Gauza jakina da Zuberoatik datorren trajeria / pastoralak Ongiaren eta Gaizkiaren etengabeko borroka antzezten duela. “Ongia” eta “Gaizkia”, asmakizun judeo-kristauak omen. Alta bada, katoliko naizenez egoki zaizkit. Hiztegi kontua baizik ez baldin bada, lasai: Spinozak sentimendu “Baikorrak” eta “Ezkorrak” aipu ditu, Freudek aldiz “Eros” eta “Thanatos”, gutarik bakoitzaren baitan etengabe diharduten bi indar nagusien arteko borrokaren adierazle. Hitz polemikoak apur batez bazter utzirik, munduari so egiten badiogu aitziniritzi barik, ikus dirogu populuen ibilaldian dikotomia dialektikorik agertzen dela indar bikote nagusi zenbaiten artean, dela klarki, dela ez idurian, hala nola kapitalismoa eta sozialismoa, produktibismoa eta ekologia, kolonialismoa eta nazio askapena, tirania (fazista edo bestelakoa) eta demokrazia, arrazakeria eta orokortasuna, matxismoa eta feminismoaren artean, eta horretan bukatzen ote da zerrenda?
Zuberoako trajeria / pastorala katoliko sortu zen eta luzaz hola iraun du, sainduak ospatuz. Baina XX. mende erditik laikotuz etorri zaigu, inguruko jendartea bera bezala. Haatik aipatu berri dudan dikotomia beti bere baitan dakar usaiako hiztegiaren azpian, “Türkak” eta “Kiristiak” kontrajarriz.
Hiztegi horrek dagoeneko zentzurik ez du, joana den garai batekoa da, beraz ene ustez garai hartan uztekoa. Eiki, otoman inperio erraldoiak Europa kristaua zinez mehatxatzen zuen denboran sortu zen. Aldiz inperio hori erori da duela mende bat, munduko lehen gerla galdu ondoren aleman eta austriar inperioekin batera. Halere turkoen aurkako aiherrak iraun zuen munduko bi gerlen artean, zeren gure aitaitak horien aurka borrokan ari izanak ziren, bereziki 1915ean Dardaneletako leihorrean britainiarrekin egin zuten eraso luzean: hilabete zenbaitez gogorki gudukatu ondoren, atzera egin behar ukan zuten itsasontzietan itzultzeko. Haatik bigarren gerlaren ondotik,Turkia ez baitzen horretan sartu, “kiristi” eta “türken” arteko borroka zaharrek ez züten gehiago publikoa berotzen, eta pastorala nekez berpiztu zen.
Beharrik Etxahun-Irurik hats berri bat eman zion euskaldunei atea irekiz orduraino bazter utzi zituen antzerti horretan. Geroztik europarren arteko borroka laikoak antzezten ditu, gutiz gehienetan euskaldunon eta besteen artekoak.
Europa oraino kristaua ote da? Ez zait iduri, eta nahiz europarren apostasia horrek pena egiten didan, uste dut trajeriako hiztegia araberan aldatu behar dugula, gaurko egoerari egokitu.
Bi etsaiak nola deitzen ahal genituzke? “Onak” eta “Gaiztoak” ? Moralistegia zait, eta subjektiboa, ezen bakoitzak bere burua egokitzat dauka, eta bestea susmagarri, aurkaria xede txarrez betea baitabilke. “Baikorrak” eta “Ezkorrak” deitzea berriz oso abstraktoa iduri zait. Hiztegi arbitrario guztia bazter utzirik, goazen beraz errealismo hutsaren bidez, alderdi eta eskualde bakoitzari bistakoa den izena ematera: ate urdinetik urdinez bezti eta jantzirik jalgitzen direnak “Urdinak” deitzen ahal genituzke, besteak ordea “Gorriak”, araberako ezagugarriekin baitabiltza. Nik bederen hola eginen dut. Bide horretarik, logika osoz, “türk andereak” (eta ez “türketak”) “andere gorriak” bilaka laitezke, ate bat irekiz aurkarien mezulari eta urgazle jalgi laitezkeen “andere urdinen” taldeari. Alde horretarantz urrats bat eginen da 2020ko pastoralean, Ürrüstoin, “dantzari urdinak” agertuko baitira lehentze “satanen” parean. Berritzapen honek ere kritika zorrotzik jasoko du, baina tradizio guztiek hastapen bat ukan dute. Hain zuzen ere, “satanik” ez du beti eduki trajeriak: Frantziako Iraultza denboran agertu ziren, ez dakigu Onizepean izan zen ala Ürrüstoin, biek pastoral bat antzeztu baitzuten 1796an. Eta iduriz Eliza katolikoak gaizki hartu zituen… Ber kariara Abdelkader trajeriako heroi musulmana “Urdinen” buru agertuko da: ez otoi erran “türk” hori “kiristien” aldetik ari dela, “kiristiak” aldiz “türken” aldetik! Eta nire hautuaz ez arren harritu, zinez errex eta naturala izan zait: Abdelkader bere lurrean zebilen, herria, fedea eta legea zainduz Frantziako soldadu galtzagorrien erasotik.
Aurten Korona Birusa dela eta ez dakit Abdel Kader Pastorala aurkeztuko den. Prestaketa lanak eta mustrakak hasi ahal dira? Udaran agertzen ez bada, udazkenean edo datorren udaberrian oholtzaratu ote da?
Jean Louis
Satanak nolaz ez dituk kentzen? Hori bai, giristino eta juduei lotua zaiela. Aldiz ongia eta gaizkia unibertsalak dituk, eta unibertsala izanez, giristinoena, bai eta Turkoena ere bai. Gorri eta urdinak deitzen badituk, ere, bai hiretzat, bai ikusleentzat, batzu onak izanen dituk eta txalotuko ditie, besteak tzarrak eta hixtukatuko ditie.
Unibertsal hori hik uste baino urrunago doak. Unibertsalean sartzen ditiat Jainkoaren hamar manamenduak, Guk katiximan ikasi ditiaguk, bainan ez dituk Elizak edo apezek asmatuak. Burumuñetan eskas aire bat dutenetan ainitzentzat horiek denak apezpkeriak direla erraitea aski duk, ongi eta gaizkirik ez balitz bezala egiteko. Edo erraiteko. Zerbaitek on egiten badiote, ona izanen duk eta gaizki egiten badiote, gaizkia. Bainan izanen ditie beren on galtzak. Beren balioak eta beren kontrabalioak.
Berek nahi dutena egin nahi likeie, bestetaz kondu atxiki gabe. Beren hautuaren justifikaziorik emaiteko beharrik ez die. Horiek denak “apez historio” direla erran eta jo aitzina, ez die beste argitasun emaiterik.
Behin norbaitek galdegin zautaian Jainko bat badelako froga. Hark sinesten baitzuen ez dela Jainkorik, galdegin nioian Jainkorik ez delako froga. Ahoa zabalik egon zian. Haren munduan denek hola penstatzen ziteian, eta hark, bestek bezala, bestek bezala egiteko.”Adrian lerro lerro”… Hark ez zian bere ikusmoldearen justifikatzerik. Bestek ziteian beste ikusteko moldea justifikatu behar. Ez zekian zer den bi gorgoten egitea.
Ongia eta gaizkirat itzultzeko, 1968ko maiatz hartan ikasi dukek : il est interdit d’interdire. Oroit nauk hori ikusirik handi handia tindatua metroko pareta bataten Boli Kostatik oporrez sartu nintzelarik. Moda beraz, denak haizu, deus ez debekaturik.
Biblian aurkituko dituk debeku horiek, Jesus baino bost ehun urte lehenago. Hamabi urte egona nauk Boli Kostan. Jakin ezak ala Biblia ala 10 manamenduak bazirela behin ere entzuna ez dutenetzat gaizki dela hiltzea, gaizki gezurra erraitea, gaizki ebastea, gaizki senarra edo emaztea tronpatzea. Batere ez zaitak bitxi iduritzen ala haiek han, ala guk hemen gaizkia eta ongi begi berekin ikustea, ñabardura zenbait gora behera.
Zentzu poxi bat duen nornahirenzat funtsezko gauza batzu ongi ala gaizki dituk. Patar baten gainean edo bihurgune batetan bestea doblatzea edo Santaizpiritako zubian orenean ehuneko abiaduran ibiltzea ez duk gaziki kodak debekatzen duelakotz. Kodak debekatzen dik gaizki delakotz. Hamar manamenduekin berdin. Manamenduek debekatua ez duk gaizki manamenduek debekatzen dutelakotz; Manamenduek debekatzen die gaizki delakotz. Ez dezakek asma herri bat non jendeak uros bailitezke elgarren alderat herra ukanez, elgarren artean gaixtoak izanez, auzoak erailez, ebatsiz, hatsa gezurra izanez, auzoari senarra edo emaztea kenduz, aitamek haurrak egin eta biharamunean bide bazterrean utziz. Zentzu poxi bat duen nonahik gaizki dena gaizki dela senditzen dik, eta ongi dena ongi. Gure mundukoa duk dikotomia
Hire pastoraletan izanen dituk urdinak eta gorriak, hik nahi dukanak izanen dituk onak eta hik nahi ditukanak tzarrak. Bainan onak eta tzarrak izanen dituk. Zein baitira eta onak bezala sendiarazi nahi ditukanak eta haiek ditie jendek txalotuko, izan dicen Turko, Aleman ala Frantses. Zein baitira eta gaixto bezala sendi arazi nahi ditukanak eta haiek ditie jendek hixtukatuko.
Ona dena ona dela erraitea eta tzarra dena tzarra dela, ez duk moralista izaitea
Xipri