Elixabet Etxandi, GKSko militantea
Urtarrilaren 28an, ibiakoitzez, Gazte Koordinadora Sozialista (GKS) antolakunde politikoak bi manifestaldi antolatzen ditu, Bilbo eta Iruñean, “Enpresarien eta agintarien erasoaldiaren aurrean, gazte langileok borrokara!” lemapean. Joan den urtean ere, garai berean, pandemia ondoko politikari profesionalen itxurakeria eta enpresarien eraso ekonomikoaren aitzinean mobilizatu ginen. Iritzi artikulu honek mobilizatzeko arrazoinen aurkeztea eta manifestaldi hauen inportantzia azpimarratzea du helburutzat, baita Iruñeko deialdira hurbiltzeko txispa sortzearena.
Lehenik eta behin, argi mintzatzeko, GKSk klase ikuspegitik lantzen eta erantzuten die egungo testuinguruko gertakariei, Euskal Estatu Sozialista eraikitzeko epe luzeko estrategiarekin. Horrenbestez, bide horretan antolatu eta sortuko den ekimen oro helburu hau elikatzeko izanen da, klase gabeko jendarte bat sortzeko, alegia. Dena dela, helburu handiak erreal bilakatzeko baldintzak erein behar dira gaurdanik. Antolakunde politikoaren xedea gazte esparruan ere langileria independenteki antolatzea da, ezagutzen dugun burgesiaren joko zelaietik at. Hori dela eta, karrikan eta parlamentuetatik kanpo egin beharreko lana ezinbestekoa iduritzen zaigu, eta logika horren baitan sartzen da urtarrilaren 28ko manifestaldia.
Azken aldian, arras begibistakoa bilakatu da jendarte kapitalistaren baitan den ezinegona. Inflazioa, krisi klimatikoa, pobreziaren orokortzea, mota guztietako bortizkeriaren normalizazioa eta orokortzea… Bukaezina da gaitz honen sintomoen lista. Ordea, hauen arrazoinetan eta aterabideetan jarri nahiko nuke fokoa. Izan ere, gaur egun ezagutzen ditugun zapalkuntza forma guziak enbor bereko adarrak dira. Hots, kapitalismoa da desmasia guzien sorburu, haien forma garaikidean behintzat. Beraz, ez bada kapitalismoa bere erroetatik suntsitzen, erreproduzitzen dituen gaitz guziek bizirik segituko dute manera batean edo bestean.
Alta, agintari politikoek, (gungandik hurbil ditugun ezker progesistako sozial demokraziak barne) ez dute kapitalismoa bere sustraietatik gainditzeko xederik: ez dute horretarako estrategiarik. Alderantziz: kapitalismo hobe eta justuago bat lortu nahian ari dira, indar guztiak burgesiak berak bere interesen arabera diseinatu eta erabiltzen duen sistema politikoan ezarriz. Ordea, kapitalismo on eta justurik ez da existitzen, sistema horrek berez bere baitan daramatzalako klase zatiketa eta dominazioa. Auzia ez da, beraz, gobernutik zeinek kudeatzen duen jendartea. Auzia ez da agintari politiko baten edo bestearen intentzio ona edo txarra: ekonomikoki eta politikoki kapitalismoak gobernatuko gaitueno, agintari bat edo beste bat izan boterean, gaitzek gaitz segituko dute.
Gainera, agintari politiko hauek errol berezia izan dute azken aldian zeharkatzen gaituen krisi kapitalistaren baitan. Parisetik sobrietatearen aroa heldu zaigula abisatzen gaituzten bitartean, politikariek enpresari haundiekin eskuz esku jarduten dute erasoaldi ekonomiko eta politikoa exekutatzeko. Horrela, krisian zehar ere, hauen irabaziak biderkatu egin dira, langile klaseak proletarizatzen segitzen duen bitartean. Ez gaitzatela nahasi: krisiak ez gaitu berdin afektatzen. Burgesiaren parte diren politikari profesionalak eta enpresari haundi hauek boterez eta diruz aberastuko dira krisi garaietan ere, sistema kapitalista akumulazio ziklo berriei adaptatuko dutelako, langile klaseari zama guzia jasanaraziz. Kapitalismoaren urrezko garaietan, Ongizate Estatua deiturikoak atxikitzen zuen langileria kapitalismoaren menpe. Baina orain, krisiak bete-betean harrapaturik, Ongizate Estatuaren desegitearekin, agintari eta enpresariek bestelako jukutriak erabiltzen dituzte potentzialki oldartuko den hori deusezteko, autoritarismoaren gorakada edo kontrol soziala bezala. Burgesia ere, finean, bere kontra oldartu daitekeen miseria hori kudeatzera mugatzen da, beti ere, bere irabaziak kosta ahala kosta haunditu nahian.
Krisiz-krisi hartzen du hatsa kapitalismoak, guttiengo baten diktadura inposatuz hats berria bakarrik eskatzen duen gehiengoari. Heldu diren garaiak zailak izanen dira. Kapitalismoaren menpe bizirauteko aukera bakarrik badugula sinetsarazi nahi digute, obedientzia eta sumisiotik aparte ez dela beste biderik. Alta, jendarte sistema honen baitan jende masen biziraupena jada ez du segurtatzen, eta joera okerrera doa.
Manifestaldi bakar batek ez du egoera bere osotasunean iraultzeko baliabiderik emaiten, hori argi da. Baina urrats bat gehiago izanen da langileriaren antolakuntza politiko independentea indartzeko eta borrokarako esperantza berpizteko. Antolakuntza politiko berri baten aukera gelditzen zaigu oraindik, deus galtzeko ez dugunoi. Horregatik, urtarrilaren 28an, Iruñeko karriketan manifestatzeko deialdia luzatzen dugu interesatua den orori.
Euskal Estatu Sozialistaren bidean, gazte langileok borrokara!