Evo Morales, hain maitatua den Bolibiako lehendakariak, konztituzioa aldatu nahi izan du aldi bat gehiago presidentetzarat aurkezteko. Jende galdeketa bat beti da arriskutsua. Hori ikasi du Moralesek bere kaltetan. Hara huts egite horren zergatiak.
Anbizio pertsonal soberakin bat kario pagatzea arriskatzen du Evo Morales Bolibiako lehen lehendakari indigenoak. Ukaldi bakar batez, azken hamar urtetan molde ausartean bere erresumari ekarritako aldaketa sozial eta ekonomikoaren ondorioak lanjerrean ezarri ditu ustegabean galdutako kontsulta bat dela eta. Pentsaturik agintean iraun behar zuela eta, konstituzioaren aldaketa ahalbidetuko zuen erreferenduma bat kosta ahala kosta bultzatu du, puntaren puntan minorian ezarria izaiteko. Bolibiar presidenteak uste zuen bere kudeaketa onaren bitartez eta ekonomia susperraldi bikainean izanki, ahalko zuela 2019ko hauteskundeetan berriz aurkeztu eta poderean agindu 2025 arte. Hautes untzien emaitzak kolpe gogorra eman dio, ustegabean. Hauteskunde biharamunean Moralesek “lasaitasuna” eskatu bazuen ere emaitza ofizialak jakin arte, xifreak ez ziren aldatu eta lehendakariaren galdeari buruzko ezezkoak irabazi zuen doi doietarik izan bada ere.
Huts estrategikoak
Uste gabeko zaplaztakoa, ikusita duela urte bat ta erdi Moralesek garaipen ederra lortu zuela bere hirugarren agintaldia segurtatzeko botoen % 61 eskuratuz. Karia hortarat funtsean Evo Moralesek bere diskurtsoa nolabait aldatu egin zuen, lehen aldikotz enpresaburueri ere zuzenki mintzatuz,beren eskaera batzu ere bere programan sartuz. Ondorioz hiri haundienetan ere bere aldeko sustengua haunditu zen. Jakin behar da Bolibian, Evoren bi agintaldiren medioz klase ertaina 2,6 milioiez emendatu dela. Polliki polliki bereganatua zuen klase ertain horrek, aldi huntan kario pagarazi zion “perpetualki” agintean egon nahi izan hori. Funtsean Alto Plano eskualdean, Evoren usaiako bozka gotorlekuan ere bere aldeko sustengua %71tik % 56rat jautsi egin zen.
Aditu ainitzek aipatu egin dute erreferenduma kanpainan zehar lehendakariak eta bere aldekoek huts estrategiko batzu egin izan zituztela. Adibidez oposizioaren kritikei erantzuteko behin ta berriz Estatu Batuen “gerra zikina” aipatu zuten ahoa beteka. Diskurtso antiinperialista hori interesatuki erabiltzea froga argirik gabe ez zen asmakizun izugarria eta bikaina izan eta botoak milaka galarazi zizkion Moralesi. Puntaren puntan arras molde xumean, erran ditaike kontsulta hunen bitartez herritargoak nahi izan duela mezu arras xinple bat helarazi oraindik gogoko duten estado buruari: “Lehendakari, ez da lider ordezkaezinik, soilik helburuak dira saihetsezinak”.
Aditu ainitzek aipatu egin dute
erreferenduma kanpainan zehar
lehendakariak eta bere aldekoek
huts estrategiko batzu egin izan zituztela.
Adibidez oposizioaren kritikei erantzuteko
behin ta berriz Estatu Batuen “gerra zikina”
aipatu zuten ahoa beteka
Desafio berriak
Emaitza horiek direla eta, hemendik aintzina Evo Moralesek beharko du kondatu oposizio azkarrago eta antolatuago batekin, nahizta ez den mementoko bederen liderrik agertzen bere baitan. Emaitzak ezagutu eta, lehendakariak ez zuen usaiako bere diskurtso ofentsiborik egin eta apaltasunez hartu zuen herritarrek emandako abisua. Nahizta konstituzioaren aldatzeari ezezkoak irabazi eta emaitza hunek zaildu bere poderea, ez du erran nahi orain arteko politikeri ezetzko borrobila eman zietenik bolibiarrek. Jabeturik bere desafioa huts egite bat izan zela, Evok gobernadore zibil guziak eta oposizioko alkate ezagunenak konbokatu egin zituen eta bilkura bakarrean adostu bidean ziren proiektu eta erreforma guziak bururaino beharko zirela eraman. Oraindik gelditzen zaizkio lau urte poderean. Lau urte bere ondokoa hautatzeko eta prestatzeko MAS (Movimiento al sozialismo) alderdiaren barne edo inguruan. Lau urte erakusteko erresuma osoari bere lehen asmoa, bere desafio bakarra gelditzen dela aldaketa sozial, politiko eta ekonomikoa suspertzea, sozialki baztertu eta langile klaseetarik haratago klase ertaina ere bereganatuz, eta hiri haundienetan berriz gehiengoa lortuz. Azken finean, progresoaren eta oreka sozialaren lider karismatikoa berbilakatu eta “betirako” poderean egon nahi duenaren irudia ahantziaraziz. Jakinik konstituzioak ahalbidetuko diola berriz hauteskundeetarat aurkeztea 2025ean, bolibiarrek nahi izanez gero bederen.
dommage je ne lis pas le basque
je reviens de Bolivie, j’y étais pendant le référendum et j’aurais bien voulu savoir ce que vous disiez d’Evo Morales car là -bas je peux dire que c’était chaud et que j’ai discuté avec pas mal de monde
Merci
http://www.aekide.net/public/coordonnees/coordonneesBa.php
Zure Boliviako esperiantzia ezagutzea berantesten dut! Segi pixkor!