Gure ingurune berde eta hezean ere ur eskasaren fenomenoa gero eta usuago gertatzekotan da. Testuinguru kezkagarri horrek bai eta ureztatzearen gaia ez dela gaurkoa jakiteak, geroari buruz zer ureztatu eta zer urekin irizpideak argitzeko premia argi uzten dute.
Joan den udatik, ez da egun bat pasatzen aro aldaketa eta ondorioz bizi dugun ur eskasa aipatu gabe. Anitzen arabera, azken urteko lehorteak ekarri dituen ondorioak ez ziren sekula ikusi. Euskal Herriko laborariek urte batez jasan behar izan duten egoera korapilatsua ezingo dute berriz bizi. Gure ingurune berde eta hezeak ur eskasa bizi izan badu, beste eskualde franko kenka txarragoan direla pentsa daiteke. Alta, iduri luke fenomenoa gero eta usuago gertatzekotan dela.
Testuinguru kezkagarria
Aditu guziak karkulan ari dira gure tenperatura zenbat graduz emendatuko den jakiteko 2050 edo 2100 urteari begira. Anartean deus ez da aldatzen, jendarteak pareta jo arte ez baitu ulertzen eta sinesten, hobe lukela eztitzea edo norabidez aldatzea. Iazko eta negu huntako egoera ez balinbazen oraindik pareta hori ere, alarma gaitza zen. Jendarte huntako maila desberninetan gogoetak sortzeko iratzargailu bizia izan behar luke. Ipar Euskal Herrian, laborantzak aspaldidanik ezagutu duen urte ilunena ezagutu du. Hazkuntza mailan bereziki, azken berrogoi urteetan ekarri sistema aldaketaren mugak argiki ikusi dira. Nola segitzen ahalko da etxaldeek dituzten abere kantitateak bazkatzen, etxaldeetako edo inguruko mendietako bazkak erreak balinbadira eta gainera, kanpotik sarrarazten den belar, lasto edo zaldarea prezioz bikoizten bada? Nor prest izanen da, urtetan kabalen kopurua handiturik eta bastimenduen zabalera biderkaturik, alderantzizko bidearen hartzeko? Eta barazki, arto, gari edo fruitugintzan nola egiten ahalko da ur eskas gorria erregularki suertatzen bada?
Ureztatzea ez da gaurkoa
Duela 50 edo 60 urte oraindik, gure herri xokoetako alorretan, arroila batzuk ikusten ziren maldetan zeharka, haien ibilbidea ondoko erreka ttipi batetan hasten zelarik. Gaur egun gutik ezagutu badute ere, zenbat alor ez ziren arroila horien bidez ureztatzen urteko ekoizpen desberdinen segurtatzeko? Urteak pasa dira, eta denborarekin praktika horiek bazter utzi dira. Dudarik gabe, garaian holako obrak egin baziren, idorteen ondorioen saihesteko izan behar zen jadanik, ahantzi gabe orduan etxean etxekoa ekoizten zela eta uzta baten huts egiteak ondorio gaitza izaten ahal zuela familia oso batentzat.
Aztarna horiek frogatzen digute gure lurralde hezeak ere aspaldidanik ureztatzea beharrezkoa izan duela baitezpadako ekoizpen batzuen bermatzeko. Gari, arto, baina pentze batzuk ere ureztatzen ziren kabalen bazka kausitzeko. Pentze edo landa ttipiak ziren orduan, ur xirripa xume batekin bustitzen ziren eta erreken edo lurrazpiko uren oreka ez zen horrekin hausten.
Zer ureztatu eta zer urekin?
Gauregun, eta gure lurraldeko laborantzak iraun dezan, behar beharrezkoa dugu irizpide batzuen finkatzea jakiteko dugun ur baliotsu hori zertan erabili. 2022ko udak erakutsi zigun barnealdeko herri batzuek edateko uraren eskasa bizitzen ahal zutela. Holako adibideekin, pentsa daiteke sareko ur edangarria ez dela nolanahika erabiltzen ahalko. Ez igerilekuen betetzeko, ez autoen garbitzeko ez eta, hain segur baratzeen edo baratzezainen alorren ureztatzeko ere. Eta pentsa daiteke ere edateko urik ez duen herri batek, hazkuntzak kabalen edanarazteko erabiltzen duen ura ere mugatu nahi izanen duela. Lehentasunak nola finkatu behar ote diren gogoetatzeko mementoa jina zaigu. Gure laborantza praktikak orain dira egoera berriari egokitu behar, ekonomikoki ez baitugu iraunen deus ez bada aldatzen. Hazkuntzan, kabalen kopuruak berrikusten ahal dira etxaldeko eremuari berregokitzeko, behar ttipiagoak dituzten arraza rustikoagoen hautua egin, mendia goizago erabili etxeko bazka atxikitzeko neguko… Beste alorretan, lurraren lantzeko manerak ere uraren eskasari laguntza pixka bat ekar lezake, landare moten hautuak ere, lurraren estaltzeko erabiltzen diren gaiak ere hobetzen ahalko lirateke.
Argi da Frantzian bezalako uraska erraldoiak ez direla aterabide onargarriak. Ur edangarria eta lurpeko ura denen ondareak dira eta ezin dute erabiltzaile bakar batzuek berentzat baztertu. Baina uda betean ura non atzeman? Errekak ttipituak direlarik ez ditugu gehiago ustiatzen ahalko, eta lurpeko ura ere beharrezkoa da lur eta ur zikloa ez desorekatzeko. Neguan ura kantitatean agertzen delarik baztertzeko manerak asmatu behar dira, nehor trabatu gabe, ingurumena ahal bezain guti kaltetuz, eta ahalaz inbertsio erraldoirik egin gabe. Galdera franko dira, baina ezin da sobera goaitatu, ez badugu laborarien erdia galdu nahi urte gutitan, alternatibak orain gogoetatu behar ditugu.