
Europak bere helburu klimatikoak malgutzen eta AEB zientziari bizkarra ematen ari zaion bitartean, Txinak mundu mailako elektrizitate berriztagarriaren lidergoa hartu du. Panorama honetan ez dezagun ahantzi trantsizio energetikoak neurritasunarekin eta justizia sozialarekin bat egin behar duela.
Duela hamar urte, 2015ean, COP21a prestatzen ari zen. Gure Ipar Euskal Herri ttikitik, bi urte lehenago saiatu ginen Alternatiba (edo Alternatiben Herrixkak) izeneko klimaren aldeko mugimendua eraikitzen, tokian tokiko konponbide zehatzak erakusten zituena, klimaren erronkari aurre eginez gizarte eredu bizigarriagoak garatzeko. Halere, testua onartu eta izenpetu zenean Bizik eta klimaren aldeko mugimenduak salatu zuten hitzarmena ez zela loteslea, eta beraz horrek bakarrik ez zuela klima egonkortuko.
Hiru urte geroago hasi ziren mundu mailako klimaren aldeko gazteen martxak, Suediako Greta Thunberg ikasleak abiaturik. 2019an izandako hauteskundeetan klimak toki handia zuen, berdeek europarlamentuan arrakasta handia lortu zuten. Garai hura oso urrun dirudi gaur egundik ikusirik: 2023ko COP28a eta 2024ko COP29a petrolio-esportatzaile diren Dubai eta Azerbaidjanen igaro ziren, eta Azerbaidjango presidenteak bota zuen “jainkoaren opariak” direla gasa eta petrolioa.
Atzoko balizko liderrak, gaur egun norabidea galdu
2022an azkarturiko krisi geopolitiko eta energetikoak, eta aurten COP21aren hamargarren urteurrenak, Frantziari eta Europari parada ematen zieten dinamika berri bat abiarazteko, aldi berean erregai fosilak baztertzeko eta klimari buruz nazioarteko lidergoa berriz hartzeko. Tristeki, parada hori guziz galdua dela dirudi: Le Figaro aldizkarian ere Macron presidenteari leporatzen diote Europar Batasuneko helburu klimatikoak kolokan ezartzea(1). 27 estatuek erabaki behar zuten isurketa murrizte helburu baten bozka atzeratu zuen 10 estatuko talde batek, Frantziak eta Alemaniak berriki bat egin dutena. Horren ondorioz, bozka estatuburuen gailurrean igaroko da urriaren 23an, baina bertan baieztapena ahobatezkoa izan beharko da, eta hainbat adituk diote ahobatezkotasuna ezinen dela lortu. Baliteke beraz Europa COP30ra joatea isurketak murrizteko bideorri zehatzik gabe. Polita “klima salbatu genueneko” hamargarren urteurrena.
AEBk bere lidergo zientifikoa deusezten
Joan den mende erditik hona, AEB zen mundu mailako ikerketa zientifikoaren liderra, tarte oso handiarekin. BPGaren % 3,59 inbertitzen zen bertan ikerketa eta garapenean (2022ko zenbakia; konparaketarako Frantziak % 2,23 eta Espainiak % 1,44), eta erreferentzia zen hainbat arlotan, medikuntzatik ozeanografiara, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiatik giza zientzietara, erdi-eroaleetatik genetikara. Garai hori bukatu da, hamarkadetan zehar eraikitako ezagutza multzo hori hilabete gutitan desegitea erabaki baitu oraingo buruzagitzak. Bereziki, klima hitza tabu bilakatu da, hainbertzetaraino non berotegi efektuko gasak monitorizatzen dituzten satelite multzo bat (berriak, garestiak eta arazorik gabe martxan direnak) suntsitu nahi baititu Etxe Zuriko agintariak. Harrigarria izanik ere, anekdotikoa da zientziaren aurkako bertze hainbat erasoren artean. Kargualdiaren hasierako lehen neurrien artean zegoen Biden-en kargualdiko klimaren aldeko neurriak (bereziki Inflation Reduction Act legedia) desegitea, eta energia berriztagarri proiektuen baimenak deuseztatu nahi dituela iragartzea.
Atzerakada globala
Halere, AEBetan atzerakada horiek oso zalapartatsuak izan arren, atzerakadak ez dira herrialde honetan bakarrik gertatzen, eta ez ziren hasi 2025eko urtarrilean. 2019tik 2021era, munduko gobernuek urtero ezartzen zituzten klima egokitzapen eta isurtze murrizketa neurriak 300 baino gehiago ziren, Nat Bullard energia adituaren arabera. 2023an 200 baino gutiago ziren, eta 2024an 50 inguru. Europan edota Hego Amerikan, indarrean dauden hainbat legedia ahulduak izan dira, edo ahulduak -ez bada kenduak- izateko presiopean. Atzerakada honen munta eta abiadura harrigarriak dira AEBetan, baina mugimendu zabal hori ez da beraz egon AEBetako buruzagitza aldaketaren zain, aldaketa hori baino lehen abiatu baitzen. Sarkozy presidente ohiak 2011n bota zuen “l’environnement ça commence à bien faire” (“nahikoa da ingurune kontuekin”) esaldiarekin, iduriz, bertze buruzagi askok bat egiten dute. Ingurunetik kanpo bizi bagina bezala, klima aldaketak kalterik eginen ez baligu bezala.
Txina, berriztagarrien liderra
AEB zientziari eta arrazionaltasunari bizkarra ematen ari zaien, eta nazioarteko laguntza programak bertan behera uzten ari den bitartean, azken urteotan Txinak hartu du nazioartean energia berriztagarrien garapenaren lidergoa. Horretarako abantaila nabaria dute: eguzki panelak, bateriak eta hainbat gailu pantailadun ekoizteko ezinbertzekoak diren “lur urri” edo “lur arraro” pila bat dute. Bayan Obo meategian bakarrik, munduan ustiatzen den lur urri baliabidearen % 60 inguru kokatzen da, eta horren ustiapenean Txinak aurrea hartu dio munduko gainontzekoari: 2019an, munduko lur urri eskaeraren % 90 inguru hornitzen zuen jadanik Txinak. Gainera, metal berezi haien fintze prozesu osoa garatua duen herrialde bakarra da.
Abantaila geologiko horretaz baliaturik, Txina asko ari da inbertitzen nazioartean elektrizitate berriztagarria ekoizteko proiektuetan. Azken urteotako gorakada izugarrizkoa izan da: 2011tik goiti Txinako enpresek 227 miliar dolar inbertitu dute atzerrian, 54 herrialdetako 461 industriagunetan, elektrizitate solarra edo eolikoa ekoizteko eta biltzeko proiektuetan. Inbertitze erraldoi horren % 88 2022tik soilik egin da.
Etorkizunerako planak
Konparaketarako, gaur egungo dolarretan 2. mundu gerla osteko mendebaldeko Europaren berreraikuntzarako Marshall planak 200 miliar ekartzen zituen. Txinak inbertitu duen proiektu horietan eguzki panelak, bateriak, ibilgailu elektrikoak, haize errotak eta hidrogeno “ferdea” ekoizten dira, eta proiektu horien % 75 baino gehiago Hegoalde Globaleko herrialdeetan dira. Herrialde batzuk gako bilakatzen ari dira sektore zehatzetan, horietarik Indonesia bateriak ekoizteko materialetan, eta Maroko katodoetan eta hidrogenoan. Kanpoan egindako inbertsioei gehitu behar zaie Txinan bertan elektrizitate eoliko eta solarrean inbertituriko 340 miliar. Joera horretaz oharturik – eta lasterketan gibelean ez egoteko – bultzatu zuen Biden administrazioak bere Inflation Reduction Act, gaur egungoak bertan behera utzi duena, erregai fosiletara itzultzeko, eta bide batez guri erostera behartzeko(2).
Klimaren aldeko aspaldiko aktibista eta 350.org mugimenduaren bultzatzaile Bill McKibbenek dio gaur egungo AEBetako administrazioa ez dela gai berehalakotasunik harago pentsatzeko, Txinak hainbat hamarkadatako planak egiten dituelarik.
Erregai fosilen menpekotasunetik atera, edo menpekotasunak pilatu?
Hego Globaleko herrialde askoren interesa erregai fosilen menpekotasunetik ateratzea da. Askotan, zorpeturik izanez gero, eta bertan erregai fosilak izanez gero, horiek ustiatzera behartuak dira, zorra ordaintzeko maileguak hartu ahal izateko. Baina prezio aldaketak tarteko, etekina ez da beti espero zena. Bertze batzuek, Pakistan bezala, presioak jasan dituzte AEBetatik petrolioa inportatzeko(3), aduana zergak igotzearen mehatxupean. Idurika genezake petrolioa inportatu baino gehiago interesatuko zaiela panel solarrak plantatzea, eta hain zuzen 2024an Txinatik 17 GWeko kapazitateko eguzki panelak inportatu zituen Pakistanek(4). Horrekin batera, Qatarretik gas inportazioak murriztu zituen. CarbonBrief webgunearen arabera, orain arteko Txinako esportazio eta inbertsio horiek denera 4 Gigatona CO2 isurketa saihestuko dituzte
Halere, berriztagarrien sekulako hazkunde hori ez dator arazorik gabe. “Planetary Mine:Territories of Extraction under Late Capitalism“ liburuan Martín Arboleda soziologoak zehazten digun bezala, gaur egungo elektrifikazio globalak kate logistiko berriak eraikitzen ditu, eta ustiapen berriak ere. Txilen litio meategien inguruan bizi direnek badute zer konta, Nigerian petrolioak kutsaturiko eskualde txiroetan bizi direnek kontatzeko asko duten bezala. Txinan bertan ere, Bayan Oboren inguruan, normala baino 32 bider handiagoa da erradioaktibitate maila (konparaketarako, Txernobylen 14 bider da) eta minbizi asko lur arraroen prozesatzeari lotuak direla susmatzen du Txinako Greenpeace taldeak. Justizia sozialarekin bat egiten ez duen trantsizioak lurralde eta talde batzuk sakrifikatzen ditu bertze batzuei energia (ez hain) garbia hornitzeko.
Gainera, Jean-Baptiste Fressoz energien historialariak askotan oroitarazi bezala, oraindik elektrizitate berriztagarria neurri handi batean gehitzen zaie erregai fosilei, ez ditu ordezkatzen. Konponbidea beraz ez da berriztagarrien hazkunde mugagabean soilik: berriztagarriak konponbidearen parte dira, kontsumoaren doitzea eta justizia sozialarekin batera. IPCCk 2022an argi zioen(5) trantsizioaren justizia sozial mailak trantsizioaren eraginkortasuna bera baldintzatzen duela. Hori ez da aldatu, uztartzea da bide bakarra, eta ez da soilik GWtan neurtzen.
(1)Comment Emmanuel Macron a fait dérailler les objectifs climatiques de l’UE. Le Figaro, 2025/09/18
(2)AEBek Europako produktuei % 15eko muga-zergak ipiniko dizkie, eta alderantziz ezer ere ez. Argia, 2025/07/28
(3)Pakistan energia trantsizioan zegoen, erregai fosilen eta kriptotxanponen interesak tartean sartu arte. Argia, 2025/07/03
(4)How Pakistan quietly became world’s biggest solar importer. The independent, 2025/04/14
(5)The Just Transition: Shaping the delivery of the Inevitable Policy Response. Principle for Responsible Environment, 2022/04/11
