Irailaren 11an, pasatu dira gertakari andana bat munduan, frantses prentsaren araberan bederen.
Pentsa! Bazuen 40 urte Pinochet generalak estado kolpe bat antolatu zuela Salvador Allenderen kontra Txilen. Estado Batuetan, bazuen 12 urte atentatu famatu hauek pasatu zirela eta Frantzian, Fabius ministroa buru belarri ari zen Siriako krisian aterabide bat atzemateko beste estado batzuen ministroekin.
Besterik ez?
Ez iduriz, dena kalme!
Katalunian, ez da deus pasatu? Pyrénées-orientales departamenduan nahi duzu erran? Perpinyàko errugbi taldeak irabazi du? Hori da? Ehunka milaka katalandarrek « via catalana » erraldoi bat osatu badute ere, oihartzuna biziki ahula izan da frantses komunikabideetan… sinpleki harrigarria.
Alta, ezin da ukatu gertatu dena irailaren 11an Katalunian orokorrean abertzaletasunaren aldeko urrats garrantzitsu bat izan dela, edozein europako abertzaletasunarentzat.
Espainian izan diren erreakzioek argiki erakutsi dute katalandarren aldarrikapenaren aintzinean, argumentuak ahulak direla edo bederen begirada motzekoak. Eskuin talde baten ekintza aipatua izan da Diadaren egunean bainan pisuagoak izan dira eskuin muturreko prentsan argitaratu izan diren edito batzu, batzu gerla egiteko prest dira iduriz
Bartzelonako karriketan. Gobernuaren aldetik, ezinegona nagusi, boterean ez baitute usaiarik borondate demokratiko eta masibo bat parean ukaitea.
Euskal Herriarentzat irakaspen pollita Katalandarrek erakusten ari dutenarekin. Duela urte batzu, usu euskaldunek zituzten abertzaletasunaren mailan ikasgaiak ematen besteer espainol estadoan bainan aldi honetan iduri luke independentzia edo autodeterminazioruntz hartuak diren bideetan katalandar autopista dugula alde batetik eta nunbait euskal xendra bat bestaldetik.