Mugimendu sozialetan aditua den Txomin Poveda elkarrizketatu dute Plaza Hutsa saiokoek. Lantzen ari den doktore-tesian Ipar Euskal Herriko praktika militanteak sakon aztertu ditu. Xabi Larraldek pausatu dizkio galderak. Historikoki ezkerrak erabili dituen eraldaketa-praktika klasikoak egun agortzen hasiak direla uste du, bai bide rupturista-iraultzailea bai bide erreformista darabiltenak. Munduan barrena, ordea, tokiko ekimen eraldatzaileak areagotzen ari dira, sarritan xumeak izan arren. Horiek guziak praktika militante alternatiboak deitzen ditu Povedak 15 minutako bideo-elkarrizketa interesante honetan.
Txomin Povedak Ipar Euskal Herriko praktika militante alternatiboak aztertu ditu bere Soziologiako doktore-tesirako. Baikor so egiten die praktika horiei. Ipar Euskal Herrian horien berpizte bat gertatzen ari dela konstatatu du. “Ipar Euskal Herrian bada horrelako ohitura bat, kultura bat, ekiteko hemen eta orain, itxoin gabe goitik datozen aterabideei”, adierazi du.
Pixkanaka, horiei esker sistema instituzional-herrikoi bat josten ari da bere aburuz, “zinez aldatzen dituena eguneroko praktikak”.
“Gaur egun, mobilizatzeko manerak aldatu dira”, baieztatu du. Egitura klasikoetan inplikatzeko beldurrak ikus daitezke jendearen artean. “Jendeak inplikazio konkretu bat nahi du, zerbait praktikoa, ez zerbait biziki ideologikoa”. Praktika militanteek eskari horiei erantzuna ematen diete: engaiamendu baikor bat, engaiamendu mailakatu bat. Egunerokotasuna eta lerro politikoa aldarazteko gai dira praktika horiek guztiak. “Biziki inportantea da duten eragina. Beraiek lortzen baitute errealitate soziala mugitzea”, dio soziologoak, izan ere, beste praktika politiko batzuk elikatzen baititu.
Herri mailan elkarte sozio-kultural bat izateak edo kooperatiba bat izateak beste praktika politikoen esparruan eragiten du. Horrez gain, sistema politiko instituzionalari ere eragiten diote. Lehia bat ezartzen dute sistema ofizialen eta herrikoien artean eta horrek mugiarazten ditu erakunde ofizialak.
Iparraldeko praktika alternatiboen ereduak badute potentziala Euskal Herri osora eramateko, soziologoaren iritziz. “Praktika horiek sortzen dira gainetik ematen ez diren erantzunak betetzeko. Gainetik ez ditugu gauza horiek lortuko eta hau da funtsezko jarrera: “Ez badigute ematen, sortzen dugu”. Herria aske izateko egitura instituzional horiek asmatu beharko dira, “instituzionalizatzen ari da herri hori gaurdanik, asmatuz zer sistema instituzional nahiko dugun, eta hori modu herrikoi batean”.
Praktika xume horietatik nola bideratzen da aldaketa sakon bat? “Artikulatuz erradikaltasuna eta praktikotasuna”, dio. Bi polo horiek osotasun baten parte dira Povedaren erranetan, erronka pausoz pauso idealera joatea baita. Adibide modura, Seaska aipatu du. Euskarazko hezkuntzari blokeo ofiziala ezarririk, herritar talde batek sortzen du tresna hori. “Seaskak lortu du urtez urte bere proiektua berritzea, eta pixkanaka-pixkanaka berriz aintzinatzea”. Euskal monetaren kasua ere nabarmendu du. Egunez egun, kapitalismoaren aurka keinu batzuk egin daitezkeela erakusten du euskal monetaren proiektuak, ogia erosiz adibidez. Tendentzia ezberdinetako jendea batzea lortu dute, “ez baitira idealean egon, baizik eta errealitatetik abiatu baitira”. Horren bidez, herritarrek bere egunerokoan lantzen ez zituzten gai batzuk barneratzen dituzte, erakundeen esku egon ohi direnak, “horien bidez ari dira gauzatzen eta pentsatzen beste herri-proiektu bat”.