Senpereko sorgin auzien 100 urteak zirela eta, izan da liburu, artikulu eta mintzaldi. Nehork ez dauku erran zer diren sorgin eta sorginkeriak…
Boli Kostan ikusi eta ezagutu ditugu. Gure liburua hasten dugu hangoa aipatuz. Gero ikusten dugu hemengo sinestea zer zen De Lancren garaietan eta lehenago. Ondotik De Lancren aldi, aintzinean erranek argiturik eta bururatzen dugu ikusiz sineste horiek beti bizi direla eta ez Oihanetxezaharreko Manezen gogoan, bainan Aulas Olympique Lyonnais-ko zuzendariarenean.
Sorginetan den sineste hori lotua da munduaren ikuspegi orokor bati. Bera baino gehiagoko indarrak sendi zituen gizonak aspalditik. Indar horiek menperatu nahi izan ditu. Sorginen lana izan da hori. Ongirako eta gaizkirako.
Belhagileak ezagutzen zuen belar batzuen bertutea eritasun zenbaiten kontra. Bainan ere norbaiten pozoinatzeko, eta horrela da sorgin bezala ikusia izan. Zure gainerat botaia izan den zorte gaixtoa edo begi gaixtoa ken dezake sorginak. Bainan ere zure gainera bota. Iragarleak erranen dizu nork bota dizun joa zaren zortea. Hori jakin eta presuna horren kontra sortuko zaizu herra eta menedekio gosea.
Gizon batek erakutsi zigun behin sorginak tripatik ateraia zion itze herdoildu bihurdikatua, gaitzeko tripako mina ematen baitzion. Ez er-ran amentsetakoa zenik, zilkoaren ondoan ageri zen zaurixka bat: itzea atera zen tokia. Eta bereziki, itzea kendu eta sendatua izan zen.
Nire liburua idazten ari nintzela, gutun bat igorri diot, Suisara, mundu osoan ezaguna omen zen iragarle argi bati. Errepostua igorri zidan helbide honetara: Madame Xipri. Bainan 10 milioi badira, Frantzian berean, horrelakoei konfiantza itsua egiten baitiete. 150.000 sorgin, iragarle, jainko ttipi, azti, estekatzaile, mago eta beste, apezak 18.000 direlarik. Sectes sataniques edo diaboliques delakoak bestalde.
500 sorgin erre omen zituen De Lancrek. Hiru orgatara egur behar zen norbaiten erretzeko. 1.500 orga egur nork moztuko zituen gizonak arrantzara joanak zirelarik? Hamabi izen ematen ditu berak. Ez dugu uste bat gehiago kondenatu zuen: sorgin gehiago hatxeman eta balentria handiagoa izanen zen. Eta hamabi kondena, ainitz da! Ez bizirik erreak, baina urkatu ondoan.