
Enbata Hilabetekariko Sar Hitza
Uztailak 14 (U14) kolektiboak Ezpeletan antolatutako manifestaldiak erakutsi duenez, Euskal Herriko gazteriak ez du amore ematen: berrehun gazte bildu ziren egun sinboliko horretan kultura-identitatearen defentsan, masa turismoaren eta kapitalismoaren kontra. «Independentzia», «ez gara frantsesak» oihuak entzuteak lapurtar herri ttipi famatuan, plazer ttipi bat sorrarazi ziezaiekeen batzuei… Aitortu behar dut horietarik bat naizela. Gazteek erradikaltasun bat erakutsi nahi izan dute naski. Entzunak izateko aterabide bakarrenatako bat. Militante zaharrenek ezagutu ditugu Baionan ttipian bortizki bukatzen ziren manifestaldiak. Beste garai bat zen. Bortizkeria giroan militatzen genuen. Euskal Herrian, Iparraldean ere, gauza asko aldatzen ari direla aitortu behar dugu, baina aldaketa horrek normalizazio giro bat sortzen du militantzia ttipitzearen arriskua ekarriz. Ez da holakorik sentitu Ezpeletako karriketan. Petardo bortitzak, eslogan zorrotzak, determinazio azkarra, zuzenean jendarmerira joan ziren lehen geldialdia egitera eta Herriko Etxe aitzinean azken hitzaldiak. Badago garai bat denetarako. Gauzak ez dira modu berean ikusten adin guzietan. Hortik pasatu naizelako, eta seguruenik eboluzionatu naizelako ere, gustatzen zait pentsatzea gazteriaren suhartasuna eta zaharren pragmatismoa behar direla lerroak mugitzeko, gauzak aitzina eramateko. Erabilitako egin-moldeak herritarren gehiengoaren ganik onartuak eta ulertuak izan behar dira ere. Lehengo denboretan ez genuen beti puntu hori ulertu eta bete.
Manifaren bezperako kafe denboretan, izandako eztabaidak, jendea gerta zitekeenaz kezkatuta zen, biharamunean aldiz manifestaldia ongi iragan zela zioten denek: gatazkarik, kalterik, pintadarik ez…Eta mezuek zuten lehentasuna hartu. Biziki eraikitzailea da gaiaren muinari buruz eztabaidatzea, itxura edo forma eztabaida baztertzeko estakurutzat hartu gabe.
Manifestaldia tokiko bestetan iragarria zuten, Anoetako estadioaren inguruan Fermin Muguruzaren kontzerturako, baita Iruñeko San Ferminetan ere. Presioa zegoen Ezpeletako herritarren eta saltzaileen artean. Bereziki herria erhiz erakutsia izan zelako, masa turismoaren sinbolo izateaz hobendun ekarria, Donibane Lohizune, Miarritze edo, oro har, kostaldeko herri eta hiri guziak bezala. Arriskua zegoen bertako jendartearen ganik deskonektatzeko, nahiz eta honek kontrolatu gabeko turismo txar honen gehiegikeriei buruz kasik gauza bera pentsatzen duen.
Zorionak zuei gazteak! Segi dezagun elkarrekin horrela. Baina bururatzeko, nire herria defendatu nahiko nuke oraino… Gogorarazi nahi nuke Ezpeleta herri turistikotzat soilik ikusten dutenei: Ezpeletan egin ohi dira presoen aldeko kontzertuak, Eusko Eguna, Idoki merkatua, pottoka feira tradizionala eta Iparraldeko herriko besta ederrenetik bat… Arrazoi on bat izan behar da horiek guzientzat? Beste aldi batean gai hori aipatuko dugu.