Denen onerako ala guttiengo baten abanteiletan, Sivens bezalako egitasmo erraldoi eta ingurumenarendako kaltegarriak? Erantzuna argi da: enpresa pribatu eta politika gizon batzuren interesetan da. Hemendik aintzina, proiektoek Europako araudiak errespetatu beharko dituzte.
Frantziak bere kopia osoki ber ikusi behar du. Europar komisioaren abisua ezinago argia da. Hamar urte luzeetako ibilbide bihurgunetsuen ondotik eta sustut Rémi Fraisse militante ekologistaren heriotzearen ondorioz, europar komisioak Frantziari helarazi dizkio Tarn aldeko urtegiari buruzko oharrak. Bertan argiki dio komisioak Sivenseko urtegiaren proiektua «enpoiltze ekologiko ezinago larria» litzatekela, gaur egun aintzin ikusia den bezala burutzen bada. Txostena ateratu bezain laster, Bruselasek jakinarazi du Frantziaren kontrako prozedura bat martxan emaiten zuela Sivenseko urtegia dela eta. Balio du zinez txosten horren mamian sartzea. Gisa hortan europar komisioak dio proiektua pentsatzean eta sakontzean sekulan ez dela egiazko inpakto ekologikoa neurtu. Argiki diote urtegiaren bultzatzaileek guttietsi dutela inpakto akuatiko eta hidrologikoa. Ondorioz ekosistemaren apurtze harrigarria gerta litaikela ere azpimarratzen dute txostenean. Diote ere hamahiru metra gorako baradera eraikiz eta jakinez ez dela sekulan betea izanen, baradera arrain migrazioaren egiazko zepo bilaka daitekela. Bere kritiken oinarritzeko, Bruselaseko komisioa beste mota bereko proiektu batean finkatzen da : Sivensetik hurbil eraikia izan den Thérondeleko urtegian. Komisioak dio
baldintza hidrologikoak katastrofikoak direla bertan, ura gaizki biltzeaz gain, arrain bizia erabat desegin dela obra eraiki geroztik. Gisa hortako tarrapatan egin obrak ez dira batere beharrezkoak, europar ikuspegitik behintzat: gehiago erantzuten dute interes pribatu batzuri, interes orokorrari baino.
Guttiengo baten interesen alde
Dudarik ez, txosten horren ondorioak berri ontzat daukatela urtegiaren kontra borrokatzen diren guziek. Europak zilegitzat dauka beren oposizio kementsua. Alabainan harrigarri ere bada ikustea zer nolako diru publikoa xahutzeko prest diren (ziren ?) Tarneko kontseilu nagusikoak, soilik 24 laborari/arto egileen mesederako, nahizta hastapen batean dozierra bultzatzeko 80 bat laborariren interesa aintzinean eman zuten.
Nola ez aipa ere hastapenetik dozier hortan inplikatu den Catherine Grèze eurodiputatu ekologista. Hamar urtez bost aldiz alerta gorria eman zion bai parlamentuari, bai europar komisioari. Bere pozaren gainetik, ezin ukatu halere zer nolako denbora galtzea ere izan den afera hau. Alabainan xantierra jada aski aintzinatua da eta apurtze edo desegite ekologikoa kasik ezinbestekoa da, urtegiaren bi aldeetan.
Europaren stop horrek bederen xantiera erabat blokatu du mementokotz. Bainan ezin erran betirako gelditua den. Gauza segurtzat da halere, ezingo dela urtegia hastapenean ikusiaren heinekoa izan. Auzi politikoa orain Frantzian berean kokatzen da. Alabainan bi ikuspegik talka egiten dute mementoan bederen. Alde batetik Tarn eskualdeko Kontseilu nagusia, betiko proiektuaren akulatzaile fidela eta beste aldetik, kolore politiko berdineko Pariseko ekologia ministeritza. Royal ministroak argiki dio proiektua muinean arra ikusi behar dela eta alternatiba seriosago bat kontsentsuz atera behar dela. Hemendik aintzina, dudarik ez edozoin proiektu berrik Europako kriterioak errespetatu beharko dituela.
Proiektuaren blokatze horrek argirat eman ditu ere
betiko eta ohizko ibilmolde batzuren argitaratzeak,
hala nola enpresa eta kontseilu nagusi batzuen arteko
lobbying ikaragarriak.
Diru publiko eta pribatua
Proiektuaren blokatze horrek argirat eman ditu ere betiko eta ohizko ibilmolde batzuren argitaratzeak, hala nola enpresa eta kontseilu nagusi batzuen arteko lobbying ikaragarriak. Ikusi da ere mundu ultraliberalizatu
hortan gertatzen diren hurbiltzeak interes pribatu eta orokorraren artean. Ikusi da adibidez, Sivenseko urtegiaren lanetan ibiltzen diren enpresa pribatu batzu zuzenki eta deplauki diru publikoz finantziatuak eta lagunduak direla urte osoan zehar. Berez ez litaike egiteko molde osoki salagarria, puntaren puntan delako enpresa horiek beren irabazien parte bat inberti balezate sare publikoan. Ez da zoritxarrez holakorik aipu gauregun. Dozier minberatsu hunen itzuli osoa egitearekin, nehork ez daki xuxen nola bururatuko den. Sivenseko urtegia ez da segur hastapenean ikusiaren berdina izanen. Enpoilduak eta xehatuak izan diren bazterrak kasik betirako sakrifikatuak dira. Baditaike guttieneko zentzu onak azken finean gaina hartzea eta aterabide duin eta kontsentsuzko bat aurkitzea. Puntaren puntako galdera hauxe geldituko da: Hau guzia gisa hortan izanen eta bururatuko ote zen gazte ekologista baten heriotzerik gabe ? Ba, ez. Grenada ofentsibo batek ez balu Rémi Fraissen bizia akabatu, nehor guttik ez zuen jakingo ere Tarn eskualdean badela Sivens deitu gune bat eta urtegia proiektu bat. Agur eta ohore Rémi Fraisse.