedearekin.
Hatsarrean, «Xiberoko Bidea» pentsatürik eta hautetsiek eramanik izan zelarik, 1980. hamarkada ürrentzean, honen xedea Xiberoaren kanpoala bürüz zabaltzea izan zen, berriki zerratü zen leheneko trein bidearen leküan bide azpiegitüra bat eraikiz (Puyoo/Maule liña), Xarrikota Petik Guinarthe arte (carrefour des glaces).
Oraiko egitasmoak, aldiz, ez dü xiberotar hanitxen nahiarekin bat egiten, ez eta egüngo egüneko erronkekin ere. Bide berri baten honartzeko galdezkatzen gütüen püntüak labürzki zerrendatüko dütügü :
• Auto gidari batek irabaziko lükean denbora 40 segundakoa lizate, projetaren 2 km-etan.
• Oraiko bideak, bere denboran Departamentüak largatü züana, proiektüaren ber berezitarzünak dütü: bidearen largotarzüna eta domeinü püblikoaren jabetzea
• Bide berriak, hunkiko lütükean leküetan, üngüramenean ondorio azkarra balüke (fauna, flora), bai eta laborantxa lürretan eragin handia ere, bereziki departamentüko 11. bidearekin jünta eginen lizatekean bi püntetan, bide berriaren ibilbidearen % 40 a errepresentatzen düena.
• Proiektüaren kostüa ikaragarria da (7,8 miliu €?), honek ekarriko lükeana kontütan hartürik: denbora irabazte, zirkülazionearen aisatze, lekü zonbaiten segürtatze.
• Sortü behar liratekean bi bidekürütxegüneak ez dirate aisa sortzeko eta segürtatzeko. Onize Pean eginen lizatekean jüntak galdezkatzen gütü: sortüko lizatekean bide berriak egoiliarrentako ondorioak izanen dütü bai eta jadanik eraikirik diren etxentako.
Ontsa badakigü oraiko bidean, largo izanik ere, arramoldatzeak egin beharko direla, gure herrien ürbanizazioa bide hortan egin beita eta etxe andana baten elkigiak lanjerosak beitira. Oraiko bidearen arramoldatze xede bat bada, eta merexi lüke horren arra hartzea, osatzea, hobetzea eta egoiliar/herritarrer presentatzea.
Egünko egünean politika püblikoek zolen artifizializazioaren apaltzea galtatzen düe, klima legea, eta herritarren gehiengoak konprenitü dü gure bizitzeko manera kanbiatü behar dügüla gure haurrer planeta hein batetan ützi nahi badeiegü. Ondorioz, “dena auto” opzione esklüsiboa ezin da honhartü, galto sakon eta gaitzidüra handiak agertü gabe.
Departamentüak, Eskualdeak eta Euskal Elkargoak mobilitate ezti politikak plantan emaiten dütüe. Maule eta Xarrikota-Pea artean, trein bide ohiaren 5 km-en jabe da Departamentüa, Bildoze-Onize-Pea eta Maule-Lextarreko herriak baratzen diren 3km-en jabe direlarik.
Trein bide ohiaren 8 km horietan bide berde baten obratzea ez lizate ütopikoa. Gure herrietako jente hanitxek konprenitü düe : SNCF-ak espazio honen kudeaketa kolektibitatei eman zeienaz geroz, leküa erabilten düe hoinez, lasterka edo bizikletan aritzeko. Paseü eta aisialdi güne bilakatü da. Egünko egünean, pasaje zonbait ez dira aisa igaiten ahal, zola estaldüra ez beita egokia, eta honek güne honen erabilpen funtzianalagoa mügatzen dü. Alta, Maulera heltzeko manera segür bat izaten ahal lizate, hoinez edo bizikletaz, izan Xarrikota-Petik, Undürüneirik, Ezpeizerik, Onize Perik edo Bildozerik.
Bide berde xede hori ez dü Departamentüak bera eramaiten ahalko, herriak eta Euskal Elkargoa ere hunkirik dira eta beren gogoeta eta ekarpenak egin beharko dütüe.
Xiberoak, kanpainetako lürralde hanitxek bezala, zahartüz doan populakuntza bat badü. Mobilitateen sindikataren lanari esker, pertsona horien zentroetara eramaiteko medioak agertzen ari dira. Iruski, izigarri aktibo den industrial eta ofiziale polo bat badügü, beren enpresen iraünarazteko eta garatzeko lanean ari diren enpresa bürüekin, lanpostü eremüa mantentüz. Lehengaiak bai eta ekoizpen manüfaktüratüak bidetik karreatürik dira. Oraiko departamentüko 11. bideak 250 kamiu egünean zenbatzen dütü (trafikoaren % 6a) eta egünko egüneko bide azpiegitürak bere funtzioak betetzen dütü: merkantzien karreatzea, trafikoaren arintarzüna. Horik erranik, orhitaraz ditzagün halere bide honen püntü zonbaitetan behar beharrezkoak liratekeen moldaketak seküritatearen bermatzeko, izan Onize-Pean edo Ezpeizen.
Zurekin bildü nahi ginate, iritzien partekatzeko, behatzeko eta behatürik izateko, haütü nausi horietaz egiazko kontzertazio baten ükeiteko. Zure zerbütxüek antolatü züen kontsülta, nahiz eta konfinamentü denboran komünikatü zen, ez zen herritar hanitxen beharrietara heltü.
Azken 64 aldizkarian agertü den berri bat atentzionerekin irakurri dügü, desmartxa bat hasi beitüzüe Departamentüan jiteko diren kanbio handien aitzinean geroaren prestatzeko: “politika püblikoak garaiko trantsizio handier nola egokitü?” eta “geroa herritarrekin marraztü”. Gure desmartxa, kanbio handi (eta txipi) horien egokitzean sartzen da, partaide aktibo eta eraikizaleak izan nahi gira.
Gure ohar eta proposamenak kontütan hartüko dütüzüla espero dügü, eztabada pübliko bat beharrezkoa da eta zure zerbüxüek horren antolatzeko ahalak badütüe. Geografo begirada düen jenteen lagüngoarekin, haütürik üzten ez deikün gero hüilan horri bürüz so, jenteen gehiengoak honhartüko lükean eta ororen honealako lizatean proiektüa eraikitzen ahal günüke alkarrekin.
Zure arrapostüaren haidürü, honhar ezazü President Jauna, gure agur berezia.
Bide berriaren kontre bozkatü düen 8 zinegotziak
Francis MOUSTROU, aüzapezorde
Isabelle BARRERE, zinegotzi
Frantxoa CAMUS, zinegotzi
Maitena, HASTARAN, zinegotzi
Beñat SAGASPE, zinegotzi
Marie LASCOUMES, zinegotzi
Landry RICHARD, zinegotzi
Karine JAURY, zinegotzi
Herritarren bizi-kalitatea hobetzea, Xiberoko errepideaz hobetuz, eta zeharkatzen duten trenbideak konpontzea eta seinaleztatzea.
Xiberoko EAJk, herritarrei mesede egiten dien Euskal Hirigune Elkartearen ekimenak babestuko ditu.