
40 urtez Landibarreko Agerria etxaldean lanean ari izanik, Filipe Maitiak etxaldea eta sortetxea Franck Duvillier eta Virginie Bombart laborari bikotearen esku utzi zituen 2025eko abendu bukaeran. Bizi izan duen etxalde transmisioaren hainbat irakaspen, biharko laborantzan eta Euskal Herriaren eraikuntzan lagungarri direnak, partekatzen dizkio Enbatari.

Enbata: Filipe Maitia, laborari landibartarra, 60 urtekoa, behi haragitakoekin eta sagardi batekin ari izana, plantan eman duzun transmisioaren zenbait ezaugarri azpimarra diezazkigukezu?
Filipe Maitia: Ni laborari sartu nintzen aitamen segida hartuz 1986an Agerria etxaldean. Geroztik hor ibili naiz, ene ibilbidea hor egin dut. Denbora joan eta gauzak hurbiltzen ari baitira memento batez, epeak jartzen dira, mugak buruan ere. Eta duela bospasei urte, osagarriz larri ibili nintzen, eta hor hasi nintzen gogoeta egiten… “Hara, etxalde bat baduk eskutan, denak hire espalden gainean, eta orain zer egin behar da?” Haurrik ez izanez, ilobarik ez izanez, pentsatu nuen beharko zela zerbait egin, eta buruan argi nuen ez nuela etxaldea handitzera utzi nahi saihetsetan, eta, beraz, erabaki nuen transmisio bat egitea. Eta hortarik hausnarketak hasi, eta egin dut transmisio osoa, transmititu ditut etxea eta etxaldea.
Agerria Landibarren da herri erdian, hirurogei hektareako etxaldearekin. Eta ni ari nintzen behi gorriekin, haragitakoekin, eta sagardi bat ere bada hor hektarea batekoa. Eta transmisioaren ondorioz, behiak kendu dituzte, eta ardi tropa batekin lanean aritzeko manera hartu dute segida hartu dutenek
Hausnarketa horietarik landa, auzo herriko pertsona batek deitu ninduen eta galdegin ea beti norbait xekatzen nuen segida hartzeko, eta ni beti ideia berean nintzen, eta erran nion: “Bai, beti gogoeta beretan niz etxaldea transmititzeko, eta beti prest niz norbaitekin kafea edateko edo xingar eta arroltze jateko, trukaketa egiteko”. Eta hortarik landa, Baigorritik heldu zen bikote bat presentatu zidan; haiekin solastatzen hasi nintzen eta, egun, haiek dira, Franck Duvillier eta Virginie Bombart, gure etxaldean: familia bat haurrekin. Jatorriz Frantzia iparraldekoak dira, bazuen hogei bat urte Baigorrin zirela, eta beraz segida hartu dute ardiekin.
Nola azalduko zenituzke familia-eremutik kanpoko transmisio proiektuaren oinarrizko lerroak?
Lehenik, behar da buruan prest izan. Lehen galdera da ea zure buruan prest ziren gauza horien egiteko, zeren gauza zailak baitira. Ez da beti errex beste norbait etxaldean hartzea. Bakoitzak bere gogoetak egin behar ditu, bakoitzak egiten ditu bere hautuak. Enea hori izan zen eta buruan landua nuen; hartako dut erraten baitezpada lehenik buruan prest izan behar dela. Eta bigarrenik, denbora hartu behar dela gauzak azaltzeko. Ez dira gauzak tarrapatan egin behar. Hara, horiek dira bi ardatz nagusiak.
Familia-eremutik kanpoko transmisio proiektuarentzat laboraria bere buruan prest izan behar da eta gauzen egiteko denbora hartu behar du.
Gero badira egiturak gure inguruan. Bistakoa, eta guk haiekin lan egin dugu, Euskal Herriko Laborantza Ganbara bada, eta Donapaleun ere hainbat zerbitzu, bakoitzak ikusten du nola nahi duen aitzinatu… Baina egiturak badira laguntzeko, badira kontabilitatean adituak direnak, etab.

Buruan prest izatea eta gauzak denborarekin egitea lortzen bada, gero, errexa da, egituren laguntzari esker.
Zein dira gaur egun etxalde ttipien transmisiorako usaiako moldeak, laborantza herrikoi eta iraunkorraren arloan?
Orain arte hemen gaindiko transmisio moldeak kasu gehientsuetan burrasoetarik haurretarat edo berdin ilobetarat (familian) egiten dira. Badira, bestalde ere, familiaz aparte instalatzen direnak. Hortarako egiturak ere badira gure inguruan, Lurzaindia adibidez, bat izendatzekotan. Eta hemen gaindiko etxaldeetan, lekuan lekuko gisa lanean ari izanez bada manera zerbaiten egiteko.
Zergatik familia-eremutik kanpoko transmisioa gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da?
Hemen Euskal Herrian oraino bada anitz etxalde. Etxalde horietan bada ere andana bat segidarik ez duena. Segidarik ez dutenak familiatu ez direlakoan, edo familiatu direlarik, haurrek laborantzarako gusturik ez dutelakoan, edo etxalde batzuk gotortu direlarik, gazteek lan sobera ikusten dutelakoan. Hots, badira anitz kasu non etxaldeek segida beharko duten aurkitu. Eta erran behar da ere bizi den herri bat girela. Euskal Herrian oraino bada bizi bat gizarte arloan eta kultura arloan. Berdin, horrek ditu ere gazteak hunarat tiratzen, eta hemen senti dute hurbiltasun bat auzoen artean eta gazteek elkarren artean. Eta pentsatzen dut horiek guziek dutela tirria hori sortzen.
Euskal Herrian oraino bada bizi bat gizarte arloan eta kultura arloan. Berdin, horrek ditu ere gazteak hunarat tiratzen, eta hemen senti dute hurbiltasun bat auzoen artean eta gazteek elkarren artean.
Zein oztopo izaten dituzte gehienetan laborariek beren tresna transmititu nahi dutenean?
Bakoitzak bere buruan sartua baldin badu transmisio baten egitea eta prest baldin bada horretarako, gero egiturak hor dira administrazio sailean laguntzeko, edo, guk laborariek erraten duguna, “paper istorio”-etan. Notarioarekilako atalak izigarri luzeak dira… juridikoki, eta administratiboki beti bada zerbait gehitzeko. Ez da sekula fini. Hor dira trabarik handienak. Eta berriz errepikatzen dut, ondoan baditugu egiturak gure laguntzeko.
Zein erakundek lagun dezakete transmisio prozesu eraginkor batean?
Bada anixko erakunde arlo horretan… baina denen beharra bada. Euskal Herriko Laborantza Ganbaratik hasiz eta Pauekoaren Donapaleuko adarrera. Bankuak, notarioak, kontableak, etab. Orain Euskal Elkargoa ere iduriz arlo hortan sartzen ari da, laguntza edo zerbait lekuan ezarri nahiz. Eskualdetik ere paradak badira. Arlo horretan, denen beharra izan daiteke.
Beste arlo batean, nola laguntzen dute ordezkapen zerbitzuek —eta oro har lankidetza edo elkarlan tresnek— eguneroko lan-karga luzaroan jasangarri bilakarazten etxalde ttipietan?
Ordezkatze zerbitzuak sortu genituen, 1991n. Geroztik hor bagabiltza, anitz etxaldetan laguntza ekarriz bistan dena, eta egun, Ipar Eskual Herrian den ordezkatze zerbitzuak, Lagunak elkarteak, 44.000 ordezkatze oren egin zituen 2024an, 355 etxaldetara laguntza ekarriz. Uste dut beharrezkoa dela ordezkatze zerbitzua. Lehenbizikorik, norbaiten lekuan laguntza ekartzeko zerbait gertatzen delarik, on edo txar.
Ipar Eskual Herrian den ordezkatze zerbitzuak, Lagunak elkarteak, 44.000 ordezkatze oren egin zituen 2024an, 355 etxaldetara laguntza ekarriz.
Bistan da, lehenik pentsatzen dugu heriotzari, istripuari, eritasunari, etabar-i. Baina beste gisaz, badira ere berri onak diren aita oporraldiak, ama oporraldiak, laborariak oporretan norabait partitzen direlarik, etab. Kasu guzietan, hor gira norbait lekuan ezarri behar delarik eta hor egiten ditugu berriz aipatu dudan lan administratiboa eta etxaldeei laguntza ekartzea. Beraz, anitz etxetan momento kritiko bat bizi daiteke eta Lagunak elkarteak laguntzen du etxaldea iraunkorra izaten.
Zure esperientziatik abiatuz, zer gomendatuko zenioke transmisioa prestatzen ari den laborari bati, edo familia-eremutik kanpo instalatu nahi den norbaiti?
Ene esperientzia, berezia da, zeren oraindik ez gira anitz molde hori hartu dugunak. Alabaina, nik etxaldea transmititu dut, sortetxea utzi dut eta enetzat beste etxe bat antolatu herrian berean, baina antolatu eta, harat joan naiz bizitzerat. Beraz, gauza horien egiteko behar dira, bista-bistakoa dena, lehen lehenik ideiak buruan prest izan eta, bigarrenik, behar da xantza ukan etxe huts baten aurkitzeko, eta ber denboran norbaitekin tratuan ari izan akomeatzeko eta transmisioa gauzatzeko. Ez da bidea beti errexa baina iragan daiteke.

Eta lagun batek erraten duen bezala, Ipar Euskal Herria hiltzen ari da mintza eskasagatik. Eta egia da mintzatuz eta solastatuz aterabideak aurkitzen direla.
Transmisioa prestatzeko momentoan, familiakoekin mintzatzea gaia adosteko molde bat da. Nik arreba bat badut, harekin izigarri errexki pasa da baina ez da beti hala gertatzen. Lehenik familian gauzak xabalean ezarri behar dira eta argitu. Eta gero, norberak beti badu lagun hurbilago bat, harekin mintzatuz, poliki poliki trukaketen zirkulua handi daiteke. Kasu guzietan, mintzatuz, batak bestearen esperientzia hazkurri gisa hartuz, hots laborariekin anitz partekatuz, eta ondotik hausnarketak eginez, gauzak egiten dira.
Laborantza munduan, transmisioa kausitzeko eraman gogoetek eta praktikek, zer irakaspen lagungarri ematen dute gure lurraldearentzat?
Ipar Euskal Herrian arlo ezberdinetan, diren egituren kudeaketa belaunaldiz belaunaldi segurtatzeko, bihar ere laborariak beharko dira… Eta ez bakarrik laborariak etxaldeetan eta etxeko lanetan, baizik eta egituretan eta urrats kolektiboetan. Hortako badira tresnak, ordezkatze zerbitzua, laborantza ganbara, sindikatua, etab. Horietan ere gazteek beharko dute inplikatu. Hola dira biharko laborantza eta biharko Euskal Herria eraikiko.
(*) Agerria etxaldearen transmisioa Landibarren, Kanalduderen erreportaia : https://kanaldude.eus/bideoak/6658-hurbiletik-agerria-etxaldearen-transmisioa-landibarren

by